Eneko ALDANA
Artikulu hau Eusko Ikaskuntzaren Ikerketa beka baten laguntzarekin egindako izen bereko lanaren laburpena da.
Gehien zabaldua den ikuspegiak Euskal Herrian dagoen gatazka politikoa espainol Estatuko barne arazo soil gisa kokatzen du. Lan honek frantses Estatuan ere euskal gatazkak eduki dituen adierazpenak azaltzen ditu: hiru hamarkadetan zehar eskakizun politikoari emandako erantzun eta irtenbide politiko eta polizialak aztertuz. “Euskal arazoa” deituriko gatazka politiko-armatua Espainiako barne arazo bat dela etengabe defendatu arren, azken berrogei urteetan, Frantziak IEH-ri begira eraman duen politikaren parterik handiena euskal arazori lotuak izan dira.
Euskal Herriko iparraldean hiru lurralde historikoak aurkitzen dira frantses Estatuan integratuak direnak : Lapurdi, Baxe-Nafarroa eta Xiberua. Horietan, hego Euskal Herriko lau lurraldeetan bezela euskal gatazkak bere bi hariak korapilatu izan ditu : hari politiko bat alde batetik, eta gatazkaren adierazpen bortitzetatik eratortzen diren ondorioen haria bestetik.
Gatazkaren garapena lurralde horietan eta Estatu frantsesaren parte hartzea ezberdinak izan dira, eta erran behar da, Hegoaldean baino intentsitate apalagokoak. Gatazka honen abiapuntuan, historian sustraitua den euskal identitatearen berezitasuna jarri behar dugu. Identitate hau, ipar Euskal Herriko hiru probintziek mendeetan partekatu duten historia komun batetik hasten da. Baina ez da hortan gelditzen, Euskal Herriko eskualde honek dituen ezaugarri sozial, ekonomiko eta kulturalek bizi-eremu berezi bat bilakarazi baitute. Bizi-eremu partikular honek eta partekatutako historia komunak euskal nortasun bat garatu arazi du, urteetan zehar. Ondorioz, euskal identitateak onarpen baten eskaera iraunkorra konfiguratu du Iparraldean frantses Estatuari begira. Abiapuntu hori da lehen parte batean aurkeztua dena.
Hegoaldean bezala, Ipar Euskal Herrian euskal gatazkak bere bi hariak korapilatu izan ditu: hari politiko bat alde batetik, eta gatazkaren adierazpen bortitzetatik eratortzen diren ondorioen haria bestetik.
Argazkia: CC BY - LLDW
Lehen partean aipatu bezela, euskal nortasunaren adierazpena mugimendu abertzalearen eskutik etorri da XX. mendearen bigarren partetik aitzina ipar Euskal Herrian. Bere lehen, urteetan eskuinekoa edo zentroan kokatu harren, fite iparraldeko abertzaletasuna ezkerreko esparruan garatuko da, eskuineko abertzaletasuna anekdotikoa bilakaraziz. Berezitasun horren azalpenetariko bat mugimendua garatu zen hamarkadetan ipar Euskal Herriko gazterian egon ziren influentzia dira: ETA-ko errefuxiatuak eta maiatzak 68-ko gertakariak nagusiki. Bestalde, ipar Euskal Herriko gizartean eskuinak eta demokrazia-kristauak zuen monopolioaren aurkako posizionamendu bat izan zen, garaiko belaunaldi gazteentzat. 70. Hamarkadan ezkerreko sektore ezberdinen eztabaida dogmatikoek eta hego Euskal Herriko mugimendu abertzaleak inarrosten zituen eztabaidek eragin zuzena ukan zuten mugimendu gazte honetan, bere sortzetik zatiketak sortuz. Mugimendu politiko honek bere bilakaeran adierazpen ezberdinak ukan ditu, besteak beste adierazpen militarra. Bere hastapenetan ultra minoritarioa eta garrantzi elektoral nulukoa izan arren urteetako lanaren ondotik lehen mailako indar bat bilakatu da, ipar Euskal Herriko hirugarren indarra bilakatuz. Bestalde, mugimendu abertzaleak bere eskakizunak sozializatzea lortu ditu eta honela euskararen ofizializazioa eta ipar Euskal Herriaren ezagupen politikoaren eskaerek zirkulu abertzaleak gainditzen dituzte.
Abiapuntu hartatik, Estatu frantsesak bere burua kokatu egin du euskal gatazkan. Alde batetik bere menpe zeuden euskal lurraldeen onarpen eskakizuna kudeatzeko. Eta bestetik, Hegoaldean iraun duen gatazkari buru egiteko Estatu espainola lagunduz. Lan honen bigarren parteak euskal gatazkak Iparraldean ezagutu dituen adierazpen zikloak eta Estatu frantsesa zer moldeetan gatazka honen eragile zuzena izan den azaltzen ditu. Alde batetik, azken honek eramandako kudeaketa poliziala deskribatuz. Arlo honi dagokionean lau hamarkadetan eboluzio bat ezagutu da. Lehen denboraldi batean, Euskal Herrian ematen zen “orden publiko”ko arazo baten kudeaketa mailan gelditu bazen, urteak joan ahala Frantziaren kudeaketa azkartu egin da. Kudeaketa politikoari dagokionean, eskaera identitario baten ez onartzetik, promesa eta lehen pausuak tipi batzuk ematera joan da.
Irakurleen iritziak:
comments powered by DisqusEuskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria