Elixabete PEREZ GAZTELU, Deustuko Unibertsitatea
Larre hizkuntza dena kale-hizkuntza bihur dadin, hain maite dugun garo-usaina —norbaitek gorotz-usaina esango luke— zertxobait galtzea nahitaezkoa izango du [...] Eta euskara biziko baldin bada —eta gure aurrekoena ez baina geure izaera benetan azalduko baldin badugu—, gure herrietako biziera nahasia euskaraz jarri behar nahita ez: gaurko ezinegona, bizi beharra eta ezin-bizia, handinahia, diru gosea, maitasun-gorrotoak, gaurko gizonen ametsak, zuhur edo zoro [...] Eta goazen lehenbailehen Lizardik bere maitearekin amets-bideetan barrena egin zuen bidaldi luzea berritzera. (“Euskal literaturaren etorkizuna”. 1951, MEIG I: 261).
Bigarren kartzelaldia amaitu (1948) eta hiru urtera argitaratu zuen Koldo Mitxelenak (1915-1987) euskaraz lehen lana; Egan aldizkarian,1951n. Basamortuko egoera hartan, euskal irakurleen artean goitik beherako zirrara sortuko zuen, seguruenik, Mitxelenaren gonbitak eta deiak.
“Euskal literaturaren etorkizuna” izena eman zion artikuluari, baina mamia izenburuak mugatua baino zabalagoa da: Lizardi lagun duela Mitxelenak hor proposatzen duen “bidaldia” ez dagokio bakarrik euskal literaturari, euskal kultura, euskal gizartearen etorkizuna ere besarkatzen ditu, Mitxelenak berak bederatzi urte geroago “Asaba zaharren baratza” (Lizardi berriz ere!) lan “bizian” dioen bezala, “Eta euskal literaturari begiratu nahi nioke batez ere gaurko gure arteko gogogiroaren ezaugarri eta salatari den aldetik”.
XX. mende erditik aurrerako gogogiroa plazaratzeko bidea izan zen, hain zuzen, Egan aldizkaria (Lete 1976) —hobeto esan, Euskal Herriko Adiskideen Elkartearen literatur gehigarria—, sortzetik beretik (1948)2, baina Luis Mitxelenak, Antonio Arruek eta Aingeru Irigaraik 1953an zuzendaritza hartu zutenetik, euskaraz mintzatzen zen kulturak bitarteko aukerakoa izan zuen Egan orduko gizon-emakume hiritar, “moderno”, fededun eta fedegabeengana iristeko; edo/eta, alderantziz esanda, gizon-emakume haiek modua izan zuten beren gosea euskaraz ere berdintzeko.
Errenteriako Gaztedi Langile Katolikoaren bilera (1934ko maiatzaren 14a).
Argazkia: Errenteriako Udal Artxiboa
Laburregi marraztutako testuinguru honetan kokatzekoa da Koldo Mitxelenaren 1951ko (ia agiritzat har daitekeen) egitasmoa. Euskara eta “euskal” zerak3 lotzeko bana-banako egokitasuna (halabeharra?) auzitan ipini eta garai horretako euskaldunak bere buruaz eta “munduaz” euskaraz aritzeko aldarrikapena egiten du; berritzeko, begiak kanpora zabaltzeko, kanpokoaz bustita mundua euskaraz adierazteko eskaera, eta lanerako gonbita. XXI. mendetik begiratuta horren bistako, horren eguneroko eta zimurrik gabekoa dirudien edozertaz euskaraz mintzatzea ez zuten garai hartan euskaldun guztiek hala ikusten, hala onartzen.
Munduaz (ere) euskaraz aritzeko egitasmoaren luze-laburrak eta nondik norakoak orain hemen4 sakon aztertzeko egokierarik ez dago —ezta bide horretan ezinbestekoa zen kode idatzi batu bat edukitzeko premia ere—, baina arrasto batzuk bederen ekar daitezke 1951n euskaldunei egin zien gonbita euskal kultura modernizatzeko, hesiak zabaltzeko, Mitxelenak berak bere diskurtsoan nolako jarraipena eman zion eta nola gauzatu zuen ikusteko. Ez dira hitzik desegokienak 1960ko “Asaba zaharren baratza” laneko azken atalekoak.
Badakigu behinik behin literaturak —eta edozein kultura-lanek orobat— ez diola hizkuntza biziari xuxpertuko ez badu ere, mesede besterik egingo. Probetxuzko denez gero, beraz, ez dago egiteko hori besterentzat uzterik, bestek ez baitu landuko geurok lantzen ez dugunik. (MEIG I: 47).
Koldo Mitxelenaren euskal kazetaritza-lana5 ekarri behar da —Mitxelenaren langintza eta ekarriaren alderdi “zientifikoenaren”, entzutetsuenaren ondoan6— probetxuzko egitekoa nola gauzatu zuen ikusteko. Kazetari-lana euskal gizartean eragingarriagoa izango zen orduan, eta egun ere, beharbada, errazago atzeman daiteke lan horietan Koldo Mitxelenak nola ulertzen zuen euskal kultura zer zen eta baita ere nola zuzentzen zitzaien Eganeko irakurle euskaldun garaikideei eta nola ahalegintzen zen arian-arian euskal kulturan modernotasuna, gogo-zabaltasuna iltzatzen, asmoz, jakitez eta egitez.
Gaien berritasuna alde batera utzirik, testuetan han eta hemen tartekatzen dituen aipuak euskaldunon erreferentzien mundua “kanpokoarekin” lotzeko zubitzat har daitezke. Hamaika adibideren artean hauexek ekar daitezke. Demagun, zinemaz ari dela, Priestley eleberri eta antzerkigilea (1894-1984) aipatzea: “Priestley-k nonbait dioenez, literatura behera omen dihoakigu, batere buru-nekerik gabe begiz ikustea gero eta atseginago zaigulako” (1954, DBZP: 18), demagun kulturako mailegu hitzak erabiltzea: “Garibayren arima bezala ez izango bai izango dabiltzan ghost-word erratuak ahaztu gabe” (MEIG II: 128), “belles-lettres direlakoetatik hagitz urruti gabiltza hemen” (MEIG II: 90))... Euskal irakurle “moderno”, “landua” du norentzakoa, eta hartzailea ere bai7, seguruenik (Perez Gaztelu 1991).
Zantzu horien ondoren, modu sistematikoago batean ere zipriztindu ditu Mitxelenak euskal lanak, euskal kulturaren “gaurkotze” eske.
Iritzi-artikulu edo saiakera laburretan. 1951ko hasierako mugarri haren orpoan, beste iritzi-artikulu batzuetan ere ispilatzen du behar bera. Aipagarria da, berriz ere, 1960ko “Asaba zaharren baratza”. Besteak beste, kritikaren alde agertzen da Mitxelena; Euskal Herriak aurrera egingo badu ezinbestekoa du kritikaren balioaz ohartzea. Eta artikulu berean, “Euskal kulturaren mugak” du atal batek izena. Argi eta garbi bereizten du zein kultura erreferentzia eduki beharko lituzkeen XX. mendeko euskaldun (europar) batek:
Gure herri-kantek flamencoa bazter dezakete: ez hainbeste Bach eta Beethoven. Abarrak irakur daitezke Alivio de caminantes-ko ipuinen ordez: Txejovek idatzi zituenen ordez ez horrenbeste. Peredak adina balio du beharbada Txomin Agirrek: ez da ordea orduan ere izango Cervantesen neurrikoa. Are gehiago antze-sailetik jakintza-sailera gatozenean: ez dugu gure ametsean erdararen oihartzuna baizik entzuten euskal hitzetan. [...]
Bestela esan, zordun gara zenbait kultura sailetan, duguntxo pixkaren zordun, nahiz euskaraz nahiz erdaraz mintza, eta zorrak aitortzea eta ezagutzea dagokio zordun onari, pagatuko ez baditu ere. Horrelako eginkizunetarako ez dugu gure artean ez gogorik ez girorik izan. (MEIG I: 43). (Letra lodia gurea).
Santi Onaindia?, Pierre Lafitte eta Koldo Mitxelena.
Argazkia: Errenteriako Udal Artxiboa
Aitzin-aitzinean, Europaren zordun. Mitxelenak bere burua europar eta Europazale aitortzen du, goitik behera, “sustrai guztiak Europan” baititu. Europaren, Europako kultura euskaldunon kultura da; euskal kultura, “gure berezitasuna”, gehienez ere Europako enborraren axaleko bereizgarria besterik ez da. Baina batik bat, jakintza zor diogu Europari, jakintza Europan sortua baita. Euskaldunek ezin diote uko egin “inongo herrik ukatuko ez arbuiatuko ez duena: Europan sortu zen jakintza8”-ri. Jakintza horren ondorioa den teknika menderatzen euskaldunak aski trebeak izan dira; eginkizun ikusten du, ordea, jakintzako, ikerketako zaletasuna. Ongi baino hobeto ohartua zen Mitxelena zein garrantzitsua den jakintza lantzea ez ezik, jakintzaren “jabe” ere izatea.
Beste zantzu mota bat errenteriarrak landu zuen beste kazetari genero eta testu motan igar daiteke. Hamabi elkarrizketa argitaratu zituen Eganen1955-1960 bitartean. Bere buruarekin egin zuen bat (“Etxekoekin hizketan”, 1957an (MEIG I: 81-87)) eta beste hamaika (10 + 1) lagun ere hautatu zituen Eganen irakurleen “elikagai” izan zitezen.
Oso irizpide zabalez (gaien aldetik, hizkuntzaren aldetik —guztiek ez zekiten euskaraz—) aukeratu zituen solaskideak, euskal kulturaren eragile zirelakoan; malgu jokatu zuen Mitxelenak: elkarrizketak irakurri besterik ez dago ohartzeko Mitxelena ez zela beti bat etorriko solaslagunek kanporatutako iritziekin.
Luze samar joko badu ere, merezi du hizketalagunen izenak eta zereginak ekartzea: Escudero maisua (musikaria), Pio Baroja ((erdal) idazlea), Estellako aita Hilario Olazaran (txistularia. 18 urte Txilen egin zituen kaputxinoa), Migel Anjel Alvarez (pintorea), Miguel Castells (eskribaua, valentziarra sortzez eta euskaraz bere gogoz ikasi duena), Santiago Carrero (Donostiako Jaiotzen aldeko elkartasunen sortzaileetakoa), Aita Plazido Mujika (jesuita, hiztegigilea), Cesareo Elgarresta (Radio Seguraren sortzailea), Arnald Steiger (irakaslea, hizkuntzalaria), Jurgi Oteitza (eskultorea), Pedro Diez de Ulzurrun (sendagilea, Principe de Viana elkargoko Euskararen aldeko saileko burua).
Arestian aipaturiko bere buruarekin izandako elkarrizketa itxurakoa ere aitzakia egokia du euskal kulturaren luze-laburrez aritzeko. Eganen zein gai mota landuko dituzten bere buruari egin dion galdera erretorikoari honelaxe erantzuten dio:
Gaiak, gaurkoak eta betikoak, hemengoak eta nonahikoak. Mundua itxuraldatzen ari zaigu, onerako eta txarrerako, Euskalerria ere bai. Urte gutxitan ikusi ditugu, baita ikusiko ere, lehen mende luzeek ikusi ez zituzten bezalako aldaketak. Mundu urduri eta aldakor horretan aurkitu behar dugu bizilekua, biziko bagara. (1957, MEIG I: 84).
Mundua, euskal kultura eta euskara uztartu nahi izatea Koldo Mitxelena kritikagilearekin batean (kritika, berriz ere!) ere aipatu beharra dago. Urte askotan bestek plazaratutako liburu-artikuluen gaineko kritika eta iruzkin asko utzi ditu eginak: Filologiako, Hizkuntzalaritzako artikulu eta liburu teknikoen gainekoak, franko, bai euskaraz eta bai erdaraz. Eta (euskal) literaturari, euskalaritzari josiagoak, jatorriz euskaraz sortutako liburuen eta euskaratuen gainekoak ere (azken hauen azterketa, Perez Gaztelu 1995c) ez gutxi. Horien guztien garrantzia ukatu gabe, liburu-kritika ere gauzatzen ari den “bidaldi” berrituaren lekuko9 direla ukatu gabe ere, arrazoi aski bada orain, artikuluaren bukaera aldetsuan, zinema-kritikak bereziki aipatzeko.
Zinema-kritikak egitea bera bada nahikoa froga “gai” berriak euskaraz adierazi nahi izatearen, kanpora leihoak zabaldu nahi izatearena. Koldo Mitxelena berez zinemazale porrokatua izaki (1978ko Donostiako zinemaldiko epaimahaikidea izan zen), lehen aldiz ekin zion euskaraz zinema-kritikak maiztasun batez argitaratzeari. Eganen 1954 eta 1961 bitartean 64 filmen eta antzerki lan baten kritikak egin zituen. Aitzindari aitortzen du bere burua Denbora bateko zinema paperak bildumako aitzinsolasean:
Egan izan da [...] gure artean eta euskaraz lehenbiziko aldiz zinema-gaiak jarraikiro astindu dituen aldizkaria: aitzindaririk izan baldin badu [...] ez dut nik ezagutzen eta besteren argien begira gelditzen natzaizue. (1981, DBZP: 13-14).
Zein zinema mota ikus zitekeen Espainian urte horietan (batez ere AEBetako, Italiako eta Frantziakoa, Fernandez (2013)), zein hautatu zituen Mitxelenak kritikagai, zein irizpidez epaitu zituen filmak (“istorioa” batez ere; alderdi teknikoak, apenas), zein zaletasun agertzen dituen (zein istorio mota, zein aktore, zein zuzendari... dituen kuttun eta zein arbuiatzeko). Zein gai tartekatzen dituen kritiketan (kritikaren aitzakian?): gizartekoak, politikoak... Ezinezkoa da hemen hori guztia merezi duen sakontasunez ikertzea.
Koldo Mitxelena, Pío Baroja, Irigaray, Arrue eta Julio C. Baroja.
Argazkia: Errenteriako Udal Artxiboa
Gerokoak geroko utzita, ezinbestean aitortu behar zaio Koldo Mitxelenari film-kritikak egitean bizkarreratu zuen lana. Euskaraz zinema-kritikak egitea bezain “berritzailea” da horretan aritu ahal izateko lehengaia —diskurtsoa, lexikoa, esapideak...— moldatu behar izatea: aitzindari ezean, Mitxelenak berak erantzun behar bere buruari10 egin bide zion (eta sakon aztertu beharko litzatekeen) desafioari. Hona lexikoaren erakusgarritxoa.
Etsi du horratik senarrak, gailen ageri zenean gainera; aspertu delako edo gure antzera de trop dagoela azkenean ohartu delako edo. (Cancha Vasca, DBZP: 31).
Hitchcock zaharra, suspense-bila beti bezala (zalantza esan beharko dugu euskaraz), antzerki ezagun hauetaz jabetu da gure txolarteak alaitzeko. (Perfect Crime, DBZP: 24).
Cecil B. de Mille-ren tankera ezagunean moldatu dute show aberats, ugari eta luze (hiru orduz gorako) hau. ( Around the World in 80 days, DBZP: 80).
agerraldi (acto, escena?)11, ahazgarri, amerikanotu, “amerikar bizibidea”, amets-bizitza (fikziozko bizitza), amets-fabrika (zinema), antagonista, antze-lan, antzerki, antzezkizun = gertakizun = kontaera, antzezlari, antzeztoki, argi-oihal (pantalla), arte-lan, bakarkako hizketa (bakarrizketa), begi-festa merke (zinema), berriketari, “betiko triangulua”, bixigarri = pikardi-ttantto, blankolari huts ezin, Chaplin-zale, “denbora-paxako”, egile (produktorea), egintza (acción), ekitaldi, eserleku, film12 eta nobela tesisdun, filmatu, gertakari, gertari (suceso), gizon-hiltze, globo = maixkuri haizatu, ikuskari, ikusle, “istilu” (korapilo), istorio, kamera, kate-haustaile (zirkukoa), komedia, komeriak (kalean egiten zirenak), komeriante, kontabide (gaia, argudioa, gertakizuna), kritika, libreto, malabarista, mandatu = prediku (mezu), maneatzaile, marrazki-film, melodrama, moda-erakusketa (desfilea), nahaspila (enredo, lío), nobela, oihal (telón), opera, pailazokeria, persona = pertsona (pertsonaia), pertsona nagusi, protagonista, solo (kantuetakoa), teatro, teknika, teknika-joko, telebisio, timatzaile, tragedia, txarlotkeria, txotxongilo, txuri-gorri (koloretakoa), zeluloide, zine-etxe, zinemagile, zinema-ikusle, zinemaratu, zirku-gizon, “zorte-etsaiak” (Romeo eta Julieta), zuzendari, zuzentzaile = gidari (zuzentzailea)...
Cinemascope eta Zinemascope, Superscope...
Hollywood, Cannesko urrezko palmondoa, Donostiako zinema-astea, Zilarrezko Lehoia...
_______________________________________________________________________
Gerraurretsuan (1932) Jose Maria Agirre Xabier Lizardi poetak Unamuno’tar Mikeli eskaini zion “Eusko-bidaztiarena” poema (“Unamuno’tar Mikel, yaun argiari, / gure ausardi gorriaz yabetu dedin”), eta Etxepareren (“Etxepare’k, orain lareuntsu urte”) kontrapaseko lehen eta laugarren leloak aukeratu zituen, hain zuzen ere, aldamenean paratzeko:
“Heuskara, ialgiadi kanpora!
Heuskara, habil mundu guzira!”
Koldo Mitxelenak frankismopeko 1950eko urte ilun haietan “bidaldi” berrituari (berriz) ekiteko deia egin zuen. Deia, ardura-banaketa eta antolatzeko proposamena.
Gure hizkuntzaren egoera estuak ezartzen digun egin-beharra zaila da beraz eta gerorako ez uztekoa. Eginbehar hori betetzeko era askotako laguntzen beharrean gaude. Olerkariek eginbeharra erakutsi digute eta bai aurrera ere —gure lurrak emango ahal ditu— erakutsiko. Amesgileak nahiko ez direla —zori oneko amesgileak!—, egunoroko zeregina noiz eta nola egin behar den erakutsiko diguten gizon burutsuak behar ditugu. Eta beste guztion gain eta edozer baino gehiago, entzule eta irakurleen lana dugu beharrezko. Sortzaileen esanak hauek bihotzetan maitekiro gorde eta ernatzeko lurrik ematen ez badiete, haien mintzoa “tupiki ozen eta txilin burrunbaria bezala” iraupen laburrekoa izango da. Eta entzule-irakurleak gaitzeko gai direnek lanari lehenbailehen ekin beharko, gizonaren gaitasunak gutxitan baizik ez baitira berez sortzen.
Jakin dezagun, bada, egiteko hau hartzen badugu, geure bizirako lana hartzen dugula. Aurrekoen ondarea, oinordeko garenez, dagoen dagoenean, gogo onez eta inork behartu gabe, geurez hartu behar. (1951, MEIG I: 27).
Egitekoa egin( )bidean da.
Altuna, Patxi (ed.) (1972). Mitxelenaren idazlan hautatuak. Donostia: Etor.
Escandell, Mª Victoria. (2005). La comunicación. Madril: Gredos.
Euskaltzaindia (1956). Euskaltzaleen biltzarra Euskaltzaindiaren itzalpean. Arantzazu, 1956.09.14, 15 eta 16. Euskera.
Fernandez, Joxean (2013): “Koldo Mitxelena, crítico de cine en euskera durante el franquismo”.
Koldo Mitxelena Katedraren III. Biltzarra: Vitoria-Gasteiz, 2012/X/8-11 Letren Fakultateko Aula Magnan / Ricardo Gómez López, Joaquín Gorrochategui Churruca, Joseba Andoni Lakarra Andrinua, Céline Mounole Hiriart-Urruty (koord.): 743-754. or.
Jakobson, Roman (1960). “Linguistique et poétique” in Essais de linguistique générale [“Lingüística y poética” in Ensayos de lingüística general: 347-395. Bartzelona: Seix Barral].
Lete, Xabier (1976). “25 años de cultura vasca”, Garaia 8: 26-30. 1976.10.21
Mitxelena, Koldo (1951). “Euskal literaturaren etorkizuna”, Egan 3: 17-21 [MIH: 15-42; MEIG IV: 21-27].
Mujika Iraola, Inazio (ed.) (2006). Denbora bateko zinema-paperak 1954-1961. Irun: Alberdania.
Perez Gaztelu, Elixabete (1991). “Euskara noranahikotuz”, Hegats 4: 155-165.
Urgell, Blanca (ed.) (1988). Mitxelenaren Euskal Idazlan Guztiak IV. Donostia: Erein-Euskal Editoreen Elkartea. [MEIG IV].
1 Lan hau lehenbizi Egan aldizkarian plazaratu zuen Mitxelenak. Argitalpen gehiago ere izan ditu.
Patxi Altunaren 1972ko edizioa, Mitxelenaren Idazlan Hautatuak, bereziki aipatu beharra da, euskal gizartean (giro akademikoan ere bai) izan zuen arrakastagatik. Eskerrak eman beharrean gaude azpeitiarrari, haren bitartez iritsi baitzitzaien irakurle askori errenteriarraren berria. Liburu horretako hitzaurre eta oharretan eta MEIG bildumako “Aurkezpenetan” Altunak idatziak makulu ezin hobeak dira Etxepare-Lizardi-Mitxelenaren bidaldia biziberritzeko.
Guk Euskal Editoreen Elkartearen Klasikoen saileko edizioko orrialdeko erreferentziak emango ditugu (MEIG I: 26, eta abar). Ik. Erreferentzia bibliografikoen atala.
21948tik 1953ra arte euskaraz eta erdaraz (Blas de Oterok eta argitaratu zuten Eganen) argitaratzen zuten, eta 1953tik aurrera euskara hutsez. (Ik. Ibinagabeitia proiektua, literatur aldizkarien gordailua.
3Euskal “zer” omen diren batzuen kritika antologikoa da Cancha vasca filmekoa.
4Era batera eta bestera aztertzen gabiltza, aspaldi samarretik: Perez Gaztelu 1991, 1995a, 1995b, 1995c, 1995d, 1997, 2012, 2015.
5Ildo berean, Mitxelenaren editore lana ere aztertzekoa litzateke.
6Nolabait esan, “munduarekin euskaraz, euskarari buruz” harremanetan jartzeko bitartekoen; alegia, euskararen azterketa zientifikoaren ondoan.
7Igorleak mezua osatzean adimenean duena izan; mezua benetan hartzen duena izan. (Jakobson 1960, Escandell 2005).
8Mitxelenak bizi izan zuen giroaren lekuko ekar daiteke 1956ko Arantzazuko Euskaltzaleen Biltzarreko adibide esanguratsua:
“Gero Luis Mitxelena jaunak itz egin du. Ezagutuerazita zegoan gaia utzi ta beste gai bat arturik jardun du.
Jakintzaren ta estudioen alde mintzatu da.
Badirudi zenbaitek uste dutenez euskerak etsai bat duela: linguista. Iñork eztu uste, ordea, Donostiko Igeldon eguraldiari begira egoten direnen lepora bota ditekeanik errua, aurten kanpotar ta turismoaren bidez bizi direnentzat egin duen giro txarragatik. Euskerak zenbait bereizkuntza baldin baditu alde batetik eta bestetik, errua ezta linguistena. Berez gertatu den gauza da.
Nola diren gauzak billatzen ari dira izkuntzalariak. Bearbada jakiteak gizon banaka bati iñoiz edo bein kalte egin badio, erri bateri ez sekula. Gauzak ezpaldin badaude bear den bezala, leenbiziko lana da gauzak nola dauden jakitea.
Agi danez zenbaitek uste du izkuntza bat estudiatzea, alde batetik, eta izkuntza baten alde jokatzea itzez edo eskribuz, bestetik, elkarren etsai ta kontrakoak direla. Bi lanbide oriek zearo berezita egon bear baldin badute ere eztirudi elkarren etsai direnik, laguntzaile baizik.
Katalanen jokabidea jarri du eredutzat eta aiek izkuntzaren bereizkuntzen ezagutzeari opatu dizkioten lanak.
Linguistak bere gauzetan eztira balioarekin ari, baizik gauzak ola dira edo ala dira, ori garbitu nai dute”. (Euskera, 1956: 205, 206).
9Bide horretaz ere ugari baliatu zen bere pentsamendua zabaltzeko bai ikusten zituen baztertzeko jokaerak (garbizaletasun itsua, idazle klasikoak (tradizioa) kontuan ez izatea, “itxitasuna” edo “itxikeria”...) belzteko.
10Perez Gaztelu 1995a lanean sakon aztertua dago hizkuntzalaritza-filologietan euskaraz erabili zuen terminologia.
11Parentesi arteko baliokideak guk jarriak dira. Berdintasuneko ikurrak lotzen ditu Mitxelenak berak kritiketan adirea berdintsuz erabiliak.
12Mitxelenak ia beti zinema, film eta zale hitzak darabiltza (zine, pelikula, zaleturen kaltetan).
Irakurleen iritziak:
comments powered by DisqusEuskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria