Sarrera | |
Artisaua | |
Historia | |
Prozesua | |
Prezioak |
ARTISAUA
Florentino 1925ean jaio zen. Lau anai-arrebetatik inork ez zuen lanbide hau hartu. Florentinok, 15 urte zeuzkanean, oharkabean eskopeta baten tiro bat jaso, eta hiltzear egon zen. Besoak indarrik gabe utzi zizkion, eta hiru urte behar izan zituen sendatzeko. Sendatu bitartean, sarritan bere aitaren lehengusua zen Ignacio Bertizen zapata tailerrera joaten zen (1952an hil zen Bertiz, 92 urterekin). Ignaciok bi alaba zeuzkan, baina semerik ez, eta laguntzaile baten beharra zeukanez, Florentinori eskaini zion zapatari lanetan eta pilotan jokatzeko eskularruak egiten berarekin aritzeko. Garai haietan, bera zen horrelakoak egiten zituen bakarra. Donezteben zeukan tailerra (Nafarroa). Florentinok 18 urte zeukan bertan lan egiten hasi zenean. Gertu bizi zenez, bere etxera joaten zen jan eta lo egitera. Hiru urtez aritu zen bertan lanean (soldatarik jaso gabe), soldaduska egitera joan zen arte.
Bukatutakoan, eta patroiak beste laguntzaile bat hartu zuenez, Labaienen hasi zen zapatari lanak egiten. Florentinok dio urte haietan herri guztietan egoten zela zapatari bat oinetako eta botak konpontzen, eta egiten ere bai. Gainera, pilotan jokatzeko eskularruak ere egiten zituen. Era berean, lur gutxi batzuk zeuzkaten, eta bere jabetzako abere batzuk zaintzen aritzen zen.
Florentino Ibarra, Hernaniko (Gipuzkoa) Artisautza Azokan. |
27 urterekin Martina Zozayarekin ezkondu zen (ez zuten seme-alabarik izan). 1992an alargundu egin zen, eta orduan saldu egin zituen bere lur eta abereak, buru-belarri artisau lanetan aritzeko. Horrela, oinetakoak, eskularruak (urtean dozena inguru egiten ditu), kopetak eta beste hainbat antzeko elementu.
Artisautza azokatan saltzen ditu bere produktuak. Urtean 24 ingurura joaten da. Bere esanetan, gehiago saltzen du Gipuzkoa eta Bizkaian antolatzen direnetan, Nafarroakoetan baino
Florentinok dio egun batetik bestera erretiroa hartuko duela, baina penatan dago inork ez diolako bere lanbideari jarraipenik emango. Beraz, hona nire aholkua: laxoan jokatzeko eskularrurik nahi baldin baduzue, eska iezaiozue lehenbailehen.