Sarrera | |
Artisauak | |
Produktua | |
Prozesuak | |
Prezioak |
PROZESUAK
Beren pieza gehienak egurrezkoak dira: pieza zaharrak dira batzuk, zaharberritu edo modernizatuak, eta berriak, besteak, margotuak edo dekoratuak.
Prozesua osatzeko, honako urrats hauei jarraitzen diete, oro har:
1. Elementuaren garbiketa fisikoa
Elementua zer egoeratan dagoen, horren araberako tresnak eta metodoak erabiliz garbitu beharra dago.
2. Prestakuntza
Pieza garbi dagoela, eta harekin zer egin nahi den erabakitakoan, egonkortze tratamenduren bat eman behar izaten zaio, pipiaren kontrakoa adibidez, edo hautsitako piezak itsatsi edo piezaren itxura behar bezala osatzeko ordezko piezaren bat ezarri.
3. Tratamendua
Oro har, pieza garbitu, egokitu edo “konpondu” ondoren, oinarrizko pintura bat ematen zaio, poroak ixteko eta margotzeko gainalde egoki bat eratzeko. Pintura hori lehortutakoan, lizpaper fin batez leuntzen da gainaldea, eta, azkenik, hautsa kentzen zaio.
4. Polikromatzea
Elementuaren gainean, polikromatu nahi den irudia marrazten da, arkatzez. Gero, ur-pintura bereziak ematen zaizkio gainaldeari. Elementuren bat itsatsi behar bada -papera, oihala edo antzekoren bat-, orain da garaia.
5. Bernizatzea
Polikromatzea guztiz amaitutakoan, berniz gardena ematen zaio piezari gainetik, babesgarri modura, baina koloreak ez aldatzeko kontu handiz.
Piezaren atalen batean (edo pieza osoan) egurra berezko kolorearekin utzi bada, ongi garbitu eta zaharberritu ondoren, argizari geruza bat ematen zaio.
Decapé
Gure artisauek gustukoen duten tratamenduetako bat “decapé” deritzona da. Sistema hori Frantzian asmatu zuten, XVIII. mendean, Luis XV.aren erregealdian.
Frantses dekoratzaileek, sos askorik xahutu gabe etxeko dekorazioa aldatu nahi zutenean, altzariei jatorrizko pintura kentzen zieten (dekapatu) eta berriz margotzen zituzten; horregatik du teknika horrek “decapé” izena.
Teknikaren gakoa altzariak tonu argiz, pastel kolorez, kolore zuriz, grisez eta abarrez margotzea (edo berriz margotzea) da, eta, ondoren, gainetik lausotzea, piezaren distirak ezabatzeko.
Horrela tratatutako piezek itxura aldi berean zahar eta moderno berezi bat hartzen dute; ikusteko oso atseginak dira, eta nolabaiteko gaurkotasun kutsua hartzen dute.
Tratamendu hau egiteko, honako hauek behar dira, piezaz gainera: lizpapera, pintura plastiko mate zuria, grisa edo beste kolore argiren batekoa, teila koloreko olio-pintura, latexa -azken bainua emateko-, zurgin argizaria, barautsak eta pintzelak.
Materialak
Erabiltzen dituzten materialei dagokienez, bi sail bereiziko ditugu: suntsikorrak eta lanabesak.
Lehen sailean honako hauek sartzen dira: pigmentuak, kolak, lizpaperak, egurrezko xaflak (zaharberritzeko), akuarelak, bernizak, olio-pinturak, tenperak, anilinak, olioak, lurrak, argizariak, disolbatzaileak, aglutinatzaileak, erretxinak, pipien kontrako produktuak eta beste gai kimiko batzuk.
Bigarren sailari dagokionez, ez dituzte lanabes asko erabiltzen. Oro har, barautsak, ebakitzaileak, guraizeak, bihurkinak, arkatzak, kurrikak, etab.
Hiru makina elektriko eramangarri dituzte: zulagailua, inguratzeko zerra eta lizamakina... eta irratia.
Eskoletara, ikasle bakoitzak bere brotxak eramaten ditu, eta gainerako materiala (lizpaperak, pinturak, kolak eta abar) gure artisauak jartzen ditu.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria