![]() | Sarrera |
![]() | Artisaua |
![]() | Produktuak |
![]() | Prozesua |
![]() | Prezioak |
PROZESUA
Lanerako honako material hauek erabiltzen ditu: hainbat buztin-mota (gorriak, beltzak…), lur erregogorrak eta batzuetan txamotak (erretako eta haustutako zeramika-materiala, deskoipeztatzailea delako erabiltzen dena).
Oso gustuko du irudimena lantzea eta garatzea, eta burura etortzen zaiona sortzen du bere eskuez. Batzuetan forma errazak dira, beste batzuetan prozesua konplexuagoa izaten da, ezin baitaiteke beti materiala planifikaturikora egokitu. Egin behar duen produktuaren arabera, material bat edo bestea erabiltzen du.
Kokik dion legez: “buztina hezi egin behar da, mimatu, eta buztin-mota bakoitzak bere zaintza eta ezagutza behar dituela ikasi: batzuk beste batzuk baino gehiago lermatzen dira, bestelako esmalteak eta erreketa-tenperaturak behar dituzte eta bestelako ehundura eta koloreak dituzte. Horregatik, beharrezkoa da sortzailearen eta materialaren artean benetako elkarrizketa egotea”.
Eta zera esan zigun jarraian: “batzuetan nire torneta hartu eta pieza lantzen hasten naiz, txurroz txurro, eskuz edo makilekin eta hortzekin modelatzen, pausoz pauso sortzen”.
Sorgintxoak egiteko erregogorra erabiltzen du; ontziak, koadroak eta beste eskultura batzuk egiteko nahiago du buztingorria, engobeekin, boraxarekin, judeako betunarekin, etab.
Orokorrean honako urrats hauek jarraitzen ditu:
1. Egin behar duen pieza aztertu eta diseinatu.
2. Tornuan egin behar bada, pieza torneatu eta gauzatu.
Gainerako lanak mahaian egiten dira. Hasieratik arreta handia izan behar da materiala, forma, tamaina, lodiera, lermatzea, erreketa-prozesua eta esmaltatu behar den ala ez aukeratzerakoan.
3.
Pieza labekatu egiten da. Erreketa-tenperaturak 980º C eta 1020º
C artean egon behar du buztinarentzat, eta 1260º C. erregogorrarentzat.
4. Material egokiekin margotu behar da pieza. Oso lan delikatua da, berriz
labekatzerakoan piezak amaieran zer tonu hartuko duen ez baitago jakiterik.
Hori esperientziarekin ikasten da.
Hondoetarako beira erabiltzen du. Horretarako hainbat koloretako beirak txikitzen ditu, edo koloregabeko beirak txikitu ostean esmaltearekin nahasten ditu. Horiek, ur gardenak bailiran, oso emaitza ederra ematen dute.
TRESNAK
Tornuaz gain, tresna sinpleak erabiltzen dira torneatzeko: ur-ontzia, belakia, puntzoia, modelatzeko makilatxoak, pita-zati bat, metalezko xafla malgua, larru-zati bat eta plastikozko ontzia.
Torneatzea pieza gauzatzearen alderdi bat baino ez da, akabera emateko beharrezkoa da beiratze-gunea eta labea.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria