Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Susana IRIGARAY SOTO, Julio Caro Baroja, Nafarroako Etnologia Museoa
Jose Migel Barandiaran Aierbe Ataungo San Gregorion jaio zen, Gipuzkoan, Murkondo auzoko Perunezarra baserrian, 1889ko abenduaren 31n. Haurtzarotik ikasle ona izanik, apaiz-ikasketak egiten hasi eta apaiz egin zuten Gasteizen, 1914an. 1916an hiri hartako Kontzilio Seminarioan sartu zen zientzia-irakasle eta diziplina-prefektu gisa, eta han jarraitu zuen 1936. urtera arte.
Euskal Herriko kulturari buruzko ikerketek gazte-gaztetatik erakarri zuten. 1916an zenbait trikuharri aurkitu zituen Gipuzkoa aldeko Aralarren; haiek izan ziren Jose Migelen lehen aurkikuntza garrantzitsuak. Ia hogei urtez, Barandiaranen izena Enrique Egurenen eta Telesforo Aranzadiren izenekin loturik egon zen, lurralde osoko ikerkuntza arkeologiko eta antropologikoaren alorrean; garai hartako Europako aditu handiekin ere, hala nola, Henri Breuil abadearekin, harremanak izan zituen. Talde horrek azterketa-, indusketa- eta argitalpen-lan sakona gauzatu zuen Espainiako gerra zibila hasi arte, eta XX. mendeko historiografian jadanik klasikotzat hartzen diren hainbat aztarnategi ikertu zituen: Santimamiñe, Lumentxa, Bolinkoba eta Euskal Herriko trikuharri eremu gehienak. Zoritxarrez, gerra zibilaren eraginez, taldea sakabanatu eta haren lanak eten egin ziren.
Hamazazpi urteko erbestealdia hasi zen orduan, eta horietatik hamahiru Saran igaro zituen; horrela, Sara eta jaioterria, Ataun, Jose Migelen bizitzako erreferentzia-puntu geografiko eta kuttunak bilakatu ziren.
Espainiatik behartuta irten aurretik, Barandiaranek ikerketa-gaietan lan egin zuten eta garai hartako gorabehera politikoetan bizirik iraun zuten zenbait erakunde sortu zituen: Eusko Ikaskuntzaren barruan, historiaurreari buruzko Ikuska mintegia; Anuario de Eusko-Folklore (Euskal Folklorearen urtekaria) aldizkaria; eta Eusko-Folklore elkartea, Manuel Lekuonarekin eta beste pertsona ospetsu batzuekin sortutakoa. Horiek guztiak 1921. urte emankorrean agertu ziren.
1953an itzuli zen bere herrira, Antonio Tovar Salamancako Unibertsitateko errektoreak deituta, izan ere, euskarazko Manuel de Larramendi Katedra Zikloa inauguratzea proposatu baitzion. Barandiaranek berehala ekin zien gerra garaian etendako lanei, inguruan aditu gazteen talde berri bat zuela. Garai hartakoak dira Ekaingo eta Altxerriko haitzuloetako arte-multzo handien azterketa, Arabako Errioxako trikuharri multzoena eta leize-zulo eta babeslekuen indusketa.
1962an, Barandiaranek bultzaturik eta haren lehendakaritzapean, Aranzadi Arkeologia Ikerketen elkartea sortu zen. Elkarte hartan, Euskal Herriko historiaurrearen esparruko aditu guztiak elkartu ziren, den-denak On Jose Migelek indusketak egiteko eta aztarnak interpretatzeko erabiltzen zituen metodoetan hezitakoak.
1963an, Nafarroako Unibertsitateko Filosofia eta Letren Fakultateak Euskal Hizkuntza eta Kultura Katedra sortu zuen, eta Antonio Fontán dekanoak Barandiarani deitu zion Euskal Herriko etnologia ikasgaia irakats zezan. Gaiari buruz zekiena zabaldu ez ezik, ikerlari berriak trebatu ere egin nahi izan zuen orduan maisu handiak. Katedrak hamabost ikasturte iraun zuen eta, zalantzarik gabe, Euskal Etnologiako ikertzaile-belaunaldi berri baten ernamuina izan zen.
Hurrengo urteetan, hainbat Etniker talde eratu ziren; talde horiek bertatik bertarako ikerketa-lanak egin zituzten Euskal Herriko probintzia guztietan, Barandiaranek 1975ean amaitu zuen eta 800 ikerketa-gai biltzen dituen etnografia-galdeketa orokorra oinarritzat erabiliz. Lan horiek ez dira eten oraindik, eta, gaur egun, Euskal Herriko Atlas Etnografikoaren liburukietan argitaratzen dira.
Jose Migel Barandiaranen bibliografia oso zabala da eta La Gran Enciclopedia Vasca argitaletxeak bildu zuen, 1972-1984 arteko urteetan haren lan guztiak (22 liburuki) argitaratuz.
Eusko Ikaskuntzako lehendakari izan zen 1978 eta 1991 bitartean. 1988. urtean Barandiaran Fundazioa sortu zen, elkartearen ekimenez, On Jose Migelen lana zaindu eta ezagutarazteko.
Bere bizitza luzean zehar, bere lanari buruzko aitorpen ugari jaso zituen Jose Migel Barandiaranek: Honoris Causa Doktorea Madrilgo Complutense Unibertsitatean (1987); Euskaltzaindiaren Ohorezko Domina (1989); Arte Ederretako Urrezko Domina (1989); Nafarroako Urrezko Domina (1989); eta Karlos III.aren Ordenako Gurutze Handia (1991), beste sari askoren artean. 1991. urtean hil zen.
Bere ikasleetako batek, On Jose Mari Satrustegik, zientzia alorrean “galeriari begira amorerik ematen ez zuen gizon praktikoa” zela esaten zuen; beraz, Barandiaranek bilketa- eta azterketa-lana egin zuela esan daiteke, bai Arkeologian, baita Etnologian ere. Haren lanetan espekulazio gutxi dago; lekuan bertan egindako azterlanetako frogei heltzen die beti. Berak esan ohi zuen bezala, metodo arkeologikoetan bizimoduak interpretatzeko hutsuneak sumatu omen zituen, eta horiek bete nahirik hasi omen zen etnografia saileko ikerketak egiten. XX. mendearen hasieran, arkeologia oso finkatua zegoen zientzia-diziplina modura, eta ongi egiaztatutako metodologia zuen gainera; etnologia alorreko ikerketei, ordea, folklorismo kutsua zerien inolako argumentu eta oinarririk gabe. Bertatik bertarako bilketa-metodo zorrotzarekin eta emaitzak sistematizatzeko ahalmenarekin, Barandiaranek hein handi batean lagundu zuen etnologiak gure herrian zuen egoera aldatzen.
Gaur egun, oraindik ere, Euskal Kulturaren Patriarkatzat hartzen da Jose Migel Barandiaran. Izenburu horren handitasuna alde batera utzita, ukaezina da Barandiaran maisu izan zela hitzaren esanahi zentzuzkoenean. Ezagutu zuten guztiek berresten dutenez, maisu on batek izan beharreko dohain guztiak izan zituen: jakin-mina, zorroztasuna, prestutasuna, zintzotasuna eta besteenganako ardura. Bere herriko kulturaren alderdi ugari lantzen eta ikerketa-bide berriak irekitzen ez ezik, garrantzi handiko beste zerbait egiten ere jakin zuen: beste batzuei bide horietan zehar nola ibili erakustea, alegia.
Irakurleen iritziak:
comments powered by Disqus