Sarrera | |
Artisaua | |
Produktuak | |
Prozesua | |
Prezioak | |
Bibliografia |
ARTISAUAK
Florencio Torío García Palentzian jaio zen, 1924an. Lehen mailako ikasketak egin ostean, 12 urterekin Bernardo Criado jaunak Castromocho-n (Palentzia) zeukan larrutegira sartu zen lanbidea ikastera, eta 1945ean soldadutza egitera joan behar izan zuen arte aritu zen bertan lanean.
Egunero aritzen ziren lanean, larunbatak barne, 8etatik 12ak arte goizez, eta 3etatik 8ak arte arratsaldez. Igande goizetan, gurdia hartu eta herriz herri ibiltzen ziren, enkarguak jasotzen eta jada egindako lanak itzultzen.
Bere lehendabiziko soldata, eguneko 2 pezetakoa izan zen. Etxean bazkaldu, eta tailerrera itzultzen zen. Igande goizetan egindako lanagatik ez zioten deus ordaintzen, baina nagusiak berarekin elkarbanatzen zituen gurdian eraman ohi zituen hestebete, ogi eta ardoa.
Donostian egin zuen soldadutza (1945 - 1947), eta hau amaituta herrira itzulitakoan, beste bi urte eman zituen bere maisuarekin lanean. Aldi hartan 18 pezeta kobratzen zituen eguneko, eta ez zuen oporrik izaten.
1949an, nagusiak lana uztean, bakarrik gelditu zen tailerrean lanean.
1957an Diodora Garcíarekin ezkondu zen, eta hurrengo urtean beren lehendabiziko alaba jaio zen, Rosa María.
Larruzko zorroa. |
Inguru hartan gero eta traktore gehiago erabiltzen hasi zirela-eta lana gutxitzen zihoala ikustean, 1959an Donostiara joatea erabaki zuen. Lehendabiziko urteak etxe batean atezain gisa eman zituen, eta, tarteka, Donostiako Barona tailerrera joaten zen, uhalgile lanak egitera.
1960an Miguel Ángel bere semea jaio zen.
Bi urte geroago, 1962an, Florenciok utzi egin zuen atezain lana, eta larrutegi bat zabaldu zuen Secundino Esnaola kalean. 65 urterekin erretiroa hartu zuen, eta bere semeak hartu zion lekukotza.
Esan dugun bezala, Miguel Ángel Torío García, Florencioren semea, 1960an jaio zen, Donostian. Oinarrizko ikasketak Mariaren Bihotza ikastetxean egin ostean, Donostiako Amara auzoko Institutu Politeknikoan mekanika ikasi zuen, eta 16 urterekin aitaren tailerrean hasi zen lanean. Rosa Mª Santos Núñezekin ezkonduta dago, eta bi seme-alaba dauzkate: Ibai, 1992an jaioa, eta Eider, 1994koa.
Hona Miguel Ángelen tailerreko ordutegia: 9,30etatik 12,45ak arte, eta 15,00etatik 19,30ak arte. Larunbatetan itxita egoten da.