Banatu

  • del.icio.us
  • zabaldu
  • aupatu
  • meneame
  • digg

Artikulua interesgarria iruditu bazaizu, lagun iezaiguzu berau ezagutzera ematen

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Nekazaritzako partzelak kontzentratzea

Hasteko, baieztapen ukaezin batetik abiatu behar du gai honek: nekazaritzako lursailen partzelazioa arazoa da euskal nekazarientzat. Ikuspegi ekonomikotik, lursail desberdinak bildu eta, ahal den hienean, batzea egokiagoa zaio jabeari lurra erabiltzeko eta ustiapen emankorragoa lortzeko. Azken batean, nekazaritzan aritzeko egitura edo estruktura egokiak jarri eta zaindu behar direla onartzetik abiatu behar da. Helburu hori lortzeko, tradizioak sendotu izan du jabetza partikularra dela lurrak ustiatzeko modu aproposena. Abeltzaintzan eta basozaintzan lurra askoren artean ustiatzea kasu askotan egokiagoa bada ere, nekazaritzan uste izaten da bakoitzak bere jabetzako lurra modu emankorragoan zaintzen duela.

Alor juridikora etorriz, legez aitortu izan da jabetza pribaturako eskubidea. Haren edukia, legeekin ados, eskubide horren funtzio sozialak zedarrituko du. Lurraren funtzio soziala zehazteko orduan, botere publikoek baliabide natural guztiak modu arrazoizkoan erabiliko direla begiratuko dute. Gainera, kontuan izan beharko da, herrialdearen aberastasun guztia, edozein dela ere haren forma eta titulartasuna, interes orokorraren mendeko dela.

Ondorioz, arazoari aurre egiteko arrazoi funtsatuak eta oinarri juridikoak badaudela argi egonik, ordenamendu juridikoak zenbait baliabide artikulatu ditu lursailen partzelazioa edo zatiketa ahal den heinean ekiditeko, kontrolatzeko eta konpontzeko.

Lehenik, jabeak bere lurraren gain dituen ahalmenak mugatu daitezke eta, hain zuzen ere, jabearen xedatzeko ahalmena mugatu izan da:

(1) Jabeak nekazaritzako finka besterendu nahi izango balu, ezin du berak libreki aukeratu nori eman, finka horren mugakide den beste finkaren jabeak hura eskuratzeko lehentasuna izan baitezake. Kode zibileko 1523. artikuluaren arabera, mugakide diren lurren jabeek atzera eskuratzeko eskubidea izango dute landa-finka saldu nahi izan eta horren luze-zabalera hektarea bat baino txikiagoa bada. Kode Zibila eman zenean, inolako aurrekaririk izan gabe ezarritako eskubidea da, lursailak berez babestu ez eta, haien etengabeko zatitzea bideratzen duten arauak indarrean egon ostean —hala nola, mortis causa oinordetzan seniparteak aitortzea—, konponbidea eman nahi zaiolako nekazaritzako lursailen partzelazioari.

(2) Jabeak nekazaritzako finka zatitu eta berriak ezin ditu nahi bezala eratu, laborantzarako gutxieneko unitatearen neurriak errespetatu beharra baitauzka hark. Gutxieneko labore unitate horiek zehazten dituzte Nafarroako Gobernuaren 205/1996 Foru Dekretuak (NAO 1996/05/22) eta Eusko Jaurlaritzaren 168/1997 Dekretuak (EHAA 1997/07/21).

Tresna juridiko horiek arazoa ez dute saihesten, zeharka bakarrik ekiten baitiote minifundioa konpondu beharrari; ondorioz, tresna juridiko haien eragina eta sortu dituzten emaitzak oso apalak izan dira. Horregatik, botere publikoak arazoari zuzenean heltzea eta partzelak kontzentratzeko bideak irekitzea da arazoari ekiteko modurik aproposena. Ikuspegi horretaz ohartuta, Nafarroan, Nekazaritza Azpiegiturei buruzko 1/2002 Foru Legeak (NAO 2002/03/15), nekazaritza azpiegituren arloko ekintzak gauzatzeko baliabide nagusiena jo du lurzati berrantolamendua: haren bidez eskualdearen oinarrizko birbanaketa eginen da, eta, kasua bada, bestelako ekintzak eginen dira haren ondorioz. Beraz, legearen arabera eta ondorio hauetarako, azpiegituren arloko ekintzen oinarrizko osagaia da lurzati berrantolamendua. Hura garatzen duen prozedura koordinatu beharko da, juridikoki eta denborari dagokionez, ingurumenaren gaineko tramitazioarekin, bai eta bide eta saneamendu sareak aldatu, modernizatu eta eraikitzeko obrekin ere. Haren xede nagusia izanen da ustiategiak eta, kasua bada, ureztatze unitateak sortzea; betiere, ingurumen, agronomia, ekonomia eta gizartearen ikuspegitik bideragarriak badira.

Hori egiteko eskumenari buruz, kontuan izan behar da autonomia-erkidegoek beren gain hartuak dituztela, bereziki, nekazaritza eta abeltzaintza, mendiak eta baso-ustiapenak, eta ingurumen-babesaren alorreko kudeaketa. Horretaz gain, jabetza partikularraren gain erabakiak hartzeko ahalmena areagotzen da euskal autonomia-erkidegoak beren zuzenbide zibil, foral edo bereziak gorde, aldatu edo garatzeko eskumena ere badutelako.

Joera horren alde agertu izan dira ere Lurralde Historikoetako Batzar Nagusiak Mendiei buruzko araudia eman dutenean, zera agintzen baitute: inguru jakin bateko mendi edo baso sailen ustiapenaren plangintza eta kudeaketa hobetu eta zentzuzkoago bihurtzeko jabetzaren erregimen juridikoan aldaketak egitea beharrezko ikusten bada, Baso Administrazioak lur sailak bateratzea sustatu dezake ofizioz, eta gaiari buruzko legediak xedatutakoaren arabera gauzatuko da.

Gauzak horrela, legearen agindua betez baliabide naturalak modu arrazoizkoan erabiltzeko, ezinbestekoa dute botere publikoek erabilera hori optimizatzeko erabakiak hartzea, besteak beste lurzatiak berrantolatu eta ustiatzeko unitate egokiagoak eraikitzea, bereziki Kantauri aldeko landa-eremuan, duen ezaugarri geografikoen ondorioz lurraren zatiketa-prozesua latza izan baita.

Gizarteari eta ekonomiari nekazaritzako lurrak modurik hoberenean aprobetxatzeak onurak ekartzen dizkielako, agintari publikoek abian jarri dezakete prozedura berezia lur-zatiak biltzeko. Finean, nekazaritzak etengabe jasan behar duen erreforma bideratzeko baliabide bat da, helburuz nekazaritza-jardueraren elementu objektiboa —lurrak edo baserria— egituratzeko. Kasu honetan, elementu subjektiboa —nekazaria edo baserritarra— bigarren mailan uzten da, nekazaritza politika nagusia bere inguruan eraiki bada ere, eta, behingoz, lehentasuna ematen zaio ondorengo belaunaldiengana iritsiko den lan-instrumentuari. Izan ere, baserritarrik gabeko baserria egon badaiteke ere, baserririk gabe baserritarrik ezin da egon.

Prozeduraren ondorioz, finka desberdinen identitate fisikoa eta haien gaineko jabetza-eskubidea aldatu egiten dira eta, beste finka berriak sortu ostean, jabeek ordezko finka horien gaineko jabetza-eskubideak jasoko dituzte, eta finkek jasan behar dituzten kargak eta haien titularrek beren gain hartu behar dituzten obligazioak garbi eta argi uzten dira. Lortu nahi den helburua argia bada ere, prozedura gauzatzea oso lan konplexua da, batetik, lurraren gain eskubideak dituen jende asko inplikatzen duelako prozesuak —jabeak, maizterrak, usufruktudunak, hipoteka-hartzekodunak, bide-zorren titularrak, besteak beste— eta, bestetik, aditu askoren laguntza bildu behar delako: aldundiena, udalena, notarioena, erregistratzaileena, teknikariena eta agian baita ere kreditu-entitateena. Horregatik, ezinbestekoa da agintari publikoen parte hartze zuzena, prozesua abiarazteko, laguntza teknikoa eskaintzeko eta kostu ekonomikoa estaltzeko. Zailtasunak zailtasun, inork ez du zalantzarik emaitzak pena merezi duela, sortzen den egoera juridiko berriak auzi asko konpontzeko eta ekiditeko balio baitu eta, eremu ekonomikoan, lurrak lantzeko bide berriak irekitzen baititu: lursail bateratua lantzea errazten du, jabeak berak zuzenean edo maizter bati lurra utziz; eta nekazarien erkidegoak eta sozietateak sortzea errazten du ere, lurra ustiatzeko egitura egokiagoak bultzatuz.

Nekazaritza azpiegituretako gaietan egoki jokatzeko helburuak, arintasun eta eraginkortasun printzipioak erantsi behar dizkie nekazaritza azpiegituren gaietako ekintzei, ustiategi bideragarriak sustatzeko. Lursailak bateratzeko bideak irekitzea ezinbestekoa da baserrien suntsipena geldiarazteko edo moteltzeko behinik behin.

Behin unitateak sortuta, horien iraupena bermatzeko arauak ere begiratu behar dira, noski, bereziki oinordetza bidez baserria zatitu gabe transmititzeari buruzko sistema, laborantzarako gutxieneko unitatearen neurrien eguneratzea eta nekazaritzako lurraldearen berrantolaketa. Hori guztia, ustiategi desberdinak koordinatuz edo elkartuz bultzatu daitezkeen egitura lehiakorrak antolatzeari buruz pentsatu behar diren erabakiak ahaztu gabe. Bideragarriak diren egiturak lortuz bakarrik zabalduko dira landa-eremuan inork bizitza aurrera ateratzeko aukerak eta, maila horretan, atzeratuta dabil euskal gizartea, berandu dela inoiz ezin esan badaiteke ere.

Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media