Prezioak

Prezioari dagokionez, artikuluaren araberakoa izaten da. Arruntenek 5 euro balio ditzakete, eta galtzerdi edo txalekoek, adibidez,  18 euroraino.

Vitoriano Arzuaga Saldias
Irulea

Antxon AGUIRRE SORONDO

Vitoriano Arzuaga Saldias
31752 URROTZ / NAFARROA
Telefonoa: 948 45 19 03

Vitoriano Arzuaga Saldia

Sarrera

Garai batean, gizakiak ehizatutako animalien larruak erabiltzen zituen hotzetik babesteko.  Abeltzain bihurtu zenean, abereek emandako artilea erabiltzen hasi zen. Eta nekazari bihurtu zenean, kotoia aurkitu zuen. Ordudanik, jantziak eta etxeko oihalak egiteko, artilea eta kotoia erabili ditu. Batzuetan, biak erabili izan ditu jantzi berean.

Artisaua

Vitoriano Arzuaga Saldia

Victoriano Arzuaga Saldiasek iruletzat (edo hari-egiletzat) du bere burua. Arbasoengandik jaso omen zuen lanbidea.

Vitoriano Urritzen (Nafarroa) jaio zen, 1925eko ekainaren 6an. Aitak Francisco Arzuaga Iribarren zuen izena eta amak Maria Saldias Saldias. Biak laborariak ziren. Guztira 8 anai-arreba izan ziren, 3 mutil eta 4 neska, eta bera zaharrena: Vitoriano (1925), Juan (1926), Julia (1927), beste arreba bat (1928), José (1930), Lorenzo (1931), Petra (1933) eta María (1935).

Txiki-txikitatik lan egin zuen baserrian, soroan, ardiak zaintzen (beste batzuenak, haiek ez baitzuten ardirik) eta mendian egurra edo ikatza egiten, normalean inguruko herrietan (Labaienen, Donamarian...). Gerraren ostean, etxetik kanpo lan egin zuen, sos batzuk irabazteko. Gauez, berriz, amari lagundu ohi zion iruten.

Soldadutza 1946ko kintan egin zuen, Irungo Mendi Ehiztarien Batailoian.

Oso fededuna da eta bidaiatzea beti izan du gogoko. Bartzelona, Erroma eta Israel bisitatu ditu, besteak beste.

Ezkongabea da.

Baserritik gertu dagoen etxola batean lan egiten du. Lan egiten duen bitartean, atsegin du irratia entzutea.

Vitoriano Arzuaga Saldia

Produktuak

Honako produktu hauek egiten ditu: txanoak, txalekoak, galtzerdiak (zapiñak), partañak (antzina galtzerdien ordez erabili ohi ziren artilezko oihalak), buru-berokiak, azpantarrak, neguan gainean jartzeko prakak (“oso beroak dira”, dio...) eta baita gaur egungo gauzak ere: haurrentzako kuleroak, bularretakoak, tangak, zakil-zorroak (telefono mugikorra, lapitzak eta antzekoak gordetzeko ere balio dute) eta abar. Ezkondu aurreko agur-afarietan erosi ohi dizkiote horiek. Lagun-taldeek zozketatu egiten dituzte, euro batean (adibidez) saltzen dituzten txartelen bidez. Horrela, ondo pasatzen dute, produktua ordaintzen dute eta diru pixka bat ere irabazten dute.

Produktuak azoketan saldu ohi ditu (Gipuzkoan Nafarroan baino gehiago), eta etxera ere joaten zaizkio erosleak.

Inguruko beste bi artisaurekin batera joaten da azoketara, Miguel Urroz koilaragilearekin (Euskonews 201 zk.) eta Juan Pedro Goñi kaikugilearekin (Euskonews 303 zk.). Lehenago, Florentino Goñi uhalgilea ere joaten zen haiekin, baina dagoeneko erretiratuta dago.

Prozesua

Latxa ahariaren artilea erabiltzen du bere lanean, emearen artilea baino lodiagoa, sendoagoa eta luzeagoa baita. Bestalde, artile beltza zuria baino gogorragoa da.

Vitoriano Arzuaga Saldia

Ahariaren artilea onena da, baina esan beharra dago artile mota horretan ere desberdintasunak daudela: batzuk besteak baino hobeak dira, eta denak ez dira onak.  Horrek ez du esan nahi ardi emearen artilearekin jantziak egiterik ez dagoenik. Izan ere, antzina, hala egiten zuten baserrietan. Eskura zeukatena erabiltzen zuten, “halabeharrak eraginda”.

Gaur egun maiatzean mozten zaie ilea ardiei. Antzina, ordea, Santiago jaiaren (uztailaren 25aren) ondoren moztu ohi zieten. Uztailean moztutako artilea hobea da lantzeko, “solteago baitago”.

Moztutakoan, artilea uretan jartzen da. Garai batean ibaian murgiltzen zuten, eta gaur egun terreina batean. Ondo garbitzeko 5 bat orduz egoten da uretan; ondoren, xukatu eta eguzkitan lehortzen da. Vitorianok dendan erositako xaboi-hauts pixka bat bota ohi dio urari.

Ahuntz-ileak ez du balio, motza eta txikia baita.

Ondoren, artilea haga batez jotzen da, harrotzeko helburuz.

Hurrengo lana haria egitea da. Horretarako iruteko ardatza erabiltzen du (koroia ere esaten zaio eta, beste leku batzuetan, maratila edo txabila). Horretarako, artile sorta bat hartu eta mutur bat eskumuturrean eta bestea ardatzaren larakoan lotzen du. Bertikalean jarritako ardatzaren pisua aprobetxatuz, artilea hatzez bihurtu eta birarazi egiten du, hari-zuntzak elkartuz eta hari lodi etengabea sortuz.

Erabili behar ez duen artilea armairu batean gordetzen du, behar besteko denboraz. Armairu horretan ereinotza ere jartzen du (lehenago tabakoa erabiltzen zen) sitsak sar ez daitezen.

Jantzi zuriak egiteko artile zuria erabiltzen du, jantzi beltzak egiteko artile beltza, eta jantzi grisak egiteko biak nahasten ditu.

Haria prest duenean, nahi duen jantzia egiteari ekiten dio. Horretarako bi orratz erabiltzen ditu (gaur egun plastikozkoak dira) txaleko bat edo bestelako jantzi lauak egiteko, eta lau orratz jantzi tubularrak egiteko, adibidez galtzerdiak.

Irakurleen iritziak:

Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media