Álvaro Cebrián
ÁLVARO CEBRIÁN
Zurezko Jostailuak
2003 / 06 / 06-13
Egilea: Antxon Aguirre Sorondo
 Artisaua
 Produktuak
 Prozesuak
 Prezioak


ARTISAUA

Ez da honako hau gure aldizkarian jostailuak egiten espezializatuta dagoen artisau bat aurkezten dizuegun lehenengo aldia. Gogoan baduzue, 2002ko martxoaren 8an ateratako 158. zenbakian, beste baten berri eman genizuen. Oraingoan ezagutuko dugunak, ordea, jostailu ezberdinak egiten ditu. Álvaro Cebrián du izena.

K.a. VIII. mendearen bukaerako buztinezko jostailua, Gavalopmouri-ko hilobi batean aurkitua, Kisamos Kasteli-tik gertu, Kretan. Xaniako Museo Arkeologikoa (Kreta).
K.a. VIII. mendearen bukaerako buztinezko jostailua, Gavalopmouri-ko hilobi batean aurkitua, Kisamos Kasteli-tik gertu, Kretan. Xaniako Museo Arkeologikoa (Kreta).



Eta noiztik egiten ditu bada gizakiak "jostailuak"? Nire katuak, noizean behin, edozein gauza hartu (intxaur bat, hur bat), eta jolasean hasten da. Zentzu zabalean ulertuko bagenu, animaliek ere jostailuak erabiltzen dituztela esan beharko genuke, eta, beraz, gizakia existitu baino lehenagokoak direla. Hiztegiak dioenaren arabera, ordea, jostailuak haurrek jolas egiteko erabiltzen dituzten gauzak dira.

Ezagutzen ditugun jostailurik zaharrenak, aspaldiko haurrek helduei imitatzeko erabiltzen zituzten etxe tresnak, animaliak edo pertsonen miniaturazko kopiak dira. Dirudienez, Mesopotamian K.a. XII. mendean jada bazen jostailurik, eta gerora Egipto, Grezia eta Erromako kulturetan ere azaldu ziren. Oraindik ere erabiltzen dira: sinpleak edo artikulatuak, mugitzen direnak, arropa eta osagarriekin, edo gabe. Eta, teknologiaren garaian bizi garenez, badira baita motorra, urrutiko agintea eta beste milaka aurrerapen dituztenak ere. Baina, hala eta guztiz ere, zurezko jostailu sinpleek xarma berezi bat daukate, eta, horregatik, beti daude "modan". Hain zuzen ere horrelakoak egiten aritzen da gaurkoan ezagutuko dugun Álvaro Cebrián artisaua. Batzuk planoak egiten ditu, beste batzuk tornuan, eta beste asko bi moduak konbinatuz. Bere esanetan, Europan (Frantzian batez ere) eta Iparrameriketan zaletasun handia dago lanak tornuan egiteko, eta horregatik herrialde haietan egiten omen dituzte tornu bidezko produkturik onenak.

  Argazkia
Álvaro Cebrián Pérez Ourensen jaio zen, 1958an. Ikasketak egin ostean, artisautza ikasteko gogoa sartu zitzaion, eta 16 urterekin zura zizelkatzen hasi zen Santiago de Compostelan. Ondoren, Eusebio Sánchez tornulari tradizionalarekin, torneatzeko teknikak ikasi zituen. Ebanisteria ikastaroak ere egin zituen. Eta, bien bitartean dirua irabazteko, ikasten aritzeaz gain hainbat lanetan sartuta ibili zen.

1984an, esklusiboki zura lantzea erabaki zuen.

1990ean Gernikara joan zen, eta bertan torneatzen aritzeko tailer bat zabaldu zuen.

Aldiro-aldiro, tornulari tradizionalen biltzarretara joaten da, elkarri beren esperientziak kontatu, eta teknika berriak ikasteko.

Egurrezko autoak.
Egurrezko autoak.

Noizean behin torneaketa ikastaroak ematen aritzen da, eta gazteek izugarri gozatzen omen dute beren kabuz piezak egiteko gauza direla ikusten dutenean. Gehienek ziba bat egiten dute, gero berarekin jolasteko.

 Galeria
Bilatu Euskonewsen