Sarrera | |
Artisaua | |
Produktuak | |
Prozesua | |
Prezioak |
PROZESUA
Upel bat egiteko, lehenik eta behin upa oholak prestatzen ditu Pablok, eta, horretarako, upelean sartuko den generoari egokituko zaion egurra aukeratuko du.
Artisaua, upa ohol bat prestatzen. |
Barrikak egiteko "zartatu" egiten da haritz amerikarra (quercus alba); hau da, upa oholeko zerroak paraleloan izateko moduan moztu behar da. Enborra barrutik kanpora moztu behar da, bestelakoan zerroak kurbatu egingo liratekeelako.
Artisaua bankueskuilean |
Upa oholak egiteko, artisauak asto edo banku batean kokatzen du pieza, eta marrazaz baliatuz (alde bakoitza desberdina du, bakoitza aurpegi batentzat) upa oholaren bi aurpegiak prestatzen ditu. Ondoren, aizkora eta eskoploarekin, upa oholaren alboak lantzen ditu, eta banku-eskuilean emango die azken ukitua (1,5 m.ko luzera du, eta upa ohola bertan etzanda jartzen da, marraza gora begira duela, horrela upelgileak, bere pisua aprobetxatuz, upa ohola beherantz bultzatuz, eskuilatu ahal dezan).
Upelak zati desberdinak dauzka: aho bakoitzak "burua" du izena; zatirik zabalenari "sabela" deitzen zaio, eta buruaren eta "sabelaren" artean dauden bi zatiei "lepoa" deitzen zaie. Hortaz, upel batek bi buru, bi lepo eta sabela dauzka.
Uztaiak ipintzen. |
Ondoren, Pablok su txiki bat pizten du, egurra "txigortzeko". Hori baino lehen, upa oholak busti egiten ditu, eta ondo bustita daudenean su arinean jartzen ditu, denbora luzean, biguntzeko, bukaeran ez daitezen puskatu.
Upela txigortzen ari den bitartean, upelgileak tapa edo hondoak egiten ditu. Tapa hauek (gaztelaniaz "témpano" edo "fondo" ere deitzen zaie) bururik gabeko iltzeekin ("fita" deitzen zaie) lotutako sailetan egiten dira. Bada, pusken artean lezka sartzen da, batik bat barrika horiek isurkariak edukitzekoak badira, estankatzeko balio duelako. Lezka, garai batean, Pasaiako paduretan hartzen zuten, baina orain Valentzian erosten dute.
Txigortzen. |
Kanpoaldeko alaka fintzeko, mozteko bankura eramaten da upela, eta hor, zeioarekin kolpatuz lehendabizi, eta estrobadorea izeneko eskuila kurbo batekin ondoren, barrualde guztia berdindu egiten da. Aldi berean, tapen ertzak sartzeko lekua ere zizelkatuko du.
Ondoren, ia ertzean dagoen kanala egingo du, tapak bertan sartu ahal izateko, "galtzadore" izeneko beste eskuila bat erabiliz.
Ertzak alakatzen. |
Burdina gogorragoa den arren, batzuetan komenigarria izaten da bi errematxe dauzkaten uztaien ordez egur edo zumezkoak erabiltzea, upelak lurrean arrastaka ibiltzean edo bata bestearen gainean pilatzean upa oholak kalte ez daitezen.
Gorputza prest dagoenean, tapa edo hondoak prestatu behar dira.
Kanala egitenl. |
Barrikaren ertzak prestatu dituen bezalaxe, orain taparen ertzak prestatu behar ditu, bi aldeetatik, angelu zorrotz bat osatu arte. Hau lehen banku berezi batean egiten zen, marraza baten laguntzarekin, baina gaur egun disko zerra erabiltzen da.
Tapak prest izatean, lehenengo bat ipintzen du, eta gero bestea. Lehenengoa ipintzea ez da ezer kostatzen, barrikaren alde biak libre daudelako, baina bigarrena ipintzeko, ordea, ese itxurako burdin bat erabiltzen du..
Ikaragarria da upelgile trebe honek lanean zenbateko zehaztasunez jarduten duen, baina, era berean, intuizioak ere garrantzi handia du. Horren adibide dugu kaleko hizkeran, gaztelaniaz, sarritan esaten den "a ojo de buen cubero" delakoa.