Sarrera | |
Artisauak | |
Produktuak | |
Prozesuak | |
Prezioak |
PRODUKTUAK
Bi artisau hauek metal preziatu guztiak lantzen badituzte ere, zilarra da beren espezializazioa. Lana, ordea, ez dute seriean egiten; aitzitik, pieza bakoitza bakar eta berezia izaten da, eurek asmatutako diseinuekin: Guggenheim-en irudia daramaten eraztunak, eraztun laukiak, eta abar. Nolanahi ere, diseinu jakin bateko piezak egiteko enkarguak ere jasotzen dituzte.
Zaharberritze eta konponketa lanak ere egiten dituzte, enkargatuta betiere.
Gehienbat eraztun eta belarritakoak egiten aritzen dira. Zintzilikari, apaingarriak eta gainerakoak ere bai, baina gutxiago. Beren lanaren %60 eurek egindako produktuek osatzen dute, eta gainerako %40, berriz, konponketak eta zaharberritzeak izaten dira.
925 milareneko zilarra erabiltzen dute beren produktuak egiteko, "zilar fina" edo "plata de ley" delakoa, alegia. Izan ere, zilar garbia oso biguna denez, sendotasuna emateko beste metal bat erantsi behar izaten zaio. Kasu honetan, "zilar fina" lortzeko, kobrea da zilar garbiari gehitzen zaion metala: zilar garbiko 925 gramoko, 75 gramo kobre, hain zuzen ere.
Bi artisau hauek zuzenean zilar garbia erosteko ohitura daukate. Ez dira bigarren eskuko zilarra erostearen oso aldeko, besteak beste ez litzaiekeelako argi geldituko zilar horrek zilar garbiaren zein kopuru izango lukeen. Horretarako, laborategi batera eraman beharko lukete, eta nahiago dute denborarik horretan ez galdu.
Bilboko Alde Zaharrean duten dendatxoan eta artisautza azoketan saltzen dituzte beren produktuak.
Beren pieza guztiek zeinu bereizle bat daramate.