![]() |
Sarrera |
![]() |
Artisaua |
![]() |
Produktuak |
![]() |
Prozesua |
![]() |
Prezioak |
ARTISAUA
![]() |
|
Pablo Iturgaiz bere lantegian. |
Indalecio Mañerun jaio zen (Nafarroa), eta Villaban hasi zen lan egiten. Gaztetan ikasi zuen upelgintza, lana besteentzat egiten, eta gero Pasaiara joan zen. Bertan, bazkide batekin batera, upelak egiteko fabrika bat zabaldu zuen gerra hasi baino lehen, "Iturgaiz y Momediano" deitua, eta hamar langile izan zituzten berentzat lan egiten. Ordaintzeko orduan, oso formula zuzena erabiltzen zuten: zenbat sortu, hainbat ordaindu.
Gerraren ondorioz, Bilbora joan behar izan zuten, eta bertan aitak, familia aurrera atera ahal izateko, sortzen zen edozein lanetan jarduten zuen: mendian zuhaitzak mozten, iturgin modura, etab. Gerra amaitutakoan, Iturgaiztarrak Pasaiara itzuli ziren eta tailer berri bat zabaldu zuten, baina beren kabuz.
Gure gaurko artisaua, Pablo Iturgaiz, 14 urterekin hasi zen aitaren tailerrean buru-belarri lan egiten. 16 urte zeuzkan gerra piztu zenean, eta 24 Pasaiara itzuli zirenean.
Pasaiako tailerrean ardo eta sagardorako barrikak egiten zituzten, bereziki Mexiko, Estatu Batuak eta Japoniara esportatzeko. Antxoa eta sardinak gatzetan jartzekoak ere egiten zituzten. Ardoak esportatzeko enpresek normalean upelak konpontzeko tailerrak izaten zituzten, baina berriak beraiei erosten zizkieten. Hortaz, "ardo saltzaileek" konponketak egiten zituzten, baina ez zituzten upel berriak egiten. Upelgile asko zeuden Gipuzkoan.
![]() |
Botiletarako edo sagardotegietako txotxerako kubeta. |
Pablok gogoan du igande askotan nola joaten zen bere aitarekin (honek 45 urte zeuzkanean) Leitzarango bailarara egurrak markatzera. Hantxe erosten zuten gaztainondo egurra. Leitzarango trena hartuta joaten ziren, baina beraiek jaitsi nahi zuten inguruan ez zuenez geltokirik, eskupekoa ematen zioten tren gidariari abiadura pixka bat murritz zezan, eta trena martxan zegoela jaisten ziren.
Ardotarako barrikentzat haritz amerikarraren egurra erabiltzen zuten, eta sagardoarentzat, aldiz, gaztainondoarena, haritzaren egurrak "buqué" (zapore) handiegia ematen diolako sagardoari.
Neurriak hauek izaten ziren:
Ardoz beteta esportatzen ziren barrikek 70-85-100-120 litroko edukiera zuten, eta noizean behin 225 eta 250 litro bitarteko "pipa erdiak" ere egiten zituzten.
![]() |
|
Pablo Iturgaiz. |
Beisser berniz fabrikarentzat 1.500 litro inguruko haritz egurrezko tina batzuk ere egin zituzten, beren itsasgarriak nahasteko.
Seme bat dauka, José Ignacio, noizean behin lanean laguntzen diona, alaba bat, eta bi biloba.
Baina Pablo Iturgaiz Hernaiz artisaua ez da bere bizitzan zehar upel eta barrikak egiten bakarrik aritu, horrez gain pintatzen eta Pasaitarra abesbatzan kantatzen ere ibili da. Bestetik, Donostiako Gaztelubide Elkarteak "urrezko barrika" eman zion San Sebastian eguneko danborrarientzako barrikak egiten egindako lana saritzeko, eta Gipuzkoako Merkataritza, Industria eta Nabigazio Bazkundeak Artisau Tradizionalaren Diploma eman zion 1991n (hain zuzen ere sari hori banatzen hasi ziren lehenengo urtean).