Argazkia
Asun Esnal
Bitxiak
2005/04/08-22
Egilea:  Antxon AGUIRRE SORONDO
 Sarrera
 Historia
 Artisaua
 Produktuak
 Prozesua
 Prezioak


ARTISAUA

Hernanin jaio zen (Gipuzkoa), 1960ko maiatzaren 8an.

1983an hasi zen artisau lanetan, Menorcan. Aliketa xume batzuen laguntzarekin, “mandalak” egiten zituen, letoizko hariz. Menorcako bitxigintza lantzen hasi zen (lepokoak, belarritakoak eta eskumuturrekoak), eta, aldi berean, metal gainean grabatze lanak egiten. Gainera, kotoizko hariak tindatzeari ere ekin zion, eta kakorratz lan eta larruzko poltsak egiten. Sormen eta esperimentuz betetako urteak izan ziren, non ohartu baitzen posible zela gustuko lana eginez bizitzea.

1985ean Hegoameriketan barna ibili zen: Perun, Ekuadorren, Brasilen, Argentinan, Guayana Frantsesean... Alde batetik bestera emandako urte hauetan, aliketak, tasak, mailuak, zilarrezko hariak, harri naturalak, zeramikak, haziak eta inguruan jasotako materialak izan zituen lanabes nagusi. Hauekin, belarritako, lepoko eta eskumuturrekoak egiten jarraitu zuen.

1989an Hernanira itzuli zen, eta, atsedenaldi baten ondoren, bere artisau jarduerari heldu zion, baina oraingo honetan azpiegitura eta material hobeekin.

1993tik 2000ra bitartean, artisautzako lanak egiten aritu zen bete-betean, eta etxean egindako produktuak artisautza azoketan eta denda espezializatuetan saltzen.

Vitoria/Gasteizen lepokoak egiteko ikastaro bat egin zuen.

1996 eta 1997an, bitxigintzako teknikei buruzko bi ikastaro trinko egin zituen Martuteneko (Donostia) Eskola Profesionalean, eta, horrela, sendotu egin zuen "artisau bitxigile" gisa zeukan esperientzia.

1998an su bidezko esmalteari buruzko ikastaro bat egin zuen Donostiako Okendo Kultur Etxean.

Garai honetan, artisauen hainbat elkarteko kide egin zen, konturatu baitzen merkataritzan zeuden gainerako eskaintzen aurrean bereizi eta babestu egin behar zuela bere jarduna. Menorcan artisauen "Es Castells" merkatutxoaren sorrera bultzatu zuen. Iruñako artisauak biltzen dituen "Elkar" elkarteko eta "Gabiltza, Gipuzkoako Artisauen Biltzarra"-ko kide da.

2000. urtean aldatu egin zuen artisautza azoketara joateko zeukan aspaldiko ohitura, eta denda-tailer bat zabaldu zuen Hernanin. Nolanahi ere, joaten da artisautza azoka batzuetara.

2002az geroztik, bere denda-tailerrean aritzen da lanean eta produktuak saltzen, enkargatzen dizkioten piezak prestatzen eta urrezko nahiz zilarrezko piezetan konponketak egiten.

Asun Esnal Muguruza
Larramendi 3
20120 HERNANI / GIPUZKOA
Tef. 943.330478

 Galeria
Bilatu Euskonewsen