Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Euskal Herriko Natura aldizkaria 34. zk.
Zarautzko hirigunetik hurbil (Gipuzkoa), Inurritzako erretena dago, eta haren inguruan dimentsio Txikiko, baina balio natural handiko espazioa eratzen da. Bereziki, Euskal Herrian kontserbatu den kostaldeko hareatza urrietako baten presentzia nabarmendu behar da, nahiz eta mugatu dugun espazioaren osotasunean kostaldean tipikoak diren ingurumenak agertu: estuarioa, padura eta itsas labarrak. Paisaiaren erakargarritasuna eta Zarautzko hirigunearen hurbiltasuna aurrez aurre daude. Hurbiltasun horrek hein handi batean baldintzatu egiten ditu espazioak dituen erabilerak eta jasaten dituen presioak, bertan dibertimendu –eta turismo– jarduera ugari gauzatzen baitira (hondartza, paseoa, mendi-ibiliak, kanpina, golfa). Gainera, berez padura zen gainazalaren zati bat nekazaritzara eta abeltzaintzara bideratzen da orain. Ezaugarri horiek direla eta, Inurritza enklabe berezia da: hiri inguruko ezaugarriak izan arren, interes handiko elementu naturalak ditu, eta ingurumena leheneratzeko aukera onak sortzen ditu.
Lurzoruaren zati handiena laua da (0-14 m), nolabaiteko uhindura eta sakonguneekin. Bi area edo giro desberdintzen dira. Kostaldean bertan, hondartza beraren ondoren, mendixka eta sakongune leuneko dunen azalera zabal bat aurkitzen da (finkoak, hondartzarekiko mugan ezik). Area hau golfeko zelai gisa erabiltzen da neurri handi batean eta balio paisajistiko eta geologiko handia du (garrantzi geologikoari buruz hurrengo atalean hitz egingo dugu), kirol honek bere erliebea nolabait narriatu badu ere. Bere garrantzia handiagoa bihurtzen da, gure kostaldean aurki daitekeen “paisaje dunatarra”ren adibide bakarretako bat (eta onena) dela kontuan izaten badugu.
Dunen zelaiarekin muga eginez, mendebaldeko muturrean aurkitzen da Inurritza errekastoaren bokalea. Errekasto hau oso kutsatua dago (eta kanpotik kanalizatua) eta ertzetan harea edo limoak ditu. Lurzoru hauetako batzuk baratza bihurtu ziren.
Barnealdean, ibaitxo honetan bat egiten diren bi errekastoen artean, lurzoru zapaleko zenbait lursail zingiratsu daude. Hauek komunikabidez, urbanizazioz edo baratzaz inguratura dagoen oso paisaia degradatua osatuz. Lurzoru hauek kuaternarioko metaketak dira: ibaitarrak (limoak) eta itsastarrak (hareak).
Dunetako azaleraren zati handiena, golf kirola egiteko landatu diren zelaiez estalita dago. Hala ere, kostaldeko hareatzetako flora psamofito oso bitxia mantentzen duten gutxi aldatutako areak ere baditu. Bertako espezie gehienen –askotan esklusiboak diren– adibideak aurki ditzakegu hemen, Bizkaiko Golfoko dunetan endemikoak diren kostaldeko espezie oso arraro batzuk barne. Hau da Galium arenarium espeziearen kasua. Honek, bere banaketaren hego-mendebaldeko muga hemen du eta Kantaurialde osoan herri honetan eta beste batean bakarrik ezagutzen da; edo Alyssum loiseleurii (A. arenarium), Golkoko dunetako zenbait gunetara mugatzen da; eta Dianthus hyssopifolius subsp. Gallicus (Dianthus gallicus) edo Festuca vasconcensis.
Habitat honetako beste espezie bitxi eta ezaugarriak dira baita: Medicago marina, Pancratium maritimum, Polygonum maritimum, Carex arenaria, Asperula occidentalis, Aetheorhiza bulbosa, Honkenya peploides, Ammophila arenaria subsp. Arundinacea, Elymus farctus, Festuca juncifolia, Koeleria glauca, etab.
Inurritzako padurako gainerako azaleretan bertako landarediak ez du presentzia handirik, lurzoru asko baratza bihurtzeko bete eta egokitu baitziren, bestela ere oso zabala ez zen itsasadar honetan. Hala ere, elementu ezaugarrienetako batzuk aurkitzen dira oraindik ere, euskal kostaldean oso bitxiak diren zenbait espezie barne, adibidez Limonium humile eta Armeria maritima subsp. Miscella, gainera Spartina alterniflora, Salicornia ramosissima, Halimione portulacoides, Glaux maritima, etab, beste batzuen artean.
Barrualdeko lur-zatietan (lurzoru zapaleko areak hauek ere) itsasoko uraren eragin gutxiago duten lur hezeetako komunitateak bizi dira: lezkadiak eta karizeen nahiz ihien multzo belarkadak. Multzo hau degradatuta dago eta inguru urbanizatuak ia ito egiten du baina hala ere Euskal Autonomi Elkartean oso arraroak diren zenbait espezie aurkitzen dira bertan, adibidez Scirpus pungens edo Scutellaria galericulata, eta Carex riparia bezalako beste azpimarragarri batzuk.
Ibaiertzetik hurbilen dagoen zerrenda hezetasun eta gazitasun handikoa da, eta normalean, oso aberatsa materia organikoetan. Besteak beste, Cakile maritima eta Salsola kali isolatu eta bakanak aurki daitezke. Bigarren zerrenda tontor hareatsuak, berriz, padura zati txikiek luzaroan diraute Inurritzan, eta antzina zabalera handiagoa zuen ingurumenaren lekuko dira. Izan duen azalera-murrizketa aspalditik egiaztatu izan da, hirigintzara edo nekazaritzara bideratutako aldaketetarako zatiak bereganatzen joan baitira. Hala ere, geratzen den azaleran Euskal Herrian ezohikoak diren espezieek irauten dute, sektore halofiloenetako Salicornia dolichostachyak kasu. Aurreko urteetan aipatu diren beste espezie arraro batzuk ez dira ageri gaur egun. Hori da Saueda maritima edo Sonchus maritimusen kasua.
Azkenik, itsaslabarretarantz erortzen diren muinoak txilardi, otadi eta irasailez estalirik daude, eta horiek iraganeko baso azidofiloa ordezkatu dute. Degradatuta badago ere, banaketa eskasa duten espezie batzuk aipatu dira, hala nola, Lilium pyrenaicum, Iris latifolia eta Cistus monspeliensis.
Trichomanes speciosumen aipamena nabarmentzen da, Habitaten Zuzendaritzaren eranskinetan agertzen den balio biogeografiko handiko iratzea.
Nahiz eta kostaldeko estuarioetako eta leku hezeetako fauna aniztasuna oso handia izan, Inurritzako eremuaren txikitasunak zaildu egiten du fauna-populazio ornodunen asentamendu iraunkorra.
Inurritzako area eta bere ingurua, hegazti migratzaileen atsedenerako lekua da, bereziki limozaleentzat: Calidris (txirria), Charadrius (txirritxoa), Pluvialis (txirri grisa), Limosa (kuliska buztanbeltza), Numenius (kurlinta bekainduna), Tringa (bernagorria), Haematopus (itsas mika), etab. Generoetako espezieak. Gainera, lertxuntxo txikiak eta beste zenbait anatidok erabiltzen dute ingurune hau, barrualdeko lezkadiek habitat zingiratsuetako paseriformeei harrera ematen dieten bitartean. Honek guztiak faunari dagokionez interes jakin bat ematen dio, paduraren azalera txikia bada ere. Habitat-mota hau asko murriztu da Euskal Autonomi Elkartean , beraz bertako komunitate ezaugarriak dituzten leku guztiak kontuan hartzea beharrezkoa da (landaredia nahiz faunari dagokionez). Inurritzan, euskal kostaldeko lur hezeetan ibili ohi diren espezie gehienak ikusi izan dira, kopuruz urriak badira edo egiten duten atsedenaldia laburra bada ere.
Azpimarragarria da baita ugaztunen artean Arvicola sapidus. Nazioarteko hitzarmenetan sailkatutako ornogabeen artean, Euphudryas aurinia lepidopteroa aipatu da.
Estuarioaren antzinako eremuan, baina aztertutako espaziotik kanpo, padura subhalofiloaren hainbat zati geratzen dira, Baccharis halimifolia lezkadi eta sasiz beterik. Ikuspegi ornitologikotik oso interesgarriak dira, migrazioan zehar bertan egiten baitute habia eta bertan sedimentatzen baitira zingiratar paseriformeak: Acrocephalus scirpaeus, Acrocephalus schoenobaeus eta beste batzuk. Hegazti talde honek Euskal Herrian duen banaketa eta ugaritasuna murriztu egin da azken hamarkadetan, haien kostaldeko habitaten errepresentazioak atzera egitearekin batera.
Irakurleen iritziak:
comments powered by Disqus