Florentino Ibarra
FLORENTINO IBARRA
Eskularrugilea
2003 / 01 / 10-17
Egilea: Antxon Aguirre Sorondo
 Sarrera
 Artisaua
 Historia
 Prozesua
 Prezioak


PROZESUA

Botak egiteko prozesua

 

  Gure artisaua.
Gure artisaua.
Mendiko botak egiteko jarraitu beharreko pauso nagusiak honakoak ditugu:

  1. Lehenik eta behin, bezeroaren oinen neurriak eta plantilak hartu behar dira. Horrela, "neurriko" botak egingo zaizkio, "eskularruak" bailiran geldituko zaizkionak.
  2. Irudi hauekin, artisaua orkoia prestatzen hasiko da, hau da, bezeroaren oinen itxura izango duen egurrezko pieza. Horretarako, hainbat postizo erantsiko dizkio orkoiari, oinaren ahalik eta antzik handiena izan dezan.
  3. Paperean plantila batzuk prestatuko ditu, behar bakoitzaren arabera larruzko piezak mozteko.
  4. Guztia prestatzen hasten da: larrua, errefortzuak, eta gainerako elementuak. Botek forrorik eramango baldin badute, hauek josten ere hasiko da.
  5. Ondoren, botaren alde bat "mozten" du (zolarik gabe), eta barruko plantilarekin josiko du dagokion zola. Horretarako, zola orkoiean iltzatuko du. Prest egongo da bi aldeak josteko.

  6. Artisauak bi zatiak eskuz josteari ekiten dio, horrela elkartu egingo dituela zolua (plantilarekin) eta aurrez moztu duen zatia. Aurretik, artisauak listaria prestatzen du kalamuzko zuntzak lotzen (normalean sei zuntz izaten dira hariko,baina larru lodien kasurako zortzikoak ere egiten dira). Eskalonatuta egoten dira errazago sartu ahal izateko, punta okerra izaten dute, eta basurde edo txerri ilez edo pitaz errematatzen dira. Hari hauek guztiak bikez igurzten dira, ahalik eta erresistentzia handiena izan dezaten. Hori egiteko eztena eta argizaria erabiltzen ditu, listaria hobeto pasa dadin.

Botak prest daudenean, barruko orkoiak kentzen zaizkie, lokarria ipintzen, eta beren edertasun guztia erakusteko argizaria ematen zaie.

Hona berak eginiko bota eta eskularruak.
Hona berak eginiko bota eta eskularruak.

Amaitzeko, detaile bat. Artisauari bere lanean zein larru erabiltzen duen galdetu nionean, bi aldiz pentsatu gabe zera erantzun zidan: "onena. Lana eskuz egin beharra dagoenean (elkarrizketa egin nionean mendiko bota bat egiten ari zen), larrurik onena erabili beharra dago". Berari Galiziako enpresa batek bidaltzen dizkio larruak, duela 30 urte baino gehiagotik.

Eskularruak egiteko prozesua

Orain, ikus dezagun zein pauso eman behar diren larruzko eskularru bat egiteko.

Laxoan jokatzeko antzinako eskularruak.
Laxoan jokatzeko antzinako eskularruak.

Lan honi ekiteko, zekorraren larru naturala, garbitzeko, ur eta karezko nahasketa batean sartzen da. Horrela hiru egun eman ostean, atera eta urez ondo garbitzen da.

Antzinako larru ontzaileek egiten zuten bezala, Florentino larruari itsatsita gelditu diren elementu organiko guztiak kentzen hasten da, guztiz leun eta aseptikoa egon arte.

Lan ezatsegin hau amaitutakoan, pieza moztu eta egurrezko euskarri batean iltzatuko du. Hor lehortu egingo da, eta bukaeran izango duen itxura hartuko du. Lehenengo geruza lehortzean (3 edo 4 egunen buruan) beste bat ipintzen dio gainean, eta modu berean utziko du lehortzen. Hirugarren geruza ipini eta eragiketa bera egitean, prest izango du eskularrua.

Bien bitartean, eskuzorroa prestatzen du (hortik helduko dio erremintak eskuari), azken geruzetan sartzeko. Ondoren, daukan guztia josteari ekingo dio, hau da, hiru geruzak eta eskuzorroa, eta guztiak batera multzo sendo eta zurrun bat osatuko du.

Ondo lehortuta daudenean, larruak euskarritik kendu eta eskuz josten ditu. Eta, azken ukitu estetiko gisa koloreztatu baino lehen, eskuzorroa ere erantsiko die.

Aspaldian, alkoholean diluitutako azafraia erabiltzen zuen kolore horixka emateko, baina gaur egun askoz ere merkeagoa den bere ordezko bat erabiltzen du.

 Galeria
Bilatu Euskonewsen