Argazkia
Juan Pedro Goñi
Kaikugilea
2005/06/03-17
Egilea:  Antxon AGUIRRE SORONDO
 Sarrera
 Artisaua
 Produktuak
 Prozesua
 Lanabesak
 Prezioak


PROZESUA

Zura Frantziatik ekartzen du. Produktu hauek egiteko urkiaren zura besterik ez du erabiltzen, egur mota honek ez duelako likidorik xurgatzen. Zura oraindik orlegia dagoela lantzen da.

Juan Pedroren esanetan, ilgoran moztu behar da egurra, neguan edo udan, beste garai batean eginez gero usteldu egiten delako. Zura neguko ilgora mozten bada, piezak askoz ere denbora gehiago iraungo du horitu gabe, gehienez ere hiru hilabete neguan, gero belztu eta usteldu egiten baita. Pieza egiten hasteko ez dago zertan itxaron; moztu orduko has daiteke berarekin lanean, baina betiere hiru hilabete igaro baino lehen neguan, eta apur bat lehenago udan.

Lehenik eta behin, motozerra hartu eta behar duen adarra mozten du. Ondoren, konpasaren laguntzaz, piezaren goialde eta azpialdea markatzen ditu.

Zerrarekin, alde batean heldulekua non joango den zehazten du, eta pieza zurezko tornuzil handi batean eusten du. Aizkoraz kolpatzen duen nylonezko mailuarekin, azala kentzen joaten zaio.

Gero, marraza batekin ("auzia" edo "azia"), piezaren kanpoaldea lantzen hasten da.

Ondoren, aurrez busti egin dituen makila batzuen artean ("urka") sartzen du pieza, hobeto eutsita geldi dadin. Hor, zulo bat egiten dio barruan birabarki edo taratuloarekin, eta ondoren, trintxa eta mailuarekin, zulo hori handitzen joaten da. Bien bitartean, heldulekua prestatzen hasten da.

Makila baten eta errakia izendatzen duen erreminta baten laguntzarekin, denbora gehien eskatzen duen lanari ekiten dio: barrualdea prestatzeari alegia. Errakia, kirten luzeko burdin bat da, amaieran "C" itxura duena. Horrela, kaikuaren barrua husten joaten da. Kontuan izan behar duzue makila hori gerrian eusten dela, eta gerriarekin bultzatzen dela aurrera eta atzera puntan duen erreminta. Beraz, gorputza da indarra egiten duena; eskuek, bien bitartean, erreminta gidatzen dute.

Lehen gorostiaren zurez egiten zuten makila, baina orain landarea babestuta dagoenez, hurritzaren zura hartzen dute.

Zuloa handitzen doan neurrian, makila lodiago bat hartu behar du artisauak lanean jarraitzeko. Era berean, makilarekin batera lodiera ezberdineko errakiak hartzen ditu.

Birabarkiaz, beste zulo bat egiten dio piezari, baina kontu handiz, ontzia ez zulatzeko. Errakiaren tankerako tresna bat hartzen du horretarako, baina "O" itxuraz amaitzen dena eta "orkila" deitzen duena. Beste erraia bat hartu eta barrualdea atontzen du, eta koilara moduko punta duen beste tresna bat ere bai, hondoa prestatzeko.

Barrua hustutakoan, etxera eramaten du pieza, eta berogailurik gabeko gela batean uzten, ahalik eta tenperaturarik egonkorrenean egoteko. Lau hilabetez uzten du hor, lehortu arte.

Denbora hori igarotakoan, koilararen moduko erreminta bat hartzen du, angelu zuzenean tolesturiko trintxa batekin egina, eta barrualdea ondo amaitzeko erabiltzen du. Era berean, erdiko zuloa egiten dio piezari, eta material berdineko puska batekin estaltzen. Honek badu helbururik: ez dadila ireki eta puskatu. Kanpoaldea berdintzeko bastrelaz baliatzen da, eta barrualderako kirtenaren behealdea erabiltzen du, orkila txiki batekin amaitzen dena. Altzairuzko marraza batekin leuntzen du, eta igorki elektriko batekin lixatzen.

Ahoaren perimetro guztian zehar ertza osatzea besterik ez da falta. Horretarako, "V" itxurako ahoak dituen gubia bat erabiltzen du.

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com
 Galeria
Bilatu Euskonewsen