Sarrera | |
Artisauak | |
Produktuak | |
Txokolatea | |
Boladuak | |
Pastelak | |
Prezioak |
ARTISAUAK
Hernaniko Adarraga sendiko gozogileen artean ezagutzen dugun lehena, Luis Adarraga Echaondo dugu, 1825ean Andoainen jaioa, eta Andoainen duela ez urte asko eraitsitako Bazcardo baserriko Juana Bautista Santa Cruzekin ezkondua. Sendian esaten zenaren arabera, Luisek zaldien kontrabandoari esker egin zuen dirua, bizilekua Hernanin kokatu baino lehen. Udalerri honetan, Saretxo-enea izenez ezagutzen den orubean, etxe bat eraiki zuen -gaur egun Kale Nagusiko 46.ean kokatua, Plaza Berriren aurrean-, eta bertan zabalduko zuen aurrerago denda. Baserrigilea ere izan zen, guztira 17 eraiki baitzituen Hernanin eta inguruetan: Sosperri, Gonagorri, Antonenea, Txanetea, Gurutxeta (sagardotegi bihurtua) eta Orkolaga, besteak beste, Hernanin, eta Barkaiztegi-bekoa Urnietan. Ofizialki, baina, "merkatari" gisa agertzen zuen bere burua.
Luis Adarraga oso gizon aurreratua zen bere garairako. Bi aldiz joan zen Parisa diligentziaz -beste garraiobiderik ez zegoen artean-, bidaia horiek benetako abenturak zirenean.
Luisen semeetako bat, José Adarraga Santa Cruz (1852an jaioa), etxabean kokaturiko dendan hasi zen lanean, Kale Nagusian, gozogile gisa. Denda horretan denetarik egiten zuten: asto batek mugiarazten zuen errota baten bidez ("Malakate sistema" delakoaz), txokolatea egiten zuten, kafea txigortu eta saldu, kandelak egin (normalean, handiak eta bilduminak), koloniak. Olioa ere saltzen zuten txikizkako salmentan, eta oihalak ere bai. Jostun bat ere izaten zen dendan, Carmen, jendeak enkargatutako arropak konpondu eta josten zituena.
Olioa, berriz, Alcañiz (Teruel) herriko merkatari bati erosten zion, zeina, aldian behin, olioz betetako ontziz zamatutako 40 astorekin joaten zen Hernanira. Eta bertan saltzen ez zuena, Errenteriara eramaten zuen. Esan beharra dago 1913an, urtean 1.000 litro olio inguru kontsumitzen zituztela hernaniarrek, ez oso kopuru handia biztanleak zenbat ziren kontuan hartuz gero. Izan ere, aldi hartan etxe guztietan hazten zuten txerririk, eta hauen koipea erabiltzen zuten janaria maneatzeko. Gainera, "olio gozoa" –horrela deitzen zioten oliba olioari- oso garestia zen ekonomia xumeentzat.
12 urte zeuzkanetik 70 urtetik gora zituela hil zen arte aritu zen Agustín Arana, Zestero ezizenekoa, Adarragatarren dendan lanean. Ulertzekoa denez, familiako kidetzat zeukaten.
Luisen beste seme bat, Ramón, nekazaritza ingeniaria izan zen, eta Palentzian ibili zen lanean bizitza osoan zehar.
Baina Adarragatarrak ez ziren Hernaniko gozogile bakarrak. 1890ean, gisa honetako beste hiru denda ere baziren udalerrian:
José Adarraga, Margarita Gorrochateguirekin ezkondu zen, eta bost seme-alaba izan zituzten. Hauetako bik jarraitu zuten gozogile eta txokolategile lanbidearekin: Luis Adarraga Gorrochateguik (1890 inguruan jaioa), eta bere anaia Josék (1899an jaioa). Azken hau, aitaren teknika hobetzeko asmoz, Francisco Elorriagak Irunen zeukan gozo eta txokolate dendan ikasle gisa hasi zen lanean, eta bi urte eman zituen berarekin. Francisco Elgorriaga, euskal txokolategileen artean aitzindaria eta ospetsuena, Zurich-en (Suitza) ibili zen ikasten Irunen lanean hasi aurretik. Josék bizikletaz egiten zuenez egunero Hernanitik Irunerako tartea, oso goiz esnatu behar izaten zuen.
Esan beharra dago Hernanik, aldi hartan, hazkunde garaia bizi zuela, bere lurretan faktoria garrantzitsuak kokatu baitziren. 1915ean, enpresa ospetsu ugari agertzen ziren bere industrien erroldan, bai beren ekoizpenen bolumenagatik, bai beren produktuen kalitateagatik: gailetak egiten zituen Royalta fabrika, barkilloetan espezializatua; Londaiz, Ubarrechea y Cia. irindegia, egunean 60.000 kilo irin ekoizten zituena; Daniel Pegasse-ren galdategia; Figueredo y Cía fabrika hidraulikoa; adreilu erregogorren Marqueze y Cía fabrika; Sansineneako ontzien elkarteak; Billarbateko paper orekoak; almidoien Remy fabrika; larrua ontzeko Fernando Montes y Ricardo Toledo; paperaren Gregorio Mendia y Cia., eta zerrategi mekaniko bat.
1931n, bi txokolategile besterik ez ziren gelditzen Hernanin: Adarraga Anaiak eta Julián Madina, zeinak Martín Fernándezek Kale Nagusiko 2. atarian zeukan lantegia jaso baitzuen oinordetzan. Biak ziren gozogile, konfitero, txokolategile eta kafegile.
1946. urtean, Luis eta José Adarraga Gorrochategui anaiak banandu egin ziren. Luis sendiaren makinaria tradizional guztiarekin gelditu zen, eta bere anaia Josék garai berrietara hobeto egokitzen zen ekipamendu berria erosi zuen.
Sendiaren genealogiara itzuliz, gogora dezagun Luis Adarraga Gorrochateguik hamaika seme-alaba izan zituela, baina batek ere ez ziola aitaren lanbideari jarraipenik eman. Tomasa Elizarán Ugalderekin ezkonduta zegoen bere anaia Joséren zazpi seme-alabetatik bik, berriz, bai: Luis Adarraga Elizaránek (1926an jaioa) eta Antton Adarragak (1929an jaioa). Azken hau dugu, hain zuzen ere, Hernaniko Adarraga gozo denda ezagunaren gaur egungo jabea.
1957. urtean José Adarraga Gorrochategui hil zenean, bere seme Luis Astigarragara joan zen, eta bertan gozo denda bat ireki zuen Luis osabak emandako makinariarekin. Txokolatea egitera mugatu zen, ez zuen kandelarik ez bestelako jarduerarik egiten. 1985ean, lanbidea utzi, eta komertzial lanetan hasi zen.
Antton Adarraga Elizarán Soledad Urnieta Arcelay hernaniarrarekin
ezkondu zen, eta bost seme-alaba izan zituzten. Hauetako bik, José
Adarraga Urnietak (1958an jaioa) eta Anttonek (1968an jaioa) sendiak gizaldi
batean zehar gozogintzari buruz bildutako jakinduria jaso, eta gozogileen
bosgarren belaunaldia osatu dute. Ezkonduta daude biak ala biak.
Adarraga sendiaren historiari emandako begirada azkar honekin amaitu baino
lehen, merezi du alderdi bitxi bati arreta pixka bat eskaintzea: bertako
kide batzuek sagardogintzan egindako ekarpenei, alegia. Luis Adarraga Echaondok
bost sagardotegi zeuzkan Hernanin, non txotxeko sagardoa saltzen baitzuen.
Etxabe arrunt batzuk izaten ziren, edo, besterik gabe, kupelak gordetzeko
teilapeak. Andrekalen hiru zeuzkan, Kardenenea eta Buskandoenea -ez dugu
hirugarrenaren izenarekin eman-, Nafarroako etorbidean beste bat, eta Serorenean
beste bat. Hauek guztiak etxabeetan zeuden kokatuta. Kantoien ere bazeukan
bat, baina azken hau estalpe bat besterik ez zen. Sagardoa hartzitzeko biltegia,
Urbieta eta Ispizua kaleen arteko ertzean zeukaten.
Txotxeko sagardotegi guztiek sagardoa "egina" zegoenean zabaltzen zituzten beren ateak, eta, guztia kontsumitzen zutenean, hurrengo denboraldira arte ixten. Baina José Adarraga Santa Cruzek ekarri zuen konponbidea: 1900. urtean inguruan, haritzaren zurez egindako sekulako kupela bat eraiki zuen, 100 sagar karga biltzen zituena, 15.000 bat litro alegia. José Elícegui Arana, Tudela goitizeneko gizon batek egin zuen Kupela handi hau, Tudela tabernako jabeen arbaso batek. Hain handia izatean upel bertikal hau, askoz ere denbora gehiago behar zuen sagardoak hartzitzeko, eta, horrela, gainerako sagardotegietan sagardoa amaitzen hasten zenerako, Josék erreserba hau zabaltzen zuen. Ulertzekoa den bezala, jende asko erakartzen zuen.
Jakingo duzuen bezala, sagarra bi urtean behingo fruitua da; hau da, urte batean oso emankorra izaten da sagarrondoa, eta hurrengoan oso eskasa. Horregatik, urte batzuetan sagardo ugari ekoizten zuten, eta besteetan oso gutxi. Irregulartasun hau konpontzeko, Luisen seme José Adarraga Gorrochateguiri ideia bikain bat bururatu zitzaion 1935. urtean inguruan, denborei aurreratu zitzaiena: hostopilak egiteko erabiltzen zuen izotzari esker, sagardoaren hartzidura artifizialki atzeratzen zuen. Hau gaur egun gauza arrunta bilakatu da izozteko teknika modernoei esker, baina garai hartarako aitzindaria zen erabat. Horretarako, Kupela handia kanpo zein barrualdetik ondo garbitzen zuen, eta San Juan inguruetan (ekainaren 24an), izotza botatzen zion gainaldean, zerrautsez inguratzen zuen, eta zakuz gero, uda igarotzeko. Horrela gordetzen zuten sagardoa, eskasia garaietarako. Eta hainbesteko arrakasta lortu zuen, eta ezen, urte batean, Erramu Igandean ireki zuela kupela, eta Pazko Iganderako hustu egin zuela; hau da, zortzi egunetan 15.000 litro saldu zituela txotxean. Aste Santu garaian askoz ere jende gehiago hurbildu ohi zen sagardotegietara.
Hori bakarrik ez. Xanpainarekin ere ausartu zen José Adarraga. Baionako
Lizeoan aritu zenez ikasten, oso ederki mintzatzen eta idazten zuen frantsesez,
eta, ezagupen horri esker, xanpaina nola egin ikasi zuen liburuetatik. Horrela,
3.000 litroko kupela batean, bi heren sagardo eta heren bat ur nahasten
zituen, eta noizean behin dena ondo nahasten zuen, hartzitzeko. Denbora
bat igarotakoan, azukre pixka bat eransten zion, eta gero botiletan sartzen
zuen produktua, hantxe bertan amai zezan hartzitzeaz. Gasaren indarraren
eraginez kortxoa atera ez zedin, trapu bat ipintzen zion sokaz lotuta -sokaren
ordez alanbrea erabiltzen hasi zen gero-. Modu honetan, kalitate bikaineko
xanpain etxekoia egiten zuen Antton Adarragak.
Ez da hau gaian gehiegi sakontzeko tartea, baina behintzat garbi geldi dadila
Adarraga sendiko belaunaldi guztien buru argitasun eta trebezia.
Esan daiteke Adarragatar sendiak beste inork baino hobeto sinbolizatzen duela Hernaniko artisauen merkataritza modernoaren jatorria. Horregatik, Kale Nagusian daukaten denda, duela mende bat, Hernaniko kaletarrek bilerak, trukeak eta merkataritza egiteko gune ez ezik, inguruko baserritarren topaleku ere bazen, Txirritan bere bertsoetan ongi azaldu zuen bezala:
"Astelenian Tolosan, asteartian Azpeitian, asteazkenian Billafrankan, ostegunian Hernanin, larunbatean Zumarragan, igandean paseatzen naiz andregaiakin Donostin". |
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali hurrengo elkarrizketetarako galderak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria