Historia

Honako hau dio hiztegiak dultzainari buruz: “haizezko musika-tresna da, herrikoia, oboearen antzekoa eta oso soinu ozenekoa”.

Wikipediak dioskunez, Mesopotamian, K.A. 3.000. urtean, gure dultzainaren aurrekotzat jo litekeen elementu bat erabiltzen zen. Mihia zuten haizezko tresnak ziren, abub izenekoak. Geroago, greziarrek auloak erabili zituzten, eta erromatarrek, tibiak.

Penintsulan Alexandreren Liburuan agertzen dira (XIII. mendea), albogue izenarekin, eta “El Quijote” liburuan, chirimia eta dulzaina bereizten dira. Lehena 50-60 cm ingurukoa da, eta bigarrena 30-40 cm ingurukoa.

Eskuarki zurezkoak edo metalezkoak izaten dira, kanaberazko mihi bikoitzarekin; aurreko aldean sei zulo izaten dituzte eta atzeko aldean bakarra, ezkerreko eskuko erpuruaz estaltzeko edo irekitzeko. Ez dauka giltzarik, eta txirularen antzera antolatuta dago; bi zortzidun osoko luzapena dauka, tarte kromatiko guztiekin.

Alberto Artal
Luthierra eta dultzaineroa

Antxon AGUIRRE SORONDO

Alberto Artal
Zamakola 1-4.-E
48003 BILBO
Telefonoa: 94 415 82 30
Posta elektronikoa: arconico@yahoo.es

Eibarko dultzaineroa (inauterietan)

Eibarko dultzaineroa (inauterietan).
Argazkia: Antxon Aguirre Sorondo.

Sarrera

Musika-tresnak egiten dituen artisauari LUTHIER deritzo. Aurretik ere, atal honetan inoiz jardun dugu horietako batzuei buruz. Honako hauek ditugu gogoan, besteak beste:

· José Antonio Martínez Oses eta María Ocio Ugartondo, alboka- eta txalaparta-egileak (EUSKONEWS 156. zk.).

· José Manuel Aguirre, dultzaina-egilea (EUSKONEWS 203. zk.).

Gaur beste luthier bat ekarri dugu gure artera, bera ere dultzaina-egilea: Alberto Artal. Halere, José Manuelek zurezko albokak egiten zituen eta Albertok, aldiz, metalezkoak egiten ditu.

Artisaua, Alberto Artal, lehenengoa ezkerretik, lehen planoan

Artisaua, Alberto Artal, lehenengoa ezkerretik, lehen planoan.

Artisaua

Alberto Artal Areta, gure artisaua, Bilbon jaio zen 1947ko otsailaren 24an.

Musikazaletasuna 7 urte baino ez zituela etorri zitzaion, garai horretan hasi baitzen solfeoa ikasten. 22 urterekin dultzainari ekin zion.

Luthier jarduerari dagokionez, kasualitatez sortu zela esan liteke. 1971n bere lehen dultzainak erosi zituen, Julian Sodupek (Motte) Zarauzko musika-denda baten egindakoak, eta hainbat dultzaina-egileri bisitak egiten hasi zen. Garai hartan tresna hori oraindik normalizatzeke zegoenez, bat bere kontura egitea erabaki zuen, pita eta guzti, eta emaitzak gustura utzi zuen.

Bizkaiko dultzaina. Egilea: Alberto Artal

Bizkaiko dultzaina. Egilea: Alberto Artal.

Hortik aurrera etengabe jarraitu du dultzainak egiten, baina beti ere zaletasun hutsez eta lagunentzat.

Hainbat artisau-azoketan parte hartu du, hala nola, Portugaleteko urteroko Azokan, Bermeokoan eta beste batzuetan.

Gainera, dultzainen munduari lotutako hainbat lan idatzi ditu. Adibidez, Domingo Arza Lecanda Enkarterrietako azken dultzaina-joleari buruzko Gordexolako dultzaina (Enkarterrietako Museoaren Edizioa) idatzi zuen, eta Iñaki Zunzunegi eta Iñaki Zorrillarekin batera Bizkaiko dultzaina (Bizkaiko Foru Aldundia).

Gaur egun zurezko dultzainak ere egiten ditu. 2007an ekin zion lan horri, baserri batean agertu zen sei zulotako dultzaina bat oinarri hartuz. Barruko tutua estua du, eta horrek beste musika-tresna batzuekin batera jotzeko aukera ematen dio, soinu-maila apalagoa daukalako eta gaita edo dultzaina baino goxoagoa delako. Gaur egun zazpi zulokoa egin ohi da.

Alberto Artal Portugaleteko Elai Alai dantza-taldeko kidea da, bai eta Bizkaiko hainbat dantza-taldetatik datozen hainbat musikarik osatzen duten Bizkaiko Dultzaineroak taldekoa ere. Gehienak txistua jotzen hasi ziren, baina dantza-taldeei laguntzeko eta hainbat pieza herrikoi (Larrain Dantza, Cortesko Dantza, etab.) jotzeko dultzaineroak behar zirela eta, gaita edo dultzaina ikastea erabaki zuten.

1994an Bizkaiko Dultzaina lana kaleratu zuten, aspaldiko dultzaineroen (Juan Bilbaoren, Patxi Bilbaoren, Juan Aiesteren eta abarren) melodiak berreskuratzen eta biltzen zituena.

Gaur egun honako kide hauek osatzen dute taldea: Antón Bretos, Iñaki Zunzunegi, Iñaki Zorrilla, Pedro Kortabitarte eta Alberto Artal (dultzaina), Aitor Serrano eta Izaskun Legarreta (akordeoia), Jon Ander Madariaga (danborra), Aitor Gorostiza (panderoa) eta Mikel Maguregi (perkusioa).

Alberto Artal

Dultzaina egiteko prozesua

Dultzainaren osaera azaltzeko bi zati bereiziko ditugu: alde batetik pita dago, hau da, tresnaren gorputzetik bereiz daitekeen goiko aldea, hondatzen denean berehala aldatzeko modukoa; eta beste aldetik dultzainaren gorputza bera.

Pitak hiru zati izan ohi ditu: estragula edo kanabera, tutua eta tudela.

Estragula edo kanabera, kanaberazko bi mihiz osatuta dago; simetrikoak baina elkarren artean independenteak dira, eta hariz edo alanbrez lotuta egoten dira. Kanaberak kontuz aukeratu behar dira: ilbeheran moztu ohi dira, neguan, eta beti ere aurreko egunetan euririk egin ez badu. Kanabera hauek egiten benetako espezialistak daude.

Azpian diametro handiagoa duen zati bat izaten du, bertan kanabera ezartzeko: tutua da.

Azpian tudela dago, hau da, gorputzari lotuko zaion zatia. Metalezko tutu koniko bat da eta gainean jartzen zaio kanabera.

Gero, dultzainaren bigarren zatia dator. Hiru zatiz osatuta dago: kubiletea, gorputza eta kanpaia, goitik behera.

Kubiletea goiko zatia da, eta bertan sartzen da presioz tudela kanaberarekin.

Gorputza dultzainaren erdiko zatia eta handiena da. Bertan daude aurrealdeko 7 zuloak eta atzealdeko zulo bakarra, hatz txikiaz estaltzen dena. 18 cm inguruko luzera izaten du.

Aspaldian dultzainak zurezkoak izaten ziren, inguruan zegoen zuraren arabera. Gure inguruan, sagarrondo-, madariondo-, arte-, ebano- edo ezpel-zurez egiten ziren. Gaur egun artisau askok polimero-erretxinak erabiltzen dituzte, tenperatura-aldaketak hobeto jasaten dituztenez, afinatzeko errazagoak dira eta.

Gure artisauak metalezkoak egiten ditu.

Kanpaia da azken zatia. Tresna horrekin duen antza dela-eta deitzen zaio kanpaia, eta 5,5 cm-ko diametroa eta 9 cm-ko luzera izan ohi du, alde bakoitzean zulo bat duela.

Esan behar da dultzainak musikariaren eskuen neurrira egiten direla, eta pertsona eskuina edo ezkerra den ere aintzat hartzen dela.

Gaur egun Bizkaian egiten diren dultzaina gehienak metalezkoak izaten dira, laserrez mozturiko letoizko gorputzez eginak. Gero zilarrezko soldadura egiten zaio, eta zuloak egin eta pitak atxikiko diren kubileteak kokatzen dira.

Ahokoak edo pitak egiteko, mihiak edo kanaberak higatu eta afinatu egiten dira. Tudelak alpakazkoak izaten dira eta txantiloien bidez mozten dira. Ondoren, mutur borobileko aliketaz okertzen, tresna batean moldekatzen eta zilarrezko soldaduraz soldatzen dira.

Goiko aldean zulo obalatu bat izaten dute, kanaberarentzat. Behe aldea zabalagoa da, geroago txertatuko den kubiletearen diametroaren antzekoa izan behar du eta. Gaur egun, tudela eta kubiletea atxikitzeko kortxoa erabiltzen da (aspaldian iztupa erabiltzen zen).

Irakurleen iritziak:

Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media