Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Immigrazioaren fenomenoak, hegoaldeko herrietatik iparraldeko herrialdetara ematen denak, gero eta garrantzi handiagoa du gaur eguneko agenda politikoetan. Migrazio-prozesuak saihestezinak dira, baina, eragile guztien parte-hartzearekin, gizartearen garapenean aurrerapausoa eman daiteke, mugimendu horiek moldagarri bihurtzeko. Euskal osasun-sisteman etorkin-populazioaren gizarteratzea ikuspegi transkultural batetik eman dadin, lan zientifiko eta ikerketa anitz egitearen beharra erakutsi izan dute faktore erabakigarri ezberdinek. Oso esanguratsua den lehen faktorea, Euskal Autonomia erkidegoan (EAE) etorkin-populazioaren orain urte gutxiko baina etengabeko hazkuntza da. Beraz, migrazio-mugimenduen gorakadaren ondorioz, fenomenoak osasungintzan duen eragina aztertzea ezinbestekoa da. Bigarren faktorea, osasun-arloan talde etniko eta kulturalei buruzko aurretiko ikerketen gabezia da. Eta azken eta hirugarren faktorea, etorkin taldeen prebentzioaren eta programen garapenaren beharra da, zerbitzuen hornidura bermatzen duten baliabideen aurreikuspen egokiarekin batera.
Euskal Immigrazio Planak gaur egun duen lehentasunik handienetakoa berdintasunezko arreta eta asistentzia da, ikerketa-helburuetan oso kontuan hartu beharko litzatekeelarik. Hain zuzen ere, EAEko etorkin-populazio talde ezberdin hauen osasun-egoera eta osasun-zerbitzuen erabilera ikertzeko helburu orokorra gogoan izanik, gizarte-osasun ezberdintasunen identifikazioa behar-beharrezko pausoa da. Orain arte etorkinen osasun-egoerari buruz egindako ikerketek Estatu eta nazioarte mailan ezberdintasunak antzeman dituzte; horregatik, osasun-politikek, ezberdintasun horiek murrizteko eta etorkin talde horien osasun-egoera modu eraginkor batean hobetzeko betebeharra daukate.
Foto: bachmont.
Hasteko, nabarmendu nahi dugu atzerritar populazioaren osasun-mapa egitearen garrantzia osasun-baliabideen kudeaketari begira, etorkin-populazioaren kopurua eta banaketa geografikoa homogeneoa ez delako. EAEn, Estatuko beste erkidego batzuekin konparatuz, etorkin-populazioa oso txikia da. 2006. urtean, EAEn bizi ziren etorkinen portzentajea % 4koa zen. Gainera, populazio atzerritarraren banaketan aniztasuna oso nabaria da. Modu honetan, etorkin-portzentaje txikiak dituzten eskualdeak (Ezkerraldea-Enkarterriak, Barnealde eta Gipuzkoa Mendebaldea), bataz bestekoaren inguruan (% 4) kokatzen direnak (Uribe Kosta eta Gipuzkoa Ekialdea) eta portzentaje hauen gainetik daudenak aurki daitezke (Araba eta Bilbo). Etorkinen lan-bilaketarako sektorerik egokienak eraikuntza, nekazaritza eta turismoa izaten dira. Sektore hauek, ordea, EAEn, beste erkidego batzuekin alderatuz, indar txikia daukate (herri honetako egitura ekonomiko bereziagatik), eta honek azalduko luke, besteak beste, EAEko etorkin-portzentaje txikia.
Etorkinen eskualdeetako banaketa lan-esku beharraren arabera ematen da gehienetan. Bilbo eta Uribe Kosta eskualdeetan, adibidez, zainketa pertsonalen inguruko lan-esku eskaera handiagoa izaten da. Horregatik, emakume latinoamerikarraren presentzia handiagoa da aipatutako bi eskualde hauetan. Araban, aldiz, nekazaritzak indar handiagoa daukanez, gizonezkoek osatzen dute etorkinen gehiengoa. Hori dela eta, Araba, magrebtar gehien kokatzen den eskualdea da. Beste eskualdeei dagokienez, nahasketa eta oreka gehiago ematen da. Hala ere, etorkin-populazio gehiena hiririk handienetan (nagusiki 3 hiriburuetan) edo hauen inguruan kokatzen da. Oro har, Bilbo, Donostia eta Gasteizek atzerritar kopururik handienak biltzen dituzte, zifra absolutu eta erlatiboetan. Gainera, oso aipagarria da 3 hiriburuetako alde zaharretako osasun-zentroek etorkin-portzentaje nahiko altuak izaten dituztela. Are gehiago, afrikarren pisua oso handia izaten da eremu hauetan, Bilbon eta Gasteizen bereziki. Alde zahar hauetan sarritan kokatzen dira egoera orokor txarrenean dauden etorkinak, eta horri hizkuntzaren zailtasuna gehitu behar zaio. Hortaz, errealitate eta elementu hauek kontutan hartu beharrekoak dira, osasun-sailak osasun-plangintza diseinatzen duenean.
Eskualde guztietan, oro har, jatorri eta nazionalitate nagusiak errepikatu egiten dira, zenbait kasutan ordena alda daitekeelarik. EAEn, populazio nagusia latinoamerikarra da eskualde eta osasun-zonalde guztietan. Ondoren, eta orokorrean orden honetan, europarrak, afrikarrak eta asiarrak aurkitzen ditugu. Nazionalitateei dagokienez, lehen aipatu bezala, latinoamerikarrak dira nagusi, eta horien artean, kolonbiarrak, ekuadortarrak eta boliviarrak nabarmentzen dira. Nazionalitaterik ugarienak, besteak beste, portugaldarrak, errumaniarrak eta marokoarrak dira. Lehen aipatu bezala, nazionalitate eta jatorria lan-esku eta merkatuaren araberakoa izango da. Hala ere, Barnealdeko eskualdean salbuespen bat ematen da, Markinan eta Ondarroan. Bertan, etorkin- nazionalitaterik populatsuena senegaldarrenena da.
Azaldutako etorkin-populazio honen banaketak, Lehen Mailako Arreta zentroetan ematen den laguntzan, etorkinen kopurua, jatorri geografikoa, generoa eta adina kontuan hartzea eskatzen du. Hori dela eta, osasun-sisteman etorkin-populazioaren eragin eta ondorioak aztertzen duten ikerketek, talde hauen osasun-arazoak eta -beharrak ezagutzera behartuta daude, hala nola, migrazio-profila, genero-rola, diskriminazio-egoerak, hesi administratiboak, akulturazio maila, hizkuntza-ezberdintasunak, pertsona hauek jatorrizko osasun-sistemekin izandako aurretiko esperientziak, osasun-gaixotasun kontzeptua, eta abar. Osasun-profilen ezagutza sistematizatuak osasun-politika moldatzea ahalbidetuko du, asistentziari eta arretari lehentasuna emanez, osasun-alorreko ezberdintasunak murriztuz eta Osakidetzako erabiltzaile berriei berdintasunezko sarbide eraginkorra bermatuz. Etorkin talde ezberdinen osasun-egoerari buruzko lana eta gure lan-taldeak 2005 urtean egindako osasun-inkesta (IMISATE) abiapuntutzat harturik, bertako edukia laburbilduz, honako ondorioak azpimarra daitezke:
Foto: > NeoGaboX<.
Batetik, orokorrean etorkin-populazioaren osasuna ona da, populazio nahiko gaztea delako eta EAEn oso denbora gutxi daramalako. Bestetik, funtsezko garrantzia dauka etorkin talde hauen kokapen geografikoa ezagutzeak, bereziki erroldatua dagoenarenak, hauek baitira Lehen Maila Arretako zerbitzuen erabiltzaileak. Uste dugu, ordea, baliabideen banaketak eta kudeaketak ezin dituela ahaztu egoera horretan ez dauden pertsonen osasun-arazo eta beharrak. Egindako ikerketek adierazten duten moduan, egonaldi-denborak, generoak, hautemandako osasunak eta etorkinen jaioterriak, besteak beste, osasun-zerbitzuen erabilpen ezberdinetan eragina izaten dute. Datu bat aipatzea ere merezi du, gehienbat askotan kontrakoa pentsatzeko joera baitago: gero eta ikerlan gehiagok agerian utzi dute etorkin taldeek bertako populazioak baino askoz ere gutxiago erabiltzen dituztela osasun-zerbitzu publikoak. Era berean, osasun-desabantailei loturiko profila (sarrera hesiak, gizarte-lan baldintza txarrak, eta abar) emakume, magrebtar edo Sahara azpiko etorkinetan nabariago ikusi izan da; horregatik, osasun-alorreko eskuragarritasunean berdintasuna lortu nahi bada, osasun-estrategia egokien garapena bideratu behar da. Horretarako, premiazkoa da ikerketari bultzada handia ematea etorkin taldeen osasun-profila zehazteko eta osasunaren sustapen- eta prebentzio-programak garatzeko oinarriak ezartzeko.
Ildo honetan kokatzen da, hain zuzen, abian dagoen etorkinen osasun-inkestaren bigarren aplikazioa, lehenengoan egindako galdera sorta eraldatu dugularik. Oraingo honetan ere, 2007an bertakoei egindako inkesta izan da oinarria, baina lehentasuna eman zaie etorkinen osasun-egoerari buruzko datuak adierazten dituzten aldagaiei: adibidez, talde etnikoari, hiri –edo landa– jatorriari, migrazio-egitasmoari, hizkuntzaren ezagutzari, egoera administratiboari (lan/bizileku-baimena, errolda,...), laguntza-sareen osaketari (bertako/etorkin), egonaldi-denborari, diskriminazio-egoerari... Honen bidez, esan bezala, etorkin taldeen osasun-profilak zehaztu nahi dira, hauentzat egokiak eta eraginkorrak diren osasun-programak martxan jarri ahal izateko.
Irakurleen iritziak:
comments powered by Disqus