Sarrera | |
Artisaua | |
Historia | |
Prezioak |
HISTORIA
DISKO FORMAKO ESTELAK
Artisau honek disko formako estelak egiten ditu. Baina, aurrera jarraitu baino lehen, azal dezagun pixka batean estela hauek zer diren eta nolakoak diren.
Estela bat, gertakizun edo hildakoren baten oroimeneez ipintzen den plaka bat da, inskripziorik eraman dezakeena (hilobiratutakoen izena, otoitz bat, epitafio bat, etab.). Plaka hauek, batzuetan, burualde biribila izaten dute, hau da, disko itxura.
Kristo aurreko bigarren eta lehen milurtekoetan penintsulan izan ziren indoeuroparrek bizimodu, errito eta sineskera berezi batzuk ekarri zituzten gure artera, Burdin Arora bitartean indarrean egon zirenak, eta penintsularen iparraldean aro honetako lepoko, apaingarri antropomorfo eta eguzki disko batzuk aurki ditzakegu. Horrelakoak ditugu, esate baterako, Santanderreko Museo Arkeologikoan ikusgai dauden Buelnako bailarako estela ikusgarriak, ia 2 metroko diametroko diskoa dutenak. Camón Aznarren esanetan, Kristo aurreko garaietan, tribuetako buruzagien hilobian egoten ziren kokatuta. Arabako San Andresko estelak beranduagokoak ditugu, baina badute Santanderrekoekin loturarik.
Aroaren hasieran desagertu egin ziren gure inguruetako disko formako harrizko estelak, eta IX. mendera arte ez ziren berriak aurkituko -hain zuzen ere ordukoak ditugu Argiñetakoak, Elorrion (Bizkaia)-. Baina XII. mendean estela ugari agertzen hasi ziren euskal lurraldeetan eta inguruetan, hain zuzen ere lehenengo tenplu kristau euskaldunen kanpoaldean kokaturik zeuden hilobietan.