Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
José María MUÑOA GANUZA
Gaia konplexua da eta nire lan honek hiru ardatz hauek izango ditu:
1.- Zer dira eskualdeak, zeintzuk dira hauen ezaugarri nagusiak eta zeintzuk dira Europan eskualdeen boterearen inguruan dauden aurreiritziak.
2.- Europa Batuaren egungo egiturarekin, zein egoeratan gelditzen gara estatuen mendeko erakundeak? (Euskadiren kasua).
3.- Zein aurreikuspen daude etorkizunari begira eta zeintzuk dira, nire ikuspegitik, alternatiba bideragarrienak.
Beraz, gaia bere ikuspegi instituzionaletik bakarrik jorratuko dut. Alde batera utzita mugaz gaindiko harremanena bezalako beste alderdi garrantzitsu batzuk; hau klabeetako bat da Europako eskualde politikan eta euskaldunongan eragin berezia dauka gainera.
Europako Eskualdeen Asanbladak definizio hau jaso zuen:
“Estatu zentralaren azpitik hurrengo mailan kokatzen diren erakundeak, ordezkaritza politikoa dutenak eta aukeratutako Eskualdeko Batzar baten existentziak bermatzen dituena eta, hala ez izatekotan, hurrengo maila baxuagoan dauden kolektibitateek eskualde mailan eratutako erakunde batek bermatzen dituena”.
Inplizituki, eredu homogeneo bat ez dagoela onartzen duen gainetik egindako definizioa. Eskualdeen egituraketa ezberdina da Batasuneko estatu ezberdinetan, bere garapen historiko eta ordenamendu instituzionalaren arabera.
Hala ere, onartzen da badagoela eskualde eredu “indartsu” bat nolabait esateko: legegintza eskumenak dituztenena. Eta “eskualde indartsuen” eredu honen barruan, beste azpitalde bat ere bereizi genezake: “eskualde nazionalak”. Hau da, geografia fisikoa, historia, ekonomia eta kultur ezaugarri jakin batzuk (hizkuntza, ohiturak, mentalitatea...) elkartuta homogeneotasuna dutenak. Balore zehatz hauek, bertako biztanleen kontzientzia nazionalarekin bat, bere botere legegilearen garapen eraginkorrari begira bultzada nabarmena suposatzen dute.
Eskualde hauetako batzuk naturaltasun handiago edo txikiagoarekin betierekotzen dira estatu unitate baten barruan: Baviera Alemanian, Eskozia, edota Gales Erresuma Batuan, Italiako Mezzogiornoa, Frantziako Korsika... Beste kasu batzuetan, eskualdeak bi estatu edo gehiagoren artean daude, hauen artean, Tirol, Mazedonia, Flandes, Katalunia, edota gure Euskal Herria. Horrek zailtasun handiagoak dakartza bere nortasuna eta barne kohesioari begira. Eta honek berekin tentsio politikoak dakartza zenbait kasutan.
Eskualdearen kontzeptu “fuerte” hau mendebaldeko Europaren ezaugarria da, gure kontinenteko gauza esklusiboa ez den arren. Bere sustraiak historiaren sakonenean barneratzen ditu, Estatu modernoaren jaiotzaren aurretik. Hala ere, “eskualdeen arazoa” (hala deitzerik badago) XVIII. mendetik agertzen da eta XIX.ean garatzen, guztiz zentralista eta uniformizatzailea den frantses inspirazioko doktrina liberalaren arrakastaren eskutik.
Espainiaren kasuan, 1700eko Oinordetza Gerrak eta 1833-39 eta 1872-76ko Guda Karlistek, aukera eman zioten monarkia zentralistari foru sistemak desmuntatzeko. 1936-39ko Gerra Zibilaren ondoren, Nafarroa eta Araban bakarrik mantendu ziren foru autonomiako forma arrastoak. Une hartatik aurrera, Espainian, eskualdearen kontzeptua folklorera mugatu zen, diktadurak guztiz belztuta.
Hala ere, honetan, zein beste gauza askotan, frankismoa historiaren norabidearen kontra ari zen. Izan ere, XX. mendearen bigarren erdian, Europan, gauza publikoaren kudeaketaren hobekuntzarako begi bistako abantailak agerian uzten zituela nabarmentzen hasi zen. Gaur egun, onik dagoen inork eztabaidatzen ez dituen abantailak:
Argazkia: fdecomite.
Erdibideko antolaketa unitate den heinean, eskualdea, goitik (estatutik, edota goragotik) datorren planifikazioari koherentzia eman eta hau unitate txikienetatik datozenekin (metropoliak, hiriak, probintziak eta abar) armonizatzeko gai da.
Globalizazioaren mundu honetan, eskualdea eremu aproposa da bizitzaz osatutako eszenatoki humanizatuak sortzeko. Harreman pertsonal eta integraziorako espazioa. Politika ulergarri suertatzen den partaidetza eremua.
Hemen, gero jorratuko dudan kontu bat aurreratu nahiko nuke: hiritarrengandik gertuen dauden erakundeen eraginkortasuna ez da Europaren erregionalizazioa defendatzen dugunon teoria, Europar Batasunak guztiz barneratzen baititu “subsidiariotasun” eta “proportzionalitate” printzipioen baitan.
Eskualde entitateak garapen kolektiboarentzat indar handia duela onartuta, eta eskualde jakin batzuek Europar Batasunean modu aktiboan eta berezko nortasunarekin parte hartu nahi dutela kontuan hartuta, ezinbestekoa da hauek erakundeen egituran dagokien tokian kokatzen hastea.
Gai honen mamia jorratu aurretik, Europan, eskualde fenomenoaren inguruan dauden bi aurreiritzi aipatu nahi ditut.
Inguru jakin batzuetan, erregionalismoa oztopo bat, gauza gogaikarri bat denaren pertzepzioa dago. Kasurik onenean, beharrezkoa den gaitza Europa sendo eta batu bat lortzeko bidean.
Antzeko aurreiritzia da gainditu beharreko etsaiak estatuak direla eta eskualde eta herrien benetako integrazioa Estatu hauen desintegrazioarekin batera helduko dela pentsatzen dutenena.
Nire ustez, bi jarrerak guztiz okerrak dira.
Lehendabiziko jarrera zentralismo gogorrenean garatutako mentalitateen ikuspuntu tipikoa da. Europa, iraultza liberaletik ateratako Estatu zentralizatu monolitikoek, eskala handian duten proiekzio bezala besterik ez dute irudikatzen. Beren buruetan ez da sartzen guztiz bateragarriak direla egitura politiko handienen sorrera eta egitura politiko txikienen indartzea.
Nik hauei esango nieke europeismoa eta erregionalismoa ez bakarrik ez direla kontrajarriak, bazik eta bien artean hurbiltasun handia dagoela. Bai, hala da: europeismoak (zenbait gauzatan, ez denetan), egitura eta eremu nazionalak handiagoak diren beste batzuekin ordezkatzeko joera dauka; eta erregionalismoak modu paraleo eta koordinatuan probintzietako egitura eta eremuak egungo beharrei hobeto egokitzen diren beste batzuekin ordezkatzeko joera dauka, zabalagoak baita. Ondorioz, europeismoa eta erregionalismoa elkarren osagarri dira.
Gatozen orain bigarren jarrerarekin: estatu-nazioen krisiak Europaren atomizazioa ondorio izango duen esperantza mantentzen dutenena, kontinentea erakunde autonomo multzo bilakatuko delakoan.
Utopia besterik ez da. Iraganarekin gatazka nabarmena duen utopia, baina egungoarekin ere bai eta ziurrenik etorkizunarekin ere gauza bera gertatuko zaio.
Esan bezala, eskualdeek Europaren iraganean izan zuten, orain duten eta etorkizunean izango duten papera ahazterik ez badago, Estatuen errealitate historikoa eta politikoa mesprezatzeak ez luke ez hankarik ez bururik. Haiek dira Europa eraiki zuten komunitate historiko handien espresio juridiko-politikoa eta bertako biztanleen gehiengo handi baten elkarbizitzaren garapenerako eremu egokia osatzen dute.
Egiaz, Estatu-nazioak krisian daude. Indarrik gabe agertzen dira nazioarteko botereen aurrean, mugarik gabeko merkatuen aurrean, erronka demografiko, elikagaien desafio, edota ingurumen alorreko aldaketa handien aurrean. Estatua gainezka eginda dago, baina honek ez du esan nahi baztergarria denik, eta are gutxiago erraz ordezka daitekeenik.
Europar Batasunaren helburu nagusienetakoa zera da, gure kontinentea marginalitatean ez erortzea eta behingoan munduaren egituraketan eragina izanez ahots propioarekin hitz egitea. Sendotasun hau ez da Estatuen disoluzioaren bitartez lortuko, hauen barne egituraren indartzearen bidez baizik.
Europa, bere nazio handiek osatzen duten bizkarrezurrik gabe, ornogabe geldituko litzatekeelako. Kanpora begira, izen ona galduko luke, pisu moralarekin batera. Barrukoari begira, “makrozefalia burokratikoa” jasaten amaitu lezake. Izan ere, zer gertatuko litzateke Europa erakunde-kide txikitan zatituta geldituko balitz? Erantzuna erraza da: Bruselako burokrazia botere zentralizaturantz joango litzateke, honi edozein freno eta kontrapisu kentzea erraza litzaioke eta honek ondorio latzak izango lituzke, dudarik gabe.
Nire iritziz, Europa bere estatuen batasunean oinarritu beharko litzateke juridiko eta politikoki eta, era berean, bere herri eta eskualde historikoen batasunean oinarritu beharko litzateke psikologikoki.
Batasuneko aitek erreferentzia egin zieten Europako “Herri” eta “Nazioei”, halako errekonozimenduak gaur egun batzuei eragiten dien arazorik batere sortu gabe.
Berriz ere azpimarratu nahi dut Europak osotasunean, eta kide diren Estatuek bereziki, Estatuen azpiko erakundeak kontuan hartu behar dituztela, ordenamendu juridikoak hala agintzen duelako. Baina zehaztasun berarekin azpimarratu behar da, erakunde hauek ezin dutela Estatuekin lehiatu, eta ez dutela egin behar. Hau da eskualde “indartsu” jakin batzuek duten tentazioa, aldarrikapen honekin, Estatuaren eskalafoiari salto egin nahi diotenak. Europako herrialde sendo eta deszentralizatuenetan pentsaezina den zerbait da hori, eskualde eta federatutako estatuei dagozkien eskuduntzak Estatu zentralaren bidez egin behar direla barneratu dute eta.
Praktika oker eta antzu honen adibide bat ematen digu, Eskualdeen Komitearen baitan, botere legegileak dituzten “Taldearteko” eskualdeen eraketak. Inongo emaitzarik eman ez duen alferreko ahalegina.
Guzti honek “Eskualdeen Europa” bati buruz hitz egitetik, “Europa Eskualdeekin” kontzeptuari buruz hitz egiteko garaira heldu garela pentsatzera garamatza. Hau da, Herriekin eta Estaturik gabeko Nazioekin.
Eraikitzen jarraitu behar dugun Europar Batasuna da, ez baitago mundu osoan antzeko adibiderik.
Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Lehendakariaren ordezkari lanetan aritu nintzen urteetan, Europako erakundeak eskualdeen errealitatearen aurrean sentsibilizatzen joan zirela ikusi ahal izan nuen. Garai hartan (80. hamarkada eta 90.eko hasiera) ideia-bilduma sortu eta sentsibilizazioa areagotu egin ziren erregionalizazioaren aurrean.
Mugarri garrantzitsua izan zen subsidiariotasun printzipioaren onarpena. 1984an, Europako Parlamentuak onartutako Batasunaren Hitzarmen proiektuak europar gizartea eraikitzearen alde egiten zuen...
“gehienbat behetik gora, eguneroko bizitzako komunitateetatik abiatuta, etengabeko botere ordezkaritzari esker. ‘Gaineko’ inongo erakundek ez du parte hartuko ‘beheragokoa’ den aginpide baten eskusartze esferan, hau eraginkorra den bitartean”
Hau da, subsidiariotasun printzipioa onartuz. Definizio honi gehitu nahi diot nik orain, jada frogatuta dagoen gertaera bat: “beheko” mailetako jarduerak politiken eraginkortasuna biderkatu egiten duela.
1992ko Maastricheko Itunaren ondorioz, Eskualdeen Komitea eratu zen, Euskadik, Euskadi bezala, erakunde honetan bakarrik parte hartu ahal izan du. Hamabost urtetan bertako bozeramaile izateko ohorea izan nuen. Euskaraz mintzatzeko poztasunarekin, lehenengoz orduan entzun zen euskara europar erakunde batean.
1996an Europako Herrialdeen Asanbleak, AREk, “Europako erregionalismoaren inguruko deklarazioa” idazteko prozesuan parte hartu nuen, zegokion Komisioko buru izanez. Hitzaurrean esaten denez, Deklarazioak jarduera markoa definitu eta herrialdeen jarduera indartzeko balio izan zuen.
Eskualdeen Komitea, estatuz azpiko gobernuei dagokien gaien inguruko kontsulta organoa da, eskualdeko politika, ingurugiroa, hezkuntza eta garraioa, esaterako. Honen helburua gai gertukoenetan hiritarren bizitza hobetzen laguntzea da.
Jaio zenetik egin dituen 16 urteetan, Herrialdeen Komitea indartu egin da. Baina zaila da protagonismo handiagoa lortzea, bere osaketa propioagatik: 27 herrialdetako ia 350 kide, bakoitza herrien botereak suposatzen duenaren pertzepzio desberdinarekin eta jomuga guztiz desberdinekin. Aniztasun izugarri honek (alemaniar Lander delakoetatik eta espainiar komunitate historikoetatik, udalerri sinpleetara, frantziar edo portugaldar eskualdeetatik pasaz eta europar metropoli handietara bitarte) EBeko sare politiko-administratiboan “indartsu” diren eskualdeen parte-hartze eraginkor eta benetakoa izugarri oztopatzen du.
Argazkia: Celso Flores.
Hala ere, Eskualdeen Komitea, baliatu eta zaindu behar dugun tresna garrantzitsua da. “Ex ante” egindako bertako diktaminak orokorrean kontuan hartzen baitituzte erakunde betearazleek.
Eskualdeen Komitean zenbait urtetan izandako esperientziak emandako lezioa da lankidetza eta lan borondatea dagoenean gauzak lortu daitezkeela. Aurrera egin daiteke. Baina horrek posibilista izatea eskatzen du, idealismoak alde batera uztea (baina gogo bizia galdu gabe) eta modu eraginkorrean lanean aritzea.
Hau esanda, egia da baita ez dela Europarik izango (soziala, ekonomikoa, benetako herri atxikimendua duena) ez badugu horiek ahalbidetuko dituen arkitektura instituzionala eraikitzen: eskualdeen parte-hartze aktibo eta zuzena eragiten dituzten gaietan; edo Estatuen bidezko zeharkako parte-hartzea, leialtasun, errespetu eta eraginkortasunez.
Ez dago zalantzarik, alor guztietan integratutako Europar Batasuna behar dugu. Hil ala biziko kontua da. Eta Europa integratua nahi badugu, eskualdeek Estatu kideen bidez dagokien papera jokatu behar dute.
Eta hori bereziki garrantzitsua da europar proiektuarekin konpromisoa hartu nahi duten herrialde horientzat eta urteetan zehar erakutsi dutenentzat. Hori da Euskadiren kasua.
Europako egungo ereduak bost gobernu maila ditu. Gobernu maila bakoitzak konpetentzia esklusibo edo lehentasunezkoak ditu gai desberdinetan, aipatutako hiru irizpideetan oinarrituta: subsidiaritatea, proportzionaltasuna eta eraginkortasuna.
Lehenengo maila Bruselarena da (Europako Kontseilua, Europako Parlamentua eta Europar Komisioa). Bereak dira edo bereak beharko lukete moneta, defentsa, atzerriko harreman (Europar Batasuneko mugen definizioa barne), bai eta proiektu ekonomiko, zientifiko eta industrial handiak, munduan lehiakor izateko aukera izan dezaten.
Bigarren maila Estatuek osatzen dute, ondoren Eskualdeek, Lurralde Historikoek eta, azkenik, udalerriek.
Eskala hau sendo eraikitzen bada, aniztasuna, konplexutasuna, konpetentzia deszentralizazioak ez du arazo izan behar. Guztiz kontrakoa, kudeaketa politikoari zentzua eman eta balorean jartzeko tresna garrantzitsua izan daiteke.
Baina, nola eraikitzen da hau? Horretaz arituko gara hitzaldiaren azken zati honetan.
1.- Eskualdeek beren nolakotasuna asumitu behar dute:
Herrialde batek ezingo du Europako enegarren izarra izan. Ez dagokio, ezin dio Europari ekarpenik egin eta ez dio onik egiten. Ez da erraza jarrera hori onartzea Nazio garen herrialdeentzat, batez ere urtetan zehar beste Estatu kideen aldean ezer falta ez zaion europeismoa sentitu eta erakutsi dugunean. Baina errealitatea dena da, eta errealitatea da ezin dugula Europar Batasunaren arkitektura politikoaren logikaren kontra egin.
Ondorioz, eskualdeek ez dute tokirik zenbait forotan. Negoziazio edo elkarrizketa ofizialetan ez da hala izan dadin eskatzen, baina behin baino gehiagotan adierazi izan da bilera “informaletan”.
Europar eraikuntzan eta honen funtzionamenduan ardura garrantzitsua duten eskualdeek hala jokatu behar dute, arduraz. Horregatik, ez da onargarria herrialde hauek utzikerian aritzea edo beren europar politika etekin propio handienak lortzen saiatzera mugatzea. Edo okerrena dena, Europara etxeko politikari begirako irudiak lortzeko helburu bakarrarekin joatea (telebista autonomikoen kamerekin).
Badaude zenbait eskualde Europarentzat eta beraientzat eraginkortasunez lan egiteko nahia dutenak. Horrek eskatzen du eskualde bakoitzak, bere betebeharrak zeintzuk diren jakinda eta inplikazioak ezagututa, beharrezko bitartekoak hartu eta halako erronka zorrotzari aurre egiteko antolakuntza egokia izatea.
2.- Estatuek beren Konstituzio propioa ere onartu behar dute:
Estatu batek barrualdea Autonomien Estatuan antolatzea erabaki badu, horrek ondorio konkretuak ditu Europar Batasunari begira. Argi dago: bere sorkuntzarekin kontsekuente izan dadin bakarrik eskatzen diogu eta bere lege propioak aplika ditzala.
Autonomia hauen parte-hartze aktiboa ahalbidetzen ez badu, Konstituziotik kanpo kokatzen ari da. “Legez kanpo” ari dela esatea da hori, Europako Kontseiluan bereak bakarrik ez diren konpetentzietan ari baita.
Estatuek jakin behar dute Europar Batasunean eskualdeek parte-hartze handiagoa edukitzeak ez dituela bakarrik EB eta herrialdeak aberasten, baizik eta baita Estatua bera ere. Hori ikusi dugu Alemania, Austria eta Erresuma Batuaren kasu esanguratsuetan.
Europar Batasunak eta Estatuek beren aberastasun eta kultur aniztasuna zaindu nahi badituzte, bere herrialdeen garapena bultzatu behar dute beti. Horrek osotasunaren kudeaketa ekonomikoaren alde egingo du eta baita EBeko integrazio politiko handiagoaren alde, uniformizazioak banaketa baitakar, aldiz, ondo asumitutako aniztasunak alderdi guztietatik indartzen du EB.
3.- Konponbide federalista?
Batzuetan terminoak nahastu eta federalismoa ulertzen da autonomia eta independentziaren arteko erdibideko egoera nahasgarri bezala. Hori ez da horrela.
Federazioak dakarrena batasun handiagoa da, parte-hartze handiagoa politika komun orokorretan.
Espainia Federalizatzeak kontsentsu bidez Autonomia eta Estatuaren arteko lehiarekin bukatzea suposatuko luke. Sistema asimetrikoa sortuz (asimetria espainiar Konstituzioan badator).
Komunitate historikoek elkarrizketa berezia eduki behar dute konpetentzia esklusiboak dituzten alorretan. Eta bi aldekoa izan behar du zenbait gairen inguruko negoziazioak.
Eredu hau ez da ezerezetik atera dugun “asmakizuna”, federalak diren herrietan existitu eta ondo funtzionatzen duen eredua da, Estatu zentrala eta Eskualdeetako Estatuen arteko elkarrekikotasuna naturaltasunez onartzen da. Lurraldeko Ganbera, Senatua eta autonomien presidenteen konferentzia eraginkorra duten eskualdeak dira. Horien zain gaude hemen.
Federalizatzea ministro eta sailburuen artean aktiboki lankidetzan aritzea litzateke, akordio zabala behar duten gaien inguruan.
Eta horrek suposatuko luke, beraz, Komunitate federalek zuzenean parte hartzea beren etorkizuna jokoan dagoen europar eremuetan: ez bakarrik beren ordezkari gisa, baizik Estatu osoaren ordezkari gisa parte hartuko lukete. Hala gertatzen da beste herrialde zenbaitetan (Alemania, Austria, Belgika...).
Azken finean, hau litzateke maila guztietan leialtasun instituzionala praktikan: herri eta Estatuen arteko leialtasuna, Estatu eta Europar Batasunaren arteko leialtasuna. Leialtasuna ez da maila bakoitzean hartzen diren erabakiekiko errespetua besterik, hitzari errespetua eta itunei errespetua.
Honek guztiak, zalantzarik gabe, abertzaletasun handi eta txikiak gainditzera eramango gintuzke. Baina, ez sentimendu gisa, ez bizi jarrera gisa, ez jarrera piskologiko gisa; baina bai aurka egite eta etengabeko gorroto ideologia gisa. Hiritarren beharren zerbitzura politika egiteko helburuarekin politika modu eraginkorrean egiteko tresna gisa.
Erreferentzia pertsonalago batekin bukatu nahi dut.
Eusko Jaurlaritzako atzerriko harremanen zerbitzura izan nintzen urteetan bizitako esperientzietatik, behin eta berriro errepikatzen dudan lezio bat ikasi dut.
Kolektiboaren, bere herriaren, guztien ongiaren zerbitzuan lan egin nahi duenak gizakiak lehenetsi behar ditu. Gizakia da garrantzitsuena, beste guztia bigarren mailakoa da. Besteak entzutea, beren jarrerekiko errespetua, emandako hitza kontuan hartzea, leialtasuna... Egiten duguna egiten dugula ere, printzipio hauek jarraitzen baditugu, besteak etorri egingo dira.
Eta norbanakoentzat balio duen honek, instituzioentzat eta osotasunean gizaki zibilizazioentzat ere balio du.
Humanismo, Giza Eskubide, Ongizatearen gizartearen sorleku izan den Europak, edo baloreak edukiko ditu edo ez da ezer izango.
Duela 50 urte, Walter Hallstein maisuak, Merkatu Bateratuaren aitak eta Europar Komisioko lehenengo presidenteak esaten zuen. Eta bere hitzekin bukatuko dut:
“Gure herrien ongizate materialaz, gure ekonomiaren zabalkundeaz, gizarte aurrerapenaz, industria eta merkataritzari ahalmen berriak emateaz ari gara. Baina, guzti honi esker, ezer baino lehen, zibilizazioa salbatzea dago: alegia, arau moralak, Gizaki, Senidetasun eta Justiziaren neurrirako bizitza ikusmoldea”.
Eskualdea, europar batasuneko “kide” berriaren inguruabarrak izeneko Udako Ikastaroko irekiera hitzaldiaren egokitzapena.
Irakurleen iritziak:
comments powered by Disqus