Cesáreo Soule
CESÁREO SOULE
Hargintza
2002 / 11-29 / 12-06
Egilea: Antxon Aguirre Sorondo
 Sarrera
 Artisaua
 Historia
 Prezioak


ARTISAUA

Cesáreo Soule 1948an jaio zen, Arizkunen (Nafarroan). Bere aita, Bautista Soule arizkundarra, hargina zen, eta etxeetarako, kantoietarako eta dinteletarako harriak prestatzen zituen. 70 urterekin taila artistikoak egiten hasi zen, eta 84 urte bete arte aritu zen horretan lanean. Sei seme izan zituen, eta Cesáreok bakarrik erabaki zuen hargin izatea. 89 urterekin hil zen.

Bere aitona, Juan Soule, Irisarrin jaio zen (Nafarroa Beherean). Arizkuna joan zen bizitzera, eta bertan ezkondu zen. Hargina zen bera ere. Sei seme izan zituen, eta batek bakarrik hartu zuen aitaren lanbidea, Bautistak hain zuzen ere.

Cesáreori beti gustatu zitzaion hargintza, baina sorkuntza artistikorako zaletasuna beranduago sortu zitzaion. Hasiera batean igeltsero lanak egiten aritu zen, baina 29 urte betetzean gauza guztiak alboratu eta bete-betean hargintza artistikoan eta harrizko eskulturak egiten hastea erabaki zuen.

Cesáreo Elvira Garcíarekin ezkonduta dago, eta bi seme dauzkate: Álvaro (1992an jaioa) eta Víctor (1995an jaioa). Bi gazte hauek askotan aritzen dira beren aita imitatuz harria lantzen.

Errenteriako (Gipuzkoa) bigarren Artisautza Azokara joan zenen arrakasta handia izan zuen, eta horrek oso bultzada handia eman zion harria artistikoki lantzen jarraitzeko. Ezkutuak egiteko eskariak iristen hasi zitzaizkion, eta oraindik ere jasotzen ditu.

Bere etxearen azpialdean bere lanik adierazgarrienak eta elementu etnografiko desberdin ugari biltzen dituen museo txiki bat dauka; fosilak, txanponak, armak, tresnak eta milaka objektu gehiago dauzka erakusgai, eta ikastetxeetako ikasle eta partikular asko joaten dira bertara.

  Argazkia
1999ko ekainean bigarren saria eskuratu zuen Bergerac-eko (Frantzia) Eskulturako Nazioarteko Lehiaketan, eta 2001eko maiatzean ere bai.

Cesáreo kexu da instituzioek oso laguntza gutxi ematen dizkietelako artisauei. Gainera, ez dugu ahaztu behar beste industria guztiek bezala BEZa eta gainerako zergak ere ordaindu behar izaten dituztela. Penatan dago artisautzarekiko hain sentsibilitate gutxi dagoela ikustean. Izan ere, egunetik egunera gero eta artisau gutxiago daude, gazteek ez diote aritsautzari etorkizunik ikusten, eta lanbide asko galtzen ari dira. Ikusi bestela otzaragileen, zahatogileen, kandelagileen eta abarren kasua.

Bere lana

Prestatzen duen pieza edo eredu bakoitzaren lehenengo alea beretzat gordetzeko ohitura du Cesáreok.

Milaka egitasmo darabiltza buruan, baina ez dauka guztiak egiteko adina denborarik. Gaur egun enkargu bidez egiten ditu lanak.

Batik bat honako produktu hauek prestatzen ditu:

Piezak enkargatzen dizkion jendeak batzuetan ez du oso garbi izaten zehazki zer nahi duen, eta beraz beren ekarpenen eta Cesáreoren iradozkizunen artean beti iristen dira akordioren batera. Prezioa ere bien artean adosten dute, nahiz eta, argi dagoenez, artisauak beti izaten duen askatasunez erabakitzeko alde bat.

Duela gutxi, kamioi baten irudia zeraman disko itxurako estela bat egiteko eskatu zioten, hilerri baterako.

Cesáreok bezeroek nahi duten harrian egiten du lana, baina hauek askotan eskatzen diote bere aholkua. Ezkutuak egiteko Tafalla edo Pitillas Harria izenekoa gustatzen zaio, Tafalla eta Pitillas herrietako hareharri fina, eta baita Baztan Harri gorrixka ere, oso dekoratiboa baita.

Duela 15 urtera arte, Erratzuko errementariak egindako tresna tradizional batekin aritzen zen lanean. Tresna hori batzuetan ona ateratzen zen eta bestetan txarra. Baina behin batean widiazko punta zuten tresnak saltzen zituen gizon bat hurbildu zitzaion Iruñeko azokan, eta probatzeko batzuk utzi zizkion, eta Cesáreok hurrengo egunean bertan erosi zizkion probatzeko utzi zizkionak. Ordudanik, kalitatezko tresneriarekin aritzen da lanean. Eskultoreak dioenez, egunaren eta gauaren artean dagoen diferentzia bezalakoa dago lehen erabiltzen zituen eta orain erabiltzen dituen tresnen artean.

Harria lantzeko makina pneumatiko bat daukan arren, ez du erabiltzen, ez zaiolako gehiegi gustatzen. Nahiago du lana eskuz egin.

 Galeria
Bilatu Euskonewsen