Sarrera | |
Artisaua | |
Historia | |
Prozesua | |
Prezioak |
HISTORIA
Pilota jokoa, gaur egun Euskal Herrian ezagutzen dugun moduan, XVIII. mendean hasi zen jokatzen. Erdi Aroan Europa osoko hirietan, eta bereziki Frantzian, oso ezaguna zen "paume-ren jokoa"-ren (lusus pilae cum palma) aldaera bat dela uste da. Dakigunez, 1292. urtean Parisen zortzi liburu-denda bakarrik zeuden, baina "paume"-ko pilotak egiten zituzten hamahiru artisau zeuden ordea. Aipatzeko modukoa da Frantziako Carlos V.a erregeak Louvre jauregiko bi solairu birmoldatzea agindu zuela, jolas honetan jokatu ahal izateko. Lurrean marra bat egin, eta alde bakoitzean talde bat jartzen zen, elkarri pilota eskuz pasatzen ziotela. Hain zuzen ere "jeu de paume" honetatik datoz gure eskupilota eta Europan jokatzen diren gainerako modalitateak; hala nola tenisa eta beste aldaerak.
Euskal eskupilotaren lehenengo modalitate autoktonoa bote-luzea delakoa izan zen: aurkariak elkarren aurrez aurre zeuden zelaietan jartzen ziren, tenisean bezala, eta pilota eskuz botatzen zioten elkarri. Pilota hauek kautxuzkoak izaten ziren, gainean artile, hari eta larruzko geruzak izaten zituzten, eta zenbaitetan ehun gramotik gora pisatzen zutenez, lesio ugari eragiten zituzten.
Artzaintza praktikatzen zen lekuetan "pilota-soro" edo "soropil" moduko toponimoak egoteak, artzainek beren aisialdian pilotan jokatzen zutela pentsarazten digu. Bestetik, "laxoa" modalitatean sakerako erabiltzen den tokoiari bota-arria deitzea ere, nahiz eta gaur egun egurrezkoa den, baliteke artzainen arrasto bat izate, sakeko pilotak botea eman zezan harria erabiltzen zutelako.
Laxoko partida bat Nafarroako Oiz herrian. |
Florentino artisauak bitxikeria gisa kontatu digu gerra amaitu zenetik 1946ra arte jokatzen zela, baina pixkanaka behera egin zuela, eta 1950ean desagertu egin zela. Hogei urtetan ez zuen eskularru bat bera ere egin, baina 70eko hamarkadan, ostera, berpiztu egin zen zaletasun hau.
Gaur egun Baigorritik Baionara bitarteko herrietan jokatzen da Frantzian, eta Erratzutik Donezteberaino Nafarroan. Hemendik kanpo ez da beste inon jokatzen. "Tamalez", dio gure artisauak.
Basaburuako bailara nafarrean, Euskal Herrian oraindik ere eskularruak egiten dituen artisau bat daukagu. Bere izena, jada esana dugun bezala, Florentino Ibarra da.
Laxoan jokatzeko eskularruez gain mendirako botak ere egiten dituenez, azken hauek nola egiten dituen azaltzen hasiko gara.