Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Carmen Mijangos Ugarte Kimikaria
Ez da zail asmatzen zein eragin handia izango duen polimero berrien alorreko ikerkuntzak etorkizun hurbilean egungo gizartean. Teknologia berri guztiek (hegazkin supersoniko, abiadura handiko tren, sakelako telefonoen bateria txiki, optoelektronika, inplante kirurgiko, ehun sintetiko berri, etab.) oso ezaugarri zehatzak dituzten materialen garapena behar dute. Polimero berrien (plastikoak, adierarik herrikoienean) ikerketarik eta ezagutzarik gabe, teknologia horiek ezingo lirateke garatu etorkizunean, ez eta amestu.
Bistakoa da polimeroek sekulako garapena iritsiko dutela 2020rako. Funtsezko bi arrazoigatik. Lehena, haietaz dugun ezagutza zabalagatik. Nahiz eta polimeroen aurkikuntza eta ikerkuntza nahiko berriak diren beste material batzuenen aldean, polimeroen zientziak lorpen handiak iritsi ditu: monomero eta polimero berrien sintesian, polimerizazioaren zinetikaren eta termodinamikaren deskribapenean, mikroegituraren eta kristalinitatearen determinazioan, polimeroen eta kopolimeroen konposizio kimikoaren iragarpenean, erlaxazio molekularraren eta trantsizio termikoen, propietate mekanikoen, eroapen elektrikoaren, polimero-polimero eta polimero-karga interakzioen azterketan, eta polimeroen biskoelastikotasunaren eta eraldaketa-prozesuen ezagutzan. Polimeroen alorrean iritsitako ezagutza hori ikertzaileei 5 Nobel sari emanda aitortu dute. Bigarren arrazoia, berriz, polimeroen berezko propietateetan oinarritzen da. Hauek aipa daitezke: aukera zabala eta ezin konta ahala egitura polimeriko egingarri; dentsitate txikia, horrek beste material batzuk baino arinagoak egiten baititu, prozesagarritasun erraza eta energia-kontsumo txikia; merkeak, eta, guztietan garrantzitsuena, propietate espezifikoen espektro zabala: eroaleak eta isolatzaileak, gardenak eta opakuak, malguak eta zurrunak, iragazkorrak eta iragazgaitzak, eta, gainera, metalek adinako erresistentzia eduki dezakete.
Argazkia: D'Arcy Norman.
Polimeroen zientziak erronka garrantzitsuak konpondu behar ditu 2020rako; hauek, besteak beste: atxikidura fenomenoa, eta gainazalen eta fasearteen kimikaren kontrola; arkitektura “ordenatuko” eta eskala nanometrikoko polimeroak eskuratzea, eta konfinamenduak polimeroaren azken propietateetan dituen efektuak zehaztea; dinamika molekularraren jatorria eta haren balizko orokortzea, eta edozein polimeroren egitura eta haren propietateak iragartzea erraztuko duten simulazio-programak. “Neurrira egindako” polimeroa eskuratu nahi da, premia bakoitzari zehatz erantzungo diona. Gainera, polimeroek iraunkortasun-konpromiso bat daukate ingurumenarekin, eta erronka garrantzitsu bat konpondu behar dute horretarako: polimeroak sortzeko beste iturri batzuk aurkitzea, petrolioaz kanpo.
2020an, material polimeroek aukera teknologiko handiak edukiko dituzte Energian, Osasungintzan, Garraioan, Ingurumenean eta beste alor batzuetan. Adibide batzuk aipatuko ditugu: almidoia, zelulosa, azido polilaktikoa eta abar bezalako polimero natural biodegradagarriak, ontzi gisa erabiltzeko. 2030ean “zero hondakin” sortzea hitzartu delako da hori.
Giza gorputzeko ehunak birsortzeko biomaterialak, in vitro-ko zelula-hazkuntza espezifiko batzuetatik abiatuta, euskarri bat (normalean sistema polimeriko porotsu eta biodegradagarri bat) erabiltzen dela, gero haiek giza organismoan ezartzeko, eta giza gorputzean era guztietako inplanteak egiteko biomaterialak.
Pantaila bilgarriak egiteko polimeroak (elektronika malgua). Polimero nanoegituratuak, zeinak beste material batzuekin konbinatuta nanosentsoretzat eta estimuluri erantzuteko materialtzat erabiliko diren. Polimerotan oinarritutako material konposatuek gero eta eskari handiago izango dute, eta ugari erabiliko dira garraioan (aeronautika, trenak, automobilgintza...) eta energia sortzeko sistemetan (aerosorgailuak).
Zorionez, helburu horiek guztiak iristeko, gizarteak baditu baliabideak: polimerotan espezializatutako ikertzaile handiak, material horietan buru-belarri lanean ari den industria-sektore garrantzitsu bat, eta zehazki zientziaren eta teknologiaren alor horretarako sortutako ikerketa-programak.
Irakurleen iritziak:
comments powered by Disqus