Lotutako artikuluak

Banatu

  • del.icio.us
  • zabaldu
  • aupatu
  • meneame
  • digg

Artikulua interesgarria iruditu bazaizu, lagun iezaiguzu berau ezagutzera ematen

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Tolosa. Epaileen eta txotxongiloen artean: oroitzapen atseginak

Juan AGUIRRE SORONDO

XIII. mendean sortu zenetik XIX. mendearen hasierara arte, Oria ibaiaren urek besarkatu eta babestutako uhartea izan zen Tolosa. Gero, mende hasiberriak ekarriko zituen espazio-exijentzia izugarriak antzemanez edo, bere egin zituen inguruko laborantza-lur xumeen ibarrak, eta zabalgunea eraikitzeari ekin zion Erretengibel errekaren beste aldean. Ordutik, Gorosabel kaleko (Rondilla ohia) galtzadarrien azpitik igarotzen da erreka isil-isilik.

Hiri-zabalgunearen erdian Justizia Plaza eraiki zuten, gerora Euskal Herria Plaza izango zena. Gure kulturako izen ospetsuak gogoratzen dituzten kaleetatik iritsiko gara bertara: Andia, Antonio Lekuona edota Gorosabel bera.

Ilustrazioa: Josemari Alemán.

Ilustrazioa: Josemari Alemán.

Gipuzkoako hiriburutzaren pribilegioa izan zuen Tolosak XIX. mendearen erdialdean (1844-1854), eta aldi berean lehen auzialdiko epaitegi berria eratu zuen. Horrek guztiak zekartzan betebeharrei aurre egiteko, Udalak, Foru Aldundiaren eta barrutiko herrien laguntzarekin, kartzela berriak hartuko zituen eraikina enkargatu zien Vicente de Unanue eta Jose Eleuterio de Escoriaza arkitektoei, “Epaitegi-etxea aurrean zuela” eta “mendebaldera” eraiki behar zutena. Bi urteren buruan, bi solairuko jauregia eraikita zegoen. Frontoi txikiak burutzen zuen eraikina, eta elementu horrek hartzen zituen erlojua, Justiziaren ikurra eta 1853. urtearen zenbakiak zizelkatuta. Poliki-poliki, plaza gaur egun duen itxura hartuz joan zen: multzo angeluzuzena, erdiko gune publikoaren inguruan arkupedun ataripe klasikoa duela.

Euskal Herria Plaza euskal industriaren hastapenen garaikide da. 1842an Nuestra Señora de la Esperanza errota zaharra paper jarraituko fabrika bilakatu zen, eta horrela, probintziaren etorkizun ekonomikoa iragartzen zuen produkzio-sistema indartsuari ekin zitzaion. Haren atzetik etorri ziren ildo bereko beste ekimen batzuk (L. Durás, La Guadalupe edota La Guipuzcoana paper-fabrikak), eta baita bestelako espezialitateak lantzen zituztenak ere (Elosegui txapelak edota Limousin Hermanos txikoriategia).

Gerren arteko urteak Tolosan. Herritarrak eta agintariak bat ez zetozenez, lehen gudan karlista eta isabeldar izan zen aldi berean udalerria, Foruen defendatzaile zen liberalismo moderatuaren sintesi ilustratuaren erakusle. Urte gorabeheratsu haietan hamaika ikusi zituzten, hala nola, errege batek abdikatu egin zuen, paper ofizialik ezean herrian egindako papera erabiliz, eta zezenketari batek sekulako arrakasta izan zuen plaza zekorrez gainezka zuela. Lehena Sardiniako Carlos Alberto erregea izan zen; Austriako armadaren aurrean soldadu italiarrek porrot egin ostean Portugalerantz ihesi zihoala, Gorriti Plazako ostatuan eman zuen gaua. Bertan, erregetzari uko egin eta koroa Victor Manuel II.aren eskuetan uzten zuela adierazten zuen gutuna idatzi zuen. Harizko protokolo-paperaren zain egon gabe, paper jarraituan idatzi zuen gutuna. Diplomaziaren historian datu harrigarria izan zen, eta paper industri berriaren aldeko lehen publizitate-ekintza.

Justizia Plaza zezen-plaza ere izaten zen, eta hala izaten da oraindik ere. 1865. urteko San Joan egunean, zezen-plaza zelarik, anekdota gogoangarria gertatu zen bertan. Salvador Sanchez Frascuelo toreatzaile-ikasle gaztea, Granadakoa bera, arratsaldeko hirugarren zekorra toreatzen ari zen. Bat falta zitzaion eguneko lanak amaitzeko. Baina hirugarrenarekin ari zela laugarrenak zezen-eskortatik ihes egin zuen eta plazara jauzi. Gerora “Tolosako ausarta” esango ziotenak lehen oldarraldian zeharkatu zuen animalia, kapa-pasaldi bakarra eman gabe, eta ondoren, falta zitzaion zekorra toreatzeari ekin zion. Bizkar-gainean atera zuten plazatik, noski. Baina kronikek gaineratzen dutenez, Frascuelok ez zuen lorik egin gau hartan, bere kutxaren gainean eserita eman omen zituen orduak, lapurren beldur. Ospearen alde txarrak...

Azken eraberritze-lanen ondoren eta 2009aren amaieran TOPIC Nazioarteko Txotxongilo Zentroaren egoitza Justizia Jauregi zaharrean jarri eta gero, Euskal Herria Plaza erreferentziazko gune ederra da, berriro ere, Tolosako kale-artean eta herritarren bihotzetan.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media