Oihal gaineko pintura antzinatik ezagutzen da. Munduko oihal pintatu zaharrena omen dena Torinoko Egiptiar Museoan dago: K.a. 4000 urtekoa da.
Zalantzarik gabe, kultura guztiek, baita zaharrenek ere, pintura erabili izan dute errege eta apaizen jantziak edertzeko, oinetakoak oihal pintatuez forratzeko eta baita tenplu eta etxeetako hormak apaintzeko ere.
Antzerkia agertu zenean, dekoratuak egin behar izaten ziren. Horri esker, hondoak eta oihalak pintatzeko teknikak orokortu egin ziren.
Artearen alorrean ere oihalak pintatzeko teknikak erabili izan dira. Izan ere, ez al da mihisea pintoreen oinarrizko elementua?
Plinio Zaharra historialariak kontatzen digunez, Neron enperadoreari erretratua egin zioten 30 metroko oihal baten gainean. Alabaina, garai hartan horma edo oholen gainean pintatzea zen ohikoena. Oihal gainean pintatutako koadrorik zaharrenetako bat Frantzian egin zen, 1410ean: Ama Birjina aingeruekin izenekoa da eta Berlineko Gemäldegalerie-n dago. Hain zuzen, oihal gaineko koadroak pintatzeko ohitura XVI. mendeko Italian zabaldu zen.
Gaur egun, azaldu diren teknologia eta pintura berriei esker, oihal gainean pintatzeko artea erabat hedatuta dago jendartean, batez ere pintatutako jantziek garbitzerakoan arazorik ematen ez dutelako. Oraintxe jardungo dugu horretaz.
Prezioak oso aldakorrak dira jantzi motaren, lanaren eta ale kopuruaren arabera.
Orientabide gisa, honako datu hauek emango ditugu:
- Kamisetak, 23 eurotik gora (mahuka luzekoa, laburrekoa edo mahukarik gabekoa den eta marrazkiaren tamainaren arabera: zenbat eta handiagoa izan, orduan eta garestiagoa da).
- Bodyak, 20 eurotik gora (kasu horretan ere bodyaren modeloaren eta marrazkiaren tamainaren arabera).
- Haurrentzako prakatxoak, 15 eurotik gora. Horiek bodyekin bateragarri izan daitezke.
- Txanoak, 10 eurotik gora. Horiek ere body eta/edo prakatxoekin bateragarri izan daitezke.
- Haurrentzako lau piezako jantzi-jokoa, 48 eurotik gora.
- Pijamak eta osoko jantziak, 21 eurotik gora, 18 hilabeteko haurrentzako neurrietan.
Antxon AGUIRRE SORONDO
“IUO”
Iratxe Unanue Osoro
Txonta kalea, 2 – 5.
EIBAR / GIPUZKOA
657 72 12 81
iraunao@yahoo.es
Jantzigintzari lotutako hainbat artisau ekarri ditugu dagoeneko aldizkarira: jostunak, ehuleak, brodatzaileak, almazuela-egileak eta abar. Oihalen gainean pintatzen duten artisauak ere agertu dira gure orrietan: serigrafia bidez pintatzen dutenak (EUSKONEWS, 247 eta 377 zk.); duela gutxi Aziza Punch, oihalaren gainean eskuz pintatzen espezializaturiko artisaua (EUSKONEWS, 499 zk.); eta, azkenik, Vitoriano Arzuaga irulea, lanik oinarrizkoena egiten duen artisaua (EUSKONEWS, 551 zk.).
Oraingoan, beste aldaera bat ekarri dugu: kotoi gaineko pintura, Iratxe Unanueren eskutik. Sentsibilitate handiko eta gustu oneko artisaua dugu Iratxe.
Iratxe 1978ko urtarrilaren 1ean jaio zen, Eibarren. Bi anai-arrebetan bigarrena zen. Bestea ere artisaua da eta zura lantzen du. Gurasoak Martin Unanue eta Arrate Osoro dira.
Jaioterrian lehen ikasketak egin ostean, Arte Ederrak ikasi zituen.
Eskulanekiko bokazioa amarengandik jaso zuen, bera ere pintorea baita. Izan ere, pintura-eskolak ematen ditu amak.
2000. urtean, helduentzako kamisetak margotzen hasi zen. Elastiko horiek lagun eta senitartekoei oparitu ohi zizkien. Arrakasta ikusita, jarduera horri eustea erabaki zuen, eta, ondoren, haurrentzako jantzien dekorazioari ekin zion.
EIBART Eibarko Artisauen Elkarteko kidea da.
Marrazki- eta pintura-ikastaroak eman ditu Eibarko Udalaren eskolan.
Gaur egun, serigrafiarekin lan egiten ikasten ari da.
Haurrentzako arropa pintatu eta Eibarko saltoki eta azoketan saltzen du, orain arte beste inongo azokatara ez baita joan.
Jantzi solteak eta jantzi-jokoak egiten ditu, esaterako bodyak, prakatxoak, alkandoratxoak, zapatatxoak, txanoak eta adur-zapiak
Jaioberrietatik 6 urtera arteko haurrentzako jantziak lantzen ditu. Haurren jantzietan neurriak ez dira letrez adierazten, helduen jantzietan bezala, zenbakiez baizik. Iratxek 0tik 6ra bitarteko neurriak lantzen ditu.
Enkarguzko jantziak ere egiten ditu, eskatutako izen, data edo bestelako motiboak erantsita.
Jantziez gain, oihalezko edozein objektu ere apaintzen du enkarguz: errezelak, kuxinak, izarak, zorro nordikoak...
Jantziak merkatuan erosten ditu, beti kotoizkoak eta kolore desberdinetakoak. Haien gainean motiboa marraztu ondoren, pintura bereziekin pintatzen du. Gehienetan kolore bizietako animaliak izaten dira, haurrek horiexek atsegin dituztelako, betiere jantziaren kolorea aintzat hartuta; izan ere, jantziaren koloreak eta marrazkiarenak ondo eman behar dute.
Prozesua amaitzen denean, lisaburdinaren beroaz finkatu behar da marrazkia, jantziaren motiboa. Horretarako marrazki bakoitza, gutxienez, 3 minutuz zanpatu behar da jantziaren kontra. Hori egindakoan, marrazkia finkatuta dago eta arropa arazorik gabe jantzi daiteke.
Batzuetan, pintura puzgarri berezia erabiltzen du. Marrazkia amaitu eta pintura finkatzeko lisatzen duenean, pintura puzgarria ematen dio, eta gero 6 edo 8 orduz lehortzen uzten du. Ondoren beroa ematen dio, puztu dadin. Oso erliebe-efektu polita ematen du eta haurrei ikaragarri gustatzen zaie.
Irakurleen iritziak: