Sarrera | |
Artisauak | |
Produktuak | |
Prozesuak | |
Prezioak |
PROZESUA
Egin beharreko produktuaren eta erabili beharreko materialaren arabera, prozesua ezberdina izaten da.
Oraingo honetan aztertuko duguna, artisau hauek maizen jarraitzen dutena da; hots, zilarrezko eraztunak mikrofusio bidez egitekoa.
Horretarako, pauso hauek jarraitzen dituzte:
1.- Eredua prestatu.
Biak beraien lantegian lanean. |
2.- Moldea prestatu.
Erreproduzitu nahi duten piezaren eredua kautxuan sartzen dute, plastilina bezalako silikona batean. Kautxuari piezaren marka uzten zaio, eta, hau kentzean, zuloa gelditzen da bertan, egin beharreko piezaren negatiboa izango dena.
3.- Pieza argizarian egin.
Argizaria likidotzeko labetik, edota presiopeko airearen injektorearen bidez, argizaria ateratzen dute, moldean egindako zuloa betetzeko. Argizari hau hozten denean, egin beharreko piezaren argizarizko erreplika izango dute. Eragiketa hau banan-banan errepikatu beharko dute, egin beharreko pieza bakoitzeko. Ondoren, argizarizko piezak soldagailu batekin markatzen dute, elkarren artean ezberdin edo "esklusiboak" izan daitezen.
4.- Zuhaitza egin.
Jarraian, "zuhaitza" delakoa prestatzen dute; hau da, argizarizko ardatz baten inguruan, aurrez prestaturiko piezak ipintzen dituzte, baina elkarri ukitzen ez diotela. Zuhaitz baten itxura hartzen duelako ematen zaio ardatz adarkatu honi izen hori.
Limatzeko prozesua. Atzekaldean ikus dezakegu "zuhaitza"izandakoaren enborra. |
5.- Eskaiolaz bete.
Zuhaitza zilindro baten ipintzen da, hormak ukitu gabe, eta, kontu handiz, eskaiola berezi batez betetzen da.
6.- Husteko makinan sartu.
Airezko burbuilak -egotekotan- kentzeko, husteko makinan sartzen da eskaiola, eta bi orduz bertan uzten da, lehortzen eta gogortzen.
7.- Errekuntzarako labea prestatu.
Bai berotzeko, bai beroa mantentzeko, tenperatura eta denbora neurtzeko programak dauzkan labe berezi batean, urtu egiten dute argizarizko zuhaitza. Horrela, gero metal urtuz betetzeko zuloak lortzen dituzte. Labea oso tenperatura altuan ipintzen dute, gehienez jota 750º C-tan, barrualdean argizariaren arrastorik ez gelditzeko. Prozesu honek hainbat ordu hartzen ditu, piezak, kaltetu nahi ez badira, oso pixkanaka berotu eta hoztu behar izaten direlako.
8.- Zentrifugatzailean ipini.
Jarraian, zilindroa -gogoratu barruan, hutsean, zuhaitza daramala- zentrifugatzailean sartzen dute.
9.- Metala prestatu.
Bien bitartean, zilarra arragoan urtzen dute, butanozko soplete baten laguntzarekin. Urtutako zilarra ontzi txiki batean sartzen dute, eta zentrifugatzaileko zuhaitzaren alboan ipintzen.
10.- Zentrifugatu.
Zentrifugatzailea pizten dute. Moldearekin komunikatuta dagoen ontzi batean egoera likidoan dagoen zilarra, indar zentrifugoaren eraginez, moldearen barrualdean sartzen da, eta argizariak zuhaitzean hutsik utzi dituen zuloak betetzen ditu. Lan hau arin samar egin beharra dago, arragoak oso beroa egon behar duelako (500º C ingurutan) zilarra jasotzeko unean, hotza egonez gero ez baitu behar bezala jasoko.
11.- Moldea hautsi.
Kurrika batzuen laguntzarekin, moldea urez betetako ontzi batean sartzen dute, kanpoaldea desegiteko. Horrela, zilarrezko zuhaitza gelditzen da.
Eraztun bat haunditzen. |
12.- Piezak atera.
Zuhaitza hozten denean, bere adarrak banan-banan kendu, eta piezak ateratzen hasten dira (eraztunak, belarritakoak, etab.).
13.- Leundu.
Piezak, bukatutzat eman aurretik, limatu, lixatu eta leundu egin beharko dira.
Eraztuna leuntzen. |
Tresneria
Lanean aritzeko erabiltzen dituzten tresna eta elementu nagusiak honako hauek dira (aurrez aipaturiko ordenean):
· Kautxua bulkanizatzeko prentsa.
· Argizarien likuadorea.
· Huts ponpa.
· Labea.
· Urtzeko arragoa (butanozko sopletearekin berotzen da).
· Zentrifugatzailea.
· Leungailu birakaria.
· Leuntzeko bonboa.
· Eskuzko leungailu birakaria.
Gainerako lanak egiteko, beste hauek ere erabiltzen dituzte:
· Xaflak edo haria ijezteko makina.
· Hariak egiteko trefilagailuak.
· Ultrasoinuen garbigailua.
Eta, hauez guztiez gain, eskuzko ehunka erremintaz baliatzen dira. Konpainia egiten dien irratitxo bat ere badaukate.