Banatu

  • del.icio.us
  • zabaldu
  • aupatu
  • meneame
  • digg

Artikulua interesgarria iruditu bazaizu, lagun iezaiguzu berau ezagutzera ematen

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Emakumearen aurkako indarkeriari sistema jurisdikzionalak ematen dion erantzuna

1. Emakumearen aurkako indarkeria: izurri berria

Pasadan urtean, 2008an alegia, 75 emakumek galdu zuten bizitza beren senar edo bikotearen indarkeriaren ondorioz.1 Beste era batera esanda, hilero 6 emakumek baino gehiagok galtzen dute bizitza genero indarkeriaren fruitu, hau da, astero, gutxienez, batek. Datua izugarria da. Gizarte alarma proportziozkoa. Herritarrak arduratuta agertzen dira, baita politikariak ere. Arazoa ez da bakarrik Espainian ematen, mundu osoan agertzen den gaitz izugarri baten aurrean gaude. Honen adibide, duela egun gutxi –2009. urte honetako ekainean– Europako Kontseiluko Justizia Ministroen XXIX Konferentziak “Apur genezan isiltasuna: etxeko indarkeriaren kontra batuta” lelopean gai honen inguruan aritu dira. Era beran, kontua ez da berria, 1993. urtean Nazio Batuen Erakundeko Biltzar Orokorrak “Emakumearen kontrako indarkeria desagertzeari buruzko adierazpena” emateak elementu hau argi utziz.

Egun ez da zalantzatan jartzen genero indarkeria arazo publiko bat dela, nahiz eta etxeko isiltasunean edo pribazitatean eman. Kasu honetan etxeko sua etxean itzali behar dela esaten duen euskal esaera zaharra ez da aplikatzen, emakume baten kontrako indarkeria gizarte osoaren kontrako eraso bat delako. Zorionez, gizartea apurnaka apurnaka badoa barneratzen genero indarkeria emakumeak emakume izateagatik gizonengatik pairatzen duen diskriminazioaren isla dela, gizonak emakumearekiko egikaritzen duen botere ustelaren ondoriorik eskasena eta desatseginena.

Ondorengo lerroetan azken urteetan espainiar ordenamendu juridikoak emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko eman duen arau berezia (1/2004, abenduak 28ko, genero indarkeriaren kontrako babes integraleko neurrien lege organikoa) eta honek epaileen lanean eta sistema jurisdikzionalean eragin dituen aldaketetan indar egingo dugu.

2. 1/2004, abenduak 28ko, genero indarkeriaren kontrako babes integraleko neurrien lege organikoa. Gaitz berriari aurre egiteko tresna

Argazkia: elward-photography.

1/2004, abenduak 28ko, genero indarkeriaren kontrako babes integraleko neurrien lege organikoa azken denboradan emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko gure ordenamendu juridikoak eman duen tresnarik garrantzitsuena da.2 Bere ezaugarriak honako hauek dira:

1) Gaiaren, emakumearen kontrako indarkeria alegia, arauketa osoa eta multidiziplinarra egiten du. Hala nola, emakumearen kontrako indarkeriaren prebentzioa, gaiaren inguruko heziketa, bere gizarte ondorioak, biktimari laguntza, indarkeria pairatzen duen familiaren egoera zibila, Administrazio publikoen papera eta zigor erantzuna arautzen ditu. Hala ere, zalantza gabe, legelariak sistema jurisdikzionalari –epai bideari alegia– garrantzia handia ematen dio, izurrite honen kontra jarduteko lehen mailako lanabes bihurtuz.

2) Emakumeen kontrako edo genero indarkeriaren definizio zehatz bat jasotzen du. 1/2004 legearekin bat genero indarkeriaren aurrean gaude senarrak edo mutil lagunak, emakume baten kontra, emakume izateagatik bakarrik, legearen kontrakoa den indar fisikoa edo psikikoa erabiltzen duenean.3 Beraz, definizio honetan bi dira ardatzak: delitugilearen eta biktimaren arteko lotura (senar-emazteak izatea edo harreman sentimental bat duten neska-mutila, nahiz eta batera bizi ez)4 eta emakumeak emakume izate hutsagatik indarkeria pairatzea. Legelariak definizio hau zabaltzen du, genero indarkeriatzat joz baita ere gizon batek bere ezkontidearen edo emaztearen seme-alaben (bereak izan edo ez) kontrako indarkeria, edo beraiekin bizi diren adingutxiko edo ez-gaituen kontrakoa.5

3) 1/2004 legeak emakumea bereziki babesteko arrazoiak jasotzen ditu. Emakumearen kontrako indarkeriak haren hainbat oinarrizko eskubide urratzen ditu, hala nola, askatasunerakoa (Espainiar Konstituzioaren –aurrerantzean EK– 1.1 eta 9.2 art.-ak), berdintasunerakoa (EK-ren 9.2 eta 14 art.-ak), bizitza eta integritate fisikorakoa (EK-ren 15 art.), seguritaterakoa (EK-ren 9.3 art.) eta diskriminatua ez izatekoa (EK-ren 14 art.). Gainera, ezin dezakegu ahaztu emakumeen kontrako indarkeria haien duintasunaren kontra doala, eta gure ordenamendu juridikoan pertsonen duintasuna “ordena politikoaren eta gizarte pakearen” oinarrietako bat dela (EK-ren 10 art.). Era berean, genero indarkeriak familian daukan eragina nabaria da (familia suntsituta geratzen da), berau sozialki, ekonomikoki eta juridikoki babestea botere publikoen zeregina izanik (EK-ren 39.1 art.).

4) Legearen xedea “genero indarkeria aurrezaintzea (edo prebenitzea), zehatzea eta desagerraraztea eta biktimei laguntza ematea” da (1/2004 legearen 1.2 art.).

5) Bere xedapenek emakumearen aldeko diskriminazio positiboa erakusten dute. Honen eremuan ulertu behar dira legeak arautzen dituen hainbat elementu: emakumeari erakundeek eman beharreko babesa6 gaiaren inguruan sentsibilizatzeko, prebenitzeko eta antzemateko jasotzen diren neurriak7 eta genero indarkeriaren biktimak diren emakumeei aintzatesten zaizkien eskubideak.8

3. Izurri berriari aurre egiteko neurri jurisdikzionalak

3.1. Sarrera

1/2004, abenduak 28ko, genero indarkeriaren kontrako babes integraleko neurrien lege organikoaren ezaugarri nagusiak aztertuta, eta lege honek emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko aurreikusten dituen neurri garrantzitsuenak jurisdikzionalak –hau da, Epai Botereak egiten duen lanaren eremukoak– izanik, berauek aztertuko ditugu. Zehatz-mehatz legeak 5 neurri aurreikusten ditu: (1) biktimarentzat doako laguntza juridikorako eskubidea, (2) emakumearen aurkako indarkeriaz ezagutzeko epaitegien eta (3) epaitegi hauetan aritzeko fiskaltza delegatu baten sorrera, (4) ohiko prozesu zibilaren eta penalaren erabilera eta (5) genero indarkeriaren biktimak diren emakumeak babesteko neurri judizialak. Jarraian banaka aztertuko ditugu.

3.2. Biktimaren eskubide jurisdizionalak

Edozein herritarrak bezala, genero indarkeria pairatzen duen emakumeak akzio eskubidea dauka. Beste hitz batzuetan, epai-bidezko babes eraginkorrerako eskubidea aintzatesten zaio, hau da, EK-ren 24. art.-rekin bat, bere eskubide eta interesak epaile aurrean babesteko eskubidea, beti ere, epaileen aurrean babes-gabezian ezin gera daitekeelarik.9 Delituen kasuan akzio eskubidea Estatuak bakarrik duen zigortzeko eskubidea (ius puniendi delakoa) aplikatzea egokia den edo ez adierazten duen prozesu baterako eskubidea da.10

Akzio eskubidearen parte da norbaitek baliabide ekonomikorik ez duenean doako laguntza juridikoa jasotzeko eskubidea. Eskubide hau zuzenbidearen arlo eta pertsona guztientzako 1/1996, urtarrilak 10eko, Doako Laguntza Juridikoaren Legeak arautzen badu ere, 1/2004 legeak berariaz esaten du genero indarkeria pairatzen duten emakume guztiek printzipioz doako defentsa juridiko espezializatua izango dutela, nahiz eta beranduago eskubide hau aintzatesten duen batzorde administratiboak berau ukatzen badie, egindako gastuak bere kontukoak izan (20 art.). Beraz, argi gera bedi legegilearen asmoa genero indarkeriaren biktima diren emakumeei berehalako babes juridiko egokia ematea dela, horretarako zuzenean doako laguntza juridikoa aintzatetsiz, nahiz eta beranduago emakume jakin batek horretarako eskubidea ez duela jakitean, egindako gastuak berak ordaindu behar.

3.3. Emakumearen aurkako indarkeriaz ezagutzeko epaitegiak

Zalantza gabe gai honetan legelariak egin duen apustu nagusiaren aurrean gaude. Gaitz larri honi aurre egiteko epaitegi bereziak sortu dira, emakumearen aurkako indarkeriaz ezagutzeko epaitegiak alegia, barruti judizial bakoitzean gutxienez bat.11

Emakumeen kontrako indarkerian espezializatutako organoak dira. Beraiek ezagutuko dituzte arazo larri honen inguruan agertzen diren kontu penal eta zibilak.12 Azken hau da bere ezaugarri nagusia: epaile berdinak13 indarkeria kasu zehatzaren inguruko ondorio guztiak aztertuko ditu. Duda izpirik gabe, arazoari aurre egiteko eta indarkeriaren biktimak bereziki eta osotoro babesteko formarik egokiena da.

Bai arlo zibilean, bai zigor arloan epaitegi hauek ematen dituzten erabakiak Entzutegi Probintzialean helegiten dira (EBLO-ren 82 art., 1/2004 legearen 45 eta 46 art.-ekin bat).

Argazkia: kellywoolen

Argazkia: kellywoolen.

3.4. Emakumearen aurkako indarkeriaren inguruan Fiskaltza Delegatua

Organo jurisdikzionaletan aritzen diren epaileei, justizia egiteko bidean, epaitzea eta epaitutakoa betearaztea badagokie (EK-ren 117.3 art.), Ministerio Fiskalari lan horretan haiei laguntzea dagokio.14 Testuinguru honetan, legelariak emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko Ministerio Fiskala tresna garrantzitsutzat joz, emakumearen aurkako indarkeriaren inguruan fiskaltza delegatua sortu du. Bere lan garrantzitsuena gai honen inguruan, bai arlo zibilean, bai zigor arloan, fiskalei dagokien lana koordinatzea da. Fiskal delegatu hau Estatuko Fiskal Nagusiak izendatzen du.

Fiskal delegatu honen menpe, 1/2004 legeak Justizia Auzitegi Nagusi guztietan eta Entzutegi Probintzialetan emakumearen aurkako indarkerian espezializatuta dauden fiskalak jardutea aurreikusten du. Kontu zibiletan (ezkontzaren deuseztasuna, banaketa edo dibortzioa, umeen ingurukoa,...) eta penaletan arituko dira. Guztiek, emakumeen indarkeriaren inguruko heziketa egokia izango dute.

3.5. Emakumearen aurkako indarkeriaren inguruan ematen diren prozesu zibil eta penalak

1/2004 lege organikoak ez du emakumearen indarkeriaren inguruko gatazka eta arazoez ezagutzeko prozesu zibil eta penal berririk sortzen. Hala ere berezitasun batzuk aurreikusi dira:

-Arazo zibil baten inguruan prozesu bat ematen ari bada Lehen Auzialdiko Epaitegi edo Familia Epaitegi baten aurrean (dibortzio bat, guraso eta seme-alaben arteko harremanak,...) eta bere inguruan genero indarkeria agertzen bada, kasu horretaz ebaztea Emakumearen aurkako indarkeriaz ezagutzeko epaitegiari egokituko zaio.

-Kontu zibiletarako legitimazio bereziak aintzatesten dira. Horrela, Emakumearen aurkako indarkeriaren Gobernuko Delegatu bereziak indarkeriaren biktima diren emakumeen eskubide eta interesak defendi ditzake (1/2004 legearen 29.2 art.) eta emakumearen irudia iraintzen duen publizitatearen aurka aipatutako Delegatua, Erkidego Autonomoak, Ministerio Fiskala eta emakumeen interesak babestea xede duten erakundeak ager daitezke (1/2004 legearen 12 art.). Era berean, indarkeriaren biktima den emakumea sozialki babesteko Erkidego Autonomoetako edo Udaletako Zerbitzu Sozialak zuzenean epaitegietara joan daitezke horretarako neurri eske (1/2004 Legearen 19.4 art.).

-Bai prozesu zibilean, bai zigor prozesuan, indarkeriaren inguruko kontuak konpontzeko bitartekaritza erabiltzea debekatzen da (1/2004 legearen 44 art.).15

-Zigor prozesuan, eta kontuaren garrantzia dela eta, sententzia ahalik eta lasterren jakinarazi behar dela xedatzen da (1/2004 legearen 53 art.).

-Zigor prozesuan, gizon bat bere emaztea edo bikotearen kontra indarkeria erabiltzeagatik kondenatzen bada, alarguntasunaren inguruko laguntzak eta pentsioak galtzea ekarriko du sententziak berarekin (1/2004 legearen 1 Xedapen Gehigarria).

3.6. Genero indarkeriaren biktimak diren emakumeak babesteko neurri judizialak

Epaileen lanaren inguruan 1/2004 legeak dakarren beste tresna garrantzitsu bat indarkeria pairatzen ari den edo pairatu duen emakumea babesteko aurreikusten diren neurriak dira. Neurri hauek auto bidez erabakitzen ditu emakumeen kontrako indarkerian espezializatutako epaileak, Ministerio Fiskala eta alderdiak entzun ondoren. Nork eska ditzake neurriok? Nahiz eta alderdiek edo legitimazio berezia dutenek (Gobernuko delegatu bereziak edo gizarte zerbitzuek) eska ditzaketen, epaileak ofizioz ere erabaki ditzake.

Era berean, neurri hauek bi mementotan eman edo aitortu daitezke: emakumearen kontrako indarkeriaren inguruko prozesu zibila edo eta penala ebazten ari den bitartean16 edo eta, behin sententzia eman eta gero. Bigarren kasuan, zigorraren parte diren segurtasun neurrien aurrean gaude.

1/2004 legeak genero indarkeriaren biktimak diren emakumeak babesteko jasotzen dituen neurriak ez dira numerus clausus, hau da, batzuk berariaz arautzen ditu, baina epaileak nahi izanez gero beste batzuk erabili edo ezarri ditzake. Legeak honako neurriak xedatzen ditu: biktimaren intimitatearen babesa, delitugilea etxetik ateratzea, delitugilea biktimatik urruntzea, delitugileari biktimarekin komunikazioak izatea debekatzea, guraso-agintearen esekipena, adingutxikoen zaintza eta kustodia esekitzea, bisiten eraentzearen esekipena, armak izateko debekua eta babes ordena.

3. Ondorioak

Emakumeen aurkako indarkeria izenik gabeko basakeria da eta horren kontra legearen eskutik egindako guztia ona da. Baina justizia eta epaile-sistema “gaixorik” dagoen norbait osatzeko bide egokia al da? Epaitegi bereziak sortu dira, fiskaltza berezia antolatu, biktimei eskubide egokiak aintzatetsi zaizkie,... baina arazoarekin bukatu al da? Ezin uka daiteke emakumeen aurkako indarkeriaz ezagutzeko sortutako epaitegi bereziak eta berezituak lanez gainezka dauden bitartean,17 astero, kasik egunero, emakumeren batek bere senar edo eta bikotearen eskuetan ematen duela azken arnasa. Panorama honen aurrean, nahiz eta justizian sinestu, justiziaren inguruan lanean aritzen den honek, 1/2004 legea indarrean sartu zenetik, emakumeen aurkako indarkeria gutxitu ezik, asko gehitu dela ikusiz, heziketan eta prebentzioan indar gehiago egin behar dela uste du. Arazoa sustraitik moztu behar da. Genero gatazka ematen denean baliabideak erabiltzea egokia da, baina aurretik prebentzioa da garrantzitsuena. Inoiz ez da egongo izurrite honekin bukatuko duen lege eta epaile-sistema egokirik, arazoa heziketa kontua delako. Gizonak eta emakumeak, emakumeak eta gizonak, umeak, gazteak, helduak eta zaharrak, genero berdintasunean hezitu behar dira. Eskolan eta familian. Komunikabideetan eta kalean. Eta besterik ez dagoenean, epaitegietan.

1 Iturria: Espainiako Emakumearen Institutua

2 Lege hau ez da ezerezetik sortu, aurreko beste xedapen legal batzuen azken eboluzioa izanik. Lege organiko honen aurrekariak bikainki azaltzen ditu, bai Espanian, bai nazioarteko mailan, GÓMEZ COLOMER, J.L.-k, Violencia de género y proceso, Tirant lo blanch, Valencia 2007, 29 or. Lege honen testuingurua azaltzen du baita ere, MAGRO SERVET, V.-k, “El juzgado competente para conocer de la violencia de género en la Ley Orgánica 1/2004, de 28 de diciembre, de medidas de protección integral”, La Ley: Revista jurídica española de doctrina, jurisprudencia y bibliografía, 2005/2 zk.

3 Legeak berariaz aipatzen ditu askatasun sexualaren urrapenak, mehatzuak, koakzioak eta askatasun gabetzeak.

4 Zenbait iruzkin. Batetik, senar-emaztea batera bizi behar dira, ezkontzak hori galdatzen baitu Kode Zibilarekin bat (68. art.). Bestetik, definizio honekin bat, emakumeak gizonaren edo senarraren kontra burututako indarkeria ez da genero indarkeria, kasu honetan legeria berezia baino (1/2004 lege organikoa), zigor lege arrunta aplikatzen delarik. Gauzak horrela, genero indarkeriaren kontzeptu honetan argi ikusten dugu legelariak emakumearen alde erakusten duen diskriminazio positiboa.

5 Elementu honetan legelariak adingutxikoak eta ez-gaituak bereziki babestu nahi dituela argi ikusten dugu. Hala ere, kasu hauetan genero indarkeriaz baino etxe-indarkeriaz mintzatzea egokiago litzateke. Edozein kasutan, deigarria da legelaria ume eta adingutxikoez mintzatzea eta ez bestelako ahaideetaz (guraso, aitaginarreba, amaginarreba,...).

6 Legeak emakumearen kontrako indarkeriari aurre egiteko Gobernuko Delegazio berezi bat (29 art.) eta estatu mailako behatoki bat (30 art.) sortzen ditu. Era beran, Estatuko maila guztietako poliziak epaileen zerbitzura jartzen ditu gai honetan (31.1 art.) eta administrazio desberdinen arteko lankidetza galdatzen du (32 art.)

7 Batez ere, heziketa, publizitate eta osasun mailakoak.

8 Hauen barnean, bereziki azpimarratu behar ditugu informaziorako eskubidea (17 art.), gizarte laguntza osorako eskubidea (19 art.), Lan eta Gizarte Segurantzaren arloan aintzatesten zaizkien eskubideak (21 art.) eta eskubide ekonomikoak (27 art.).

9 Akzioa edo akzio eskubidea, jurisdikzioarekin eta prozesuarekin batera, Zuzenbide Jurisdikzionalaren ardatza da. Akzioaren parte dira, besteak beste, epaileetara jotzeko eskubidea, prozesuan legeak alderdiei aurreikusten dizkien eskubideak egikaritzeko aukera (legeak aurretiaz zehaztutako epailerako eskubidea, abokatuaren defentsarako eskubidea, atzerapenik gabeko prozesu publiko baterako eskubidea,...) babesgabeziaren debekua, erabaki baterako eskubidea, erabaki hori betearazteko eskubidea, helegiteetarako eskubidea eta babes kautelarrerako eskubidea. Elementu honen azterketa bikaina egiten dute, MONTERO AROCA, J., GÓMEZ COLOMER, J.L., MONTÓN REDONDO, A., BARONA VILAR, S.-k, Derecho jurisdiccional I. Parte general, 15 arg., Tirant lo blanch, Valentzia 2007, 253 or. eta hur.

10 Auzitegi Konstituzionalak (aurrerantzean, AK) ius ut procedatur deitzen duen eskubidea da. Horrela, AK-ren 108/1983, azaroak 29ko sententzia, AK-ren 1/1985, urtarrilak 9ko sententzia, AK-ren 191/1989, azaroak 16ko sententzia eta AK-ren 37/1993, otsailak 8ko sententzia.

11 Oraindik sortzen ari dira. Gainera, Epai Boterearen Lege Organikoak (aurrerantzean, EBLO) beste bi aukera aurreikusten ditu: (1) jada existitzen diren Lehen Auzialdiko edo eta Instrukzioko epaitegiak emakumearen aurkako indarkeriaz ezagutzeko epaitegi bihurtzea (2) edo haiek bere ohiko gaietaz aparte emakumeen kontrako indarkeriaz ezagutzea. Aukera hauek aztertzen ditu, MAGRO SERVET, V.-k, “El juzgado competente para conocer de la violencia de género en la Ley Orgánica 1/2004, de 28 de diciembre, de medidas de protección integral”, Cuadernos de Derecho Judicial, 2005/22 zk.

12 Arlo zibilean ondorengo kontuak ezagutuko dituzte (EBLO-ren 87 ter 2 art., 1/2004 legearen 44 art.-ak aldatua): filiazioa, aitatasuna eta amatasuna; ezkontzaren baliogabetasuna, banaketa eta dibortzioa; seme-alaben eta gurasen arteko harremanak; familiaren inguruko neurriak erabakitzea edo aldatzea; adingutxiko seme-alaben zaintza eta kustodia eta elikagaiak; adopzioan baiespen beharra eta adingutxikoak babesteko erabaki administratiboen helegitea. Hauek guztiak sakon aztertzen ditu, PLANCHADELL GARGALLO, A.-k, “La competencia del Juez de Violencia sobre la Mujer”, ZZAA (Kor. BOIX REIG, J., MARTÍNEZ GARCÍA, E.), La nueva Ley contra la Violencia de Género (LO 1/2004, de 28 de diciembre), Iustel, Madril 2005, 299 or. eta hur. Zigor arloan aldiz, emakumeen kontrako indarkeriaren inguruko delituen instrukzioa (erahilketa, lesioak, askatasunaren kontrako delituak,...) (EBLO-ren 87 ter 1 art.); emakumeen kontrako indarkeriaren inguruko falten ebazpena, emakumea babesteko neurriak ematea eta epaiketa azkarretan konformitatezko sententziak ematea dagokie. Berauetan sakontzen du LARRAURI, E.-k, Mujeres y Sistema penal. Violencia doméstica, B de F, Montevideo-Buenos Aires 2008, 199 or. eta hur.

13 Pertsonabakarreko organo jurisdikzionalak dira. Epaile karrerako kide den epaile batek zerbitzatzen ditu.

14 Zehazki, EK-rekin bat Ministerio Fiskalak epaileei justizia egiten edo banatzen lagundu behar die, legezkotasuna, herritarren eskubideak eta legeak babestutako interes publikoa zaintzeko. Era berean, epaitegien independentzia eta berauek gizarte interesa asetzen dutela zaindu behar du (124 art.)

15 Bitartekaritzan alderdien arteko adostasuna bilatzen da gatazkari bukaera emateko. Honen inguruko gogoeta interesgarria egiten du, ESQUINAS VALVERDE, P.-k, Mediación entre víctima y agresor en la violencia de género, Tirant lo blanch, Valentzia 2008.

16 Kasu honetan benetazko neurri kautelarrak dira, hau da, adierazpenezko edo betearazpenezko prozesu baten arrakasta bermatzea xede duten neurriak.

17 Ikus Espania osoko datuak Epai Boterearen Kontseilu Orokorraren web orrian.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media