Sarrera | |
Artisaua | |
Produktuak | |
Prozesua | |
Lanabesak | |
Prezioak |
ARTISAUA
Oitzen jaio zen, 1937an. Hamar senide ziren. Laboraria zuen aita. Juan Pedro, 8 urterekin, Elgorriagara bidali zuten, artzain. Handik urtebetera etxera itzuli zen, eta eskola eta artzaintza uztartu zituen.
14 urterekin, mendira joan zen lanera, zura mozten zuten anaiekin batera. Juan Pedro sukaldari lanak eta beste zenbait zeregin egiten zituen hasieran.
Ia urte osoa ematen zuten mendian lanean, otsailaren bukaeratik edo martxoaren hasieratik, Santa Luziara bitartean (abenduaren 13). Elurra edo eguraldi txarra zela-eta mendien goialdean lanean aritzerik ez zegoenean, bailaretara jaisten ziren. Negu gorrian baizik ez zioten lan egiteari uzten.
Egunsentiarekin batera esnatzen ziren -udan, batzuetan, goizeko lauetan-, eta ogia (garizkoa) eta ardoa hartzen zituzten gosaltzeko. Gizon bakoitzari eguneko litro bat ardo ematen zitzaion. Gehiago nahi izanez gero, ordaindu egin behar zuen.
Goizeko zazpietan, ogia eta ardoa hartzen zituzten berriz ere, lanean ari
ziren lekuan. 9 eta 9:30ak artean, babak -bakarrik edo patatekin-, ogia
eta ardoa. Baba handiak ziren edonola ere, ez gaur egun jaten ditugunak
bezalakoak. Eguerdian, babak berriro ere. Eta, askari gisa, ogia eta ardoa.
Gauean, baba eta pataten zopa -patatak, batzuetan, oliba olioan frijituta-,
gazta, ogia eta ardoa.
Lanean aritzen ziren inguruetan hurritzaren makilez eraiki eta garoz estalitako
txaboletan egiten zuten lo. Kamainak ere hurritzaren makilez eta hosto pilaz
eginda zeuden, eta bi manta izaten zituen bakoitzak, gainean bata eta azpian
bestea, eta gainean biak negu partean. Burko modura, edozein arropa jartzen
zuten.
Herrira larunbat arratsaldetan jaisten ziren, igandean mezatara joateko. Astelehenean, goizean goiz, gora igotzen ziren berriro, egunsentiarekin batera lanean hasteko.
Garai hartan Juan Pedrok ez zuen ezertxo ere kobratzen, bere anaientzat aritzen zelako lanean. Inoiz edo behin eskupeko bat jasotzen zuen; gainerakoa alargun gelditu zen amari ematen zion.
17 urterekin, beste ugazaba batentzat hasi zen lanean, Etxalarko mendietan. Bere lehendabiziko soldata, hilean 17 durotakoa izan zen (85 pta.).
18 urterekin, Frantziako mendietara joan zen lanera. Soldaduska egiteko itzuli ostean, Frantziara itzuli zen, eta 27 urte bete arte egongo zen han.
Frantzian askoz ere hobeto elikatzen zen: patatak, babarrunak, garbantzuak, urdaia, haragia (igandeetan), arrautzak, eta abar. Jende askok arrazoi honengatik jotzen zuen Frantziara.
27 urte zituenean, kamioi bat erosi zuen, eta 63 urterekin erretiroa hartu arte, garraiolari lanetan ibili zen, 36 urtez.
Ezkonduta dago, eta hiru alaba eta bi biloba ditu.
63 urterekin hartu zuen erretiroa. Orduan, entretenitzeko zerbait egin nahi, eta zurezko aizkorak egiten hastea pentsatu zuen, bere anaia Eustaquiok egiten zituenak bezalakoak; hots, apaingarri moduan ipintzeko aizkorak, herdoiltzen ez zirenak, arinak. Lagun batek, baina, zurezko kaikuak egiteko gomendioa luzatu zion.
Oitzen bertan jaiotako Juan Bertizek irakatsi zion teknika. Honi, berriz, bere semeek erakutsi zioten, eta hauei Francisco Larrechea Bereau (1920an jaioa) sumbillatarrak. Honek bere aitarengandik ikasi zuen, eta aitak aitonarengandik.
Horrela, Larrechea sendiaren irakaspenak Juanen semeengana igaro ziren, hauek aitari erakutsi zioten, eta Juanek gure gaurko artisauari. Gero, esperientziari esker, produktua hobetzen joango da.
Lanabesak eskuratzeko, Juanek hiru pieza utzi zizkion gure artisauari, Arizkungo Pedro Zapata errementariari eraman baitzizkion bereak, berdin batzuk egin zitzan. Pedrok ikusi egin zituen, irudi batzuk egin, eta, hauetan oinarrituz egin zituen bereak. Pixkanaka, gero eta lanabes gehiago lortzen joango zen, baina lehendabizi hiru haiekin hasi zen lanean.
Juan Pedro Goñi Tellechea Martixpenea etxea 31751 OITZ / NAFARROA Tef. 948 45 01 77 |