Lander Urkia
LANDER URKIA
Zurezko Tailak
2003 / 07 / 04-11
Egilea: Antxon Aguirre Sorondo
 Sarrera
 Artisaua
 Ikastaroak
 Produktuak
 Bitartekoak
 Prezioak


SARRERA

Gizakiak erabilitako aurreneko lehengaia zura izan da: berotzeko, ehizatzeko, etsaiak uxatzeko, txabolak egiteko… Ziur txabola horietakoren batean norbaitek zerbait zizelkatu zuela harri zorrotz batekin. Horra hor lehenengo zizelkaria.

Gerora, zuraren manipulazioak agerpen artistiko ugari izan ditu Euskal Herriko artean, hala nola kutxetan, ateetako tailetan, etxeen teilatuetako hegaletan, altzarietan, irudietan eta erretauletan.

Izan ere, gure lurraldean oso zizelkari onak egon dira eta daude. Are gehiago, maitasun berezia zaio tailari, zurarekin egiten den lanari, lanbide hau duten artisauen kopuruak aditzera ematen duen bezala. Nolanahi ere, are adierazgarriagoa iruditzen zait zenbat eta zenbat diren zizelkatze lanetan zaletasun hutsagatik aritzen direnen kopurua.

EUSKONEWSeko aurreko aleetan jada aurkeztu dizkizuegu zura lantzen aritzen diren beste zenbait artisau. Besteak beste, honakoak datozkit gogora: 148. zenbakian Iñaki Alberdi (makilak), 158.ean Yosu Carballeda (jostailuak), 166.ean Fermín Anda (argizaiolak), 199.ean Pablo Iturgaiz (upelgilea), 201.ean Miguel Urroz (koilaragilea), 211.ean Angel Santos Ruiz (maketagilea), eta izan ditugu otzargileak, xisteragileak, eta abar ere.

Gaurkoan, oso gauza xume baina ederra egiten duen artisau batekin egongo gara: zura zizelkatzen aritzen da, eta kutxak egiten espezializatuta dago.

KUTXA

Kutxa, zurezko kaxa handi bat zen, tapa eta sarrailarekin. Baserri guztietan egoten ziren. Helburu ezberdinetarako erabiltzen ziren. Xumeenak, gehienetan tailarik gabeak, zezina eta urdaiazpikoak gatzatzeko erabiltzen ziren, edota aleak jasotzeko.

Politenak berriz, hau da, taila zoragarriz beteta zeudenak, familiak zeuzkan baliozko gauzak jasotzeko erabiltzen ziren: arroparik onenak, zeuzkaten bitxi apurrak, eta zenbait oroigarri pertsonal.

Familia batzuek bigarren bat ere izaten zuten, ganbaran gehienetan, hil zapiak, argimutilak eta hiletetako errituetarako gainerako elementuak jasotzeko.

Nekazarien eta erretoreen etxeetan, hamarrenak jasotzeko kutxa handi bat egoten zen. Batzuk oso handiak izaten ziren (1,9 m-ko altuerakoak, 2 m-ko zabalerakoak eta 0,6 m-ko hondokoak).

Antzina, lau hanken gainean egoten ziren guztiak, barruan sagurik sar ez zedin. Iltzerik gabe armatzen ziren, zurezko kisketekin, eta panalak normalean elkarri lotuta joaten ziren.

Gure kutxak XVI. mendetik aurrera lortu zuen bere nortasuna. Gaztainondoaren zurez egiten ziren, baina baziren haritz eta pagoaren zurezkoak ere. Oso dekorazio xumea izaten zuten, geometrikoak gehienbat, eta oso ugariak ziren izpiz betetako disko handiak.

Museoaren zuzendaria izandakoak, Gonzalo Manso de Zúñigak, XVIII. mendean kokatu zuen dekorazio artistikoen hasiera, hala nola loreak, hegaztiak, pertsonak edo zaldunak.

XIX. mendeaz geroztik, kutxek utzi egin zioten garatzeari, eta artisauek ordura arte zeuden ereduak errepikatu baino ez zituzten egiten.

Gaur egun ere kutxa zoragarriak egiten dira, baina dekoratzeko altzari bezala erabiltzeko bakarrik. Gainera, etxebizitza modernoetan jartzeko, aldaketa batzuk egin behar izan zaizkie: neurria txikitu egin da, eta tapa goialdean eduki beharrean aurrealdean jarri diote, gainean zerbait jarri ahal izateko, eta zabaldu behar den bakoitzean kentzen ibili beharrik ez izateko.

 Galeria
Bilatu Euskonewsen