Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Historia liburuek gertaera historikoen kontakizuna egiten dute normalean, aroz aro, mendez mende, nork non zer egin zuen, nor heldu zen gero, zer zitzazion honi edota beste hari gertatu ondoren. Horien guztien gora-beherak zehazki ikuskaturik eta azaldurik ageri dira ikerketa historiko ugaritan, bederen ezagutu daitekeen neurrian. Denboran barnako mende urrunenetakoak maiz sobera lauso eta ilun baizik ez dira ageri, doi-doia jende izen zerrenda bat zenbait kasutan, osoagoak eta sendoagoak bestetan, kasik guztiz agerikoak hurbilenetan.
Baina, betiere, herri xeheaz gain zeuden jendea da ageri dena eta, bereziki, politika deitzen den arlokoa: errege-erreginak, militarrak, konkistatzaileak, handikiak, apezpikuak, inkisidoreak, jujeak, jauntxoak...
“Euskara Jendea. Gure hizkuntzaren historia, gure Historiaren hizkuntza” dibulgazio alorreko historia liburua da, baina hizkuntz/ kultur komunitatea osatzen duen herri arruntaren gora-beherak kontatzeko interesgarriago zitzaidan, handikienak baino. Egia esateko, hori ere azaldu, azaltzen da laburki, baina komunitatean zituzten ondorioengatik. Herria edo herritarrak aipatzerakoan hizkuntz-komunitatea nuen beti buruan, funtsean horrek bereizten baitu gainerako herrietatik eta halaxe, segurki ez kasualitatez, definitu baitzuen bera burua euskal kulturak: Euskararen Herria, Euskaraz mintzo den jendearen herria, alegia.
Beraz, liburu honen subjektua Euskara Jendea da, ezin delakoz –ene ustez– hizkuntza hiztunengandik berezi, hiztunek dute egiten, garatzen, baztertzen, edertzen, galtzen... hitz egiten, identitatearen funts eta oinarri baita.
Hau guztia azaldu nahian, ildo paralelo desberdinak ageri dira liburu guztian barna. Lehenengoan gertaera historikoen narrazio kronologikoa heldu da, hizkuntz komunitatean zuzenki eragiten zuten horiena, alegia.
Bigarrenean, eragin horren aztarnen adibideak azaltzen dira, bai hizkuntzan berean (hala gramatikan, nola hiztegian), bai eta kulturan ere. Ahaztu egin gabe hizkuntz komunitatearen trinkotasunean zuten ondorioa, esan nahi baita garaian garaiko egoera soziolinguistikoa. Osagarri den ildo honetan, adibide aukeratu zenbaiten bidez, erakutsi nahi da politikaren eragina kulturan, ez baitira bi mundu bereiz.
Askotan, gertaera historikoak eta haien ondorioak bizi izan zituztenen iritziak eta lekukotasunak bildurik daude mendetan metatutako administrazio idazkietan, berdin auzi, nola txosten, salaketak edo berdin jaiak; hauen aukeraketa batek “Lekukoak Mintzo” atala osatzen du, garrantzitsua iruditzen baitzitzaidan hitza ematea kontatzen dena bizitu edota pairatu zutenei.
Laugarren ildoa lekukotasun idatziek betetzen dute. Denboran barna, idazle desberdinek beren iritzia emana zuten gertatzen eta ikusten zutenari buruz; bereziki hizkuntz komunitatea eta kulturari buruzko gogoeta hauen aukeraketa bat da atari honetan ageri dena, historiako protagonistek bizitutakoa zuzenki konta dakioten irakurleari.
Euskal Herrian gaindi mendez mende iraganikako bidaiari ugarik bere testigantza ere utzia dute euskaldunei eta gure kulturari buruzkoa; interesgarriak direlakoan, iritzi horien hautapen adierazgarri batek du azken ildoa osatzen.
Horrela, osagarri diren bost ildo paralelo hauen bidez, Euskararen historia azaltzen da, historiaurretik hasirik gaur egun arte, historia hau hiztunek osatzen duten komunitatearena dela nabarmenduz, esan nahi baita Euskara Jendearena.
Irakurleen iritziak:
comments powered by Disqus