Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Euskal Herriko Natura aldizkaria 36 zbk.
Lea ibaiaren arroa herrialdearen iparrekialdean dago. 62 km-ko luzera dauka, eta 81,18 km2-ko azalera hartzen du.
Oiz mendiaren iparreko maldetan du iturburua eta ipar-iparralderako norabidearekin egiten du aurrera Munitibar, Aulesti eta Gizaburuaga zeharkatuz, eta Lekeitioko itsasadarrean itsasoratzen da. Ibilbidearen hasieran Lea ibaiari Oiz deritzo, eta ez du behin-betiko izena hartuko Nabarniz ibaiaren urak jaso arte, Aulestiren parean, alegia. Udal mugarte horretan, Beko-Errota eta Errotabarri uhasken artean, amuarrain arrantzarako barrupea dago, bai eta izokin barrupe sarria ere.
Lea ibaiaren ibilbidea ez da batere uniformea. Lehenbiziko kilometroetan Oizen gailurretatik abiatu, malda handietan behera egin eta haranaren hondoraino jaisten da; beraz, oso luzera motzean 800 metroko goibehea gainditzen du. Handitik aurrera ibaiaren zati on bat haran zabal batean gertatzen da baina ubidea berriro ere estutu egiten zaigu. Kilometro batzuk igaro ondoren, Lekeitioko itsasadarraren ingurura hurbildu ahala, zabaldu egiten da.
Espazioak Lekeition itsasoratzen den Lea ibaiaren itsasadarra eta padurak barne hartzen ditu. Gainera, Lumetxa, muinoa ere biltzen du, itsasadarraren ezkerraldea eta Lekeitio bitartean.
Itsasadar txikiaren paisaia ezaugarria, ibaibide meandriforme eta aldakorrekoa da, marearen erritmoaren arabera. Ondorioz, uraren mailak gora-beherak ditu. Harana oso txikia da eta bertan belardiak eta padurako landaredia nahasten dira.
Haranaren oinean altxatzen den Lumentza muinoak (116 m) kontrastea egiten du itsasadarraren eskuinaldeko tarte gutxi-asko malkartsuekin. Nahiz eta leku txikia izan, paisaiari dagokionez balio handia du. Alderdi geologikoa kontuan hartuta, haranaren (itsasadarra) lurzorua Kuaternarioko depositu alubialez osatuta da. Muinoaren lurzorua, berriz, substratu-mota horietan ohikoak diren fenomeno karstikoak jasan dituzten kararri arrezifalezkoak dira.
Itsasadar-bazterren zati bat aldatuta dago eta belardi eta labore gisa aprobetxatzen da. Behealdean, eskuinaldeko bazterrean, urari eutsi eta drainatzeko lanak egin izan dira, baina uraren eraginez lur hezeetako landarediak lurra berriro kolonizatu du. Bazterretako tarte malkartsuak baso-erabilerakoak dira. Lumentxa muinoan Lekeitioko biztanleentzako atseden-funtzioa (ibilbideak, etab.) gaineratu behar da. Mendixka horren ipar eta ekialdeko ertzak herriarekin muga egiten duenez, urbanizazioak muinoa ukitu eta bertan eraginik ere badu.
Itsasadarrean ingurune hauetako komunitate ezaugarri eta esklusiboen elementu nabariak gordetzen dira, oso gazitasun aldakorra duten eta ur gezako habitatekin (lezkadiak) elkartzen diren uretan ezartzen direnetik hasita, soilik gaziak diren ur eta lurzoruetan besterik hazten direnetara iritsi arte. Ingurune hauetako espezie ezaugarrien artean ondoko hauek aipa ditzakegu: Juncus maritimus, Juncus gerardi, Scirpus maritimus, Tamarix gallica (itsasadarraren atzeko tartean dagoen irlatxoan ugari dago), Elymus pincnanthus, Aster tri polium, Atriplex hastata, Carex extensa, Inula crithmoides, Triglochin maritima, Halimione portulacoides, Puccinellia fasciculata, Spergularia maritima, Frankenia laevis, Glaux maritima, Limonium vulgare, Salicornia ramosissima, etab.
Landare bitxiak ere badaude, zeinak babestu beharrekoak baitira bai euren urritasunagatik eta bai hauskortasunagatik; horien artean Salicornia obscura nabarmentzen da, eta landare hau estuario honetan eta Txingudin (Gipuzkoa) bakarrik aurki daiteke Euskal Herrian.
Bizkaiko Golkoko beste hainbat paduretan bezala, Baccharis halimifolia landareak Lea ibaia bere gunetzat hartzea mehatxu larria da, arriskuan jartzen baititu gune hauetan berezkoak diren ihidi subhalofiloak. Lumentxa muinoan artadi kantauriarraren erakusgarri bikaina aurki daiteke; artadia, basosail landatuekin nahasita, itsasadarraren eskuinaldeko tarte batzuetan ere badago.
Itsasadar txiki hau, jatorrizko habitataren zati bat gorde duten guztiak bezalaxe, ingurune akuatikoari nola edo hala lotutako hegazti migratzaile ugarirentzat geratu eta atseden hartzeko eta, kasu batzuetan, negua pasatzeko puntua da: anatidoak, lertxuna (Ardea cinerea), lertxuntxo txikia (irispide zaila duten artadiaren guneak gorde eta atseden hartzeko leku gisa erabiltzen du); limozaleak (txirri arrunta, txirritxoa, bernagorria, kurlinta, etab). Ziurrenik bertan habiak egiten dituen lezkari arrunta (Acrocephalus scirpaeus) ere aipatzekoa da.
Gainera, estuarioetan hainbat itsas hegaztien espezie azaltzen dira. Batzuk, esaterako, kaio hauskara, sarritan agertzen dira eta beste batzuk, berriz, neguan eta talde handitan, adibidez, antxeta mokogorria. Arrain-faunari eta uretako eta sedimentuetako ornogabeen talde ugariei esker bizi dira hegazti horietako asko.
Arro honetan aurkitu dugun landaredia aldatu egiten da ibilbidearen goialdetik behealdera; esaterako, lehen atalean Lea ibaiaren urbazterretan basoa ederto batean artatu dela ikusiko dugu. Ibaiaren hasierako ibilbidean azaltzen zaigun gainerako landaredia koniferen birlandaketez osatzen da, tarteka bazkarako larreak eta soroak azaldu arren. Zenbat eta gehiago itsasoratu, orduan eta urbazterrak ibaiburuan duen landare-aberastasuna galtzen duela konturatuko gara.
Lea ibaia iragotzen den haran-hondo estua landaketetarako, belarditarako eta, maila txikiagoan, basoa berritzeko baliatzen da. Askotan haltzadiak zuhaitzen marra etena dirudi, eta aurrez aipatutako haran-hondoaren erabilerak ibilguraino heltzen dira.
Tarte altuetan ibaiertzeko landaretza hobeto mantentzen da, eta hor haltz
beltzak, haritzak, lizar arruntak eta
hurrondoak hazten dira.
Ibilguak oso gorabehera gutxi dituenez, dudarik gabe horrek asko laguntzen du bisoi europarra ondo egon dadin. Horrez gain, mesede handia egiten dio baita ere uren kalitate onak, estuarioaren ondoko gunean bakarrik eutrofizatu baitaiteke, edo bestela agorraldian hiriko isurketen nahiz baratzen ongarrien fosfatoengatik.
Lea ibaiaren haran zabala harearrizko eta buztinezko lurrez osatzen da tarte garaian eta kareharrizko lurrez ibilbidearen zati handi batean. Ibaiaren ibilguak harri asko du bokaleraino. Eta han area eta lohia nagusitzen dira padura txiki bat eratzean. Ibaian zehar presa eta presa txiki asko daude iktiofaunaren desplazamendua eragozten dutenak, baina bestalde ibaiko habitat- aniztasuna bultzatzen dute presa horiek, euren eraginez ur-geldi txikiak agertzen baitira, eta haiekin tartekatuta ur-lasterrak.
Lea ibaian bisoi europarra egoteak interes komunitarioa ematen dio ibaiari; izan ere, espezie honen biziraupenak mehatxu larria du nazioarteko mailan. Izaki hauek oso urriak dira Euskal Herrian eta oso sakabanatuta daude. Uneko gune bakoitza babesteak garrantzia handia du.
Berez bisoiak ez luke elikadura arazorik izan behar ibai honetan, fauna oso aberatsa izan eta mantentzen baitu ibilbide guztian zehar. Uraren kalitate ona argi ikusten da era guztietako ornogabeen ugaritasunean, eta ur-kalitate onaren adierazgarri ditugu, halaber, amuarrainak, ezkailuak, angulak… eta izokina ere bai, zaina ibaiaren uretan Oleta herriraino heltzen baita.
Irakurleen iritziak:
comments powered by Disqus