Sarrera | |
Artisaua | |
Produktuak | |
Prozesua | |
Lanabesak | |
Prezioak |
BERE PRODUKTUAK
Neurri ugaritako kaikuak, abatzak eta oporrak egiten ditu, eta, auzokideren batek behar izanez gero, baita aizkora, aitzur edo eskuareentzako kirtenak ere.
Kaikua (Erronkarin “cuezo” deitzen diote, eta Luzaiden “kotxia”), euskal kulturako elementu tipikoa dugu. Okertuta dagoen ontzi biribil bat da, atzean helduleku bat duena. Artzainak hanken artean jartzen zuen ardiak jeztean, esnea biltzeko. Ahoa okertuta izatean, gehiago eta errazago hurbiltzen zen ardien bularretara.
Abatza, berriz, aspaldian gazta egiteko erabiltzen zen katilu moduko bat da, eta bi helduleku ditu. Esnez bete, eta aurrez sutan berotutako harri gori batzuk sartzen ziren barruan. Horrela, esneak tenperatura egokia hartzen zuen (34 ºC inguru), eta gatzagia eransten zitzaion orduan, gazta bihur zedin (gaztak egiteko moduaz argibide gehiago jasotzeko, ikus Euskonews, 259. zenbakia). Abatzak oso handiak izaten ziren iraganean, 5 litro esne jasotzeko modukoak eta guzti.
Gure artisauak neurri ugaritako piezak egiten ditu: aho nagusia 5 cm-ko diametroa daukatenekin hasi, eta 28 cm-etara bitartekoak.
Gehien saltzen direnak 12,13 eta 14 cm-ko diametroa daukatenak dira.
Oporra, esnea eta ogia edo antzekoak hartzeko katilu bat da, helduleku bakarrekoa.
Kaikuak, abatzak eta oporrak batik bat apaintzeko erabiltzen direnez gaur egun, ez dira garai batean bezain handiak egiten.
Inguruko artisautza azoketan saltzen ditu Juan Pedrok bere produktuak (Nafarroa, Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban). Dena den, enkarguak ere jasotzen ditu bere etxean.
Azoka hauetara batera joaten dira hiru artisau: Florentino Ibarra de Beinza Labayen, pilotan jokatzeko larruzko bota eta eskularruak egiten dituena (ikus Euskonews, 195. zenbakia), Miguel Urroz, hau ere Oitz herrikoa, zurezko koilarak egiten dituena (ikus Euskonews, 201. zenbakia) eta bera. Automobil batean joaten dira, elkarrekin, eta atoi batean eramaten dute hiruren materiala.