Portada

Koldo Mitxelena eta Filologia

Blanca URGELL, UPV/EHU

Filologiak mundu anglosaxoietik hasita adiera gaitzesgarria hartu duelarik, eta gaitzespen horren oihartzunak guregana ere helduz doazelarik, oraindik gutako batzuek —ez zaharrenok bakarrik— filologo garela ozen eta harro esatea eta gutako asko behar denean filologiaren armak erabiltzen jakitea, hein handi batean Mitxelenaren maisutzari zor zaio. Bera da, izan ere, gure patroi handia.

Ezaguna denez, izatez hizkuntzalari historikoa zen, lanbide hagitz noblekoa beraz, indoeuroperaren berreraiketaren korapiloetan hezia eta haren irakaskuntza ogibide izan zuena unibertsitatean hasi zenetik. Alabaina, bere ama-hizkuntzari zion atxikimenduak hartaraturik eta honen historiaurre ilunak —ahaideen bila egindako azterketa ugari bezain hutsalek ilunagotuak— aurkezten zituen erronkek deiturik, bere garaian bestek agian ezin egin zezakeen euskal filologoaren lana ere egin zuen Mitxelenak, betiere maisutzat aitortu zuen Antoine Meillet-en esana gogoan, alegia, hizkuntzaren historia behar bezala egingo bada, hizkuntzalariak filologiarik zehatzenean eta zorrotzenean oinarritu beharra duela.

On dateke gogoan hartzea Mitxelena euskal alorrean hasi zenean, 1950etik aurrerako garaian, ez zegoela isilduago edo estalduago Gerra aurreko sabindarren muturreko jarrera, Kirikiñorengan nortu ohi duguna, idatziz inork baino gordinago adierazi baitzuen —hain zuzen ere “Urkixo-tar Juliri” erantzunez—, euskara moderno garbiaren talaia garaitik begiratuta, Arzadunen dotrina (1731) eta Duhalderen Meditacioneak (1809) bezalakoak “kirtenkeriak” direla (ikus Edo geuk edo iñok ez, 51-56). Irakurri ez, baina horrelakoak entzun, orduan belarriak zituenak entzun ahalko zituen behin baino gehiagotan. Ur zirriztek iturria non den erakusten omen dutenez, aski izango da gogoratzea nor eta Nazario Oleagaz, 1941-1961 bitartean Euskaltzaindiko idazkari egin zuenaz, honako hau kontatu zuela Villasantek (“Axular eta Gero”, EGAN 1967: 29): “Bein, Axular goraipatzen genduela entzunez, auxe esan zigun: Zer ari zerate Axular goraipatzen! Ara, emen danok idazten degu arek baiño askoz obeto. Zuk, eta nik, eta ark, eta danak...”. Eta nori eta Elbira Zipitriari ere, arrazoiz denok miresten dugun ikastolen sortzaileetakoari, “denak sutara botatzea obe” entzun omen zion Villasante berak.

Eskuinetik ezkerrera: Jos? Antonio Loidi, Juan San Mart?n, X eta  Koldo Mitxelena

Eskuinetik ezkerrera: José Antonio Loidi, Juan San Martín, X eta  Koldo Mitxelena.
Argazkia: Errenteriako Udal Artxiboa

Mitxelenak ideietan hainbat kidetasun izan zituzkeen horietako zenbaitekin, agidanez; ordea, bere esan ospetsua parafraseatzea zilegi balekit, abertzale baino lehenago hizkuntzalaria zen, eta hizkuntzalari baino lehenago testuak eskaintzen dituzten lekukotasunak aintzat hartzen zekien gizona. Hala bada, honetan beste alderdikoekin bildu zen, alde handiz gutxiengoan zeudenekin: lekukotasun urriak eta berankorrak baino ez dituen euskararentzat testu zaharrek, are puskek ere, urrea balio dutelakoan zeudenekin. Inor aipatzekotan, Julio de Urquijo eta René Lafon aipatu beharko: bataren jarraitzaile aitortzen du bere burua hainbatetan (cf. “...en muchos aspectos no hacemos, nos nequiores, más que prolongarla [haren obra] en la medida de nuestras fuerzas”, OOCC XI, 141), eta bestearen ikasle beste hainbestetan (cf. ib. 98, adibidez).

Ildo honetatik, Mitxelenak azpimarratu ohi zuen hizkuntz lekukotasunen berezko balioa, bestelako balioak izan zein ez: testuak urriago, eta baliotsuago dira gure ezagutza emendatu, bermatu edo zuzentzeko (TAV 5), zeren eta haietatik gure hizkuntzaren historiaz irakatsi handiak atera baitaitezke, irakatsi sendo eta ziur bakarrak. Aldi berean salatu ohi zuen, euskal testu zaharren eskasiak lekarkeen ezkortasunaren aurrean, asko eta asko aurkitzeko eta argitaratzeko egonik ez zegoela aitzakiarik lanari eusteko (ib. 7 eta OOCC XII, 202, besteak beste), haien balio zientifikoaren ezezagutza larria sortu zuten aurreiritziak behingoan alde batera utzita (OOCC XII, 203). Izan ere, bere ustez testuekiko utzikeria ez zitzaion “gure pasibotasunari” bakarrik zor: aitzitik, Landucciren hiztegia 1958 arte argitaratu gabe egoteko arrazoia, kasu, testua hedatzeko “aktiboki aurre egin izanari” zor zaiolakoan zegoen, erdarakadak erruz izanik euskararen izen onaren aurkakotzat joa baitzen Larramendiz geroztik (OOCC XII, 203). Eta, Axularrekikoak eta bestelakoak irakurri eta gero, nor harrituko da honetaz?

Mitxelenak egin honelako deiek erantzunen bat izan zuten, dudarik gabe, 60ko hamarkadatik aurrera ugaldu eta sarrituko ziren edizioetan, bai ofiziokoen artean izan zituen nola edo halako ikasleetan (Patxi Altuna lehenik, eta gerotxoago Ibon Sarasola eta Joaquín Gorrochategui), baita euskaltzaleen artean ere (Luis Villasante, Jose Maria Satrustegi, Angel Irigaray, Lino Akesolo, Jose Antonio Arana-Martija, eta hainbat garaikide gehiago).

Mitxelenaren filologia hatsarre unibertsaletan oinarritzen da: testuen geroko edozein interpretazioren —hizkuntzazko, literaturazko zein bestelakoren— ezinutzizko oinarri bihurtu dutenetan, hain zuzen. Filologiaren bitartekotza gabe, are haren mespretxuarekin ere, bortxaz okerrean, testuingurutik atetiko ulerkeretan, anakronismoan edo zuzenean zentzugabekerian jausteko arriskua dute interpretazioek oro, arma kritiko bikainago baten jabe sentitzen direnek nekez aitortzen eta are ukatzen badute ere, maiz esnobismo hutsez, dena den bezala esango badugu.

Egia da ez zigula utzi testukritika eskulibururik —ez da gogorik ere antzematen gaiaz idatzi zituenetan—, diakronistaren eskuliburu den Lenguas y protolenguas (1963) zoragarriaren antzekorik, baina euskal testuen gainean egin zituen lan ugariek —orain Obras Completas-en XI. liburukian bilduta— filologoaren oinarri, euskarri, egiteko eta ohiturez hainbat ohar, argibide eta aipamen batzen dituzte aldez edo moldez. Gezurrik esan gabe uste dut baiezta nezakeela honelako lanen argumentu-harietako bat hauxe dela: filologian trebatuegia ez zen irakurleria fidel bati —baina euskal testuak argitaratzen zaletu xamarra zenari— erraz eta argi azaltzea filologiaren oinarriak, bere bultzadaz —edo bere bultzadaz ere behintzat— lehengo utzikeriaren aldean onddoak bezala sortzen ari ziren edizioak, lexikoiak eta bestelakoak —maiz irizpiderik gabekoak, edo irizpide heterodoxoen, ez gutxitan huts-hutsean okerren gainean eraikiak— bide onean ipini nahiz. Nonbait, bidenabar irakastea nahiago zuzenean egurtzea baino, tarteka astinaldi ederrak ere eman arren, batzuetan dotorezia amorruari doi-doi goititzen zitzaiolarik (cf. CCOO XI, 127-129, adibidez).

Zein dira hatsarre horiek? Zerrenda amaigabe batean amiltzeko arriskua nola edo hala gaindituko dudan esperantzan, haietako hiru ildo bereiziko ditut, aipatu liburukitik bilduak, euskal filologoaren vademecum laburtzat har genezakeen Textos Arcaicos Vascos-eko hitzaurrea —beste liburuki batean bildua (OOCC XII, 5-7)— ahaztu gabe.

Honoris Causa doktore izandatzeko ekitaldia Burdeoseko III unibertsitatean

Koldo Mitxelena Erronkariko bailaran euskeraz hitz egiten zuten azken euskal hiztunak elkarrizketatzen (1971).
Argazkia: Errenteriako Udal Artxiboa

Batetik, jatorrizko testuarekiko zintzotasuna, ahaleginean jatorrizko iturrira jotzera eraman behar gaituena edo, horrelakorik ezin denean, bigarren mailako iturriak begi are kritikoagoz begiratzera, betiere batetik edo besteetatik ari garen garbi berezita (TAV 7). Zintzotasun honen barruan sartzen da, jakina, “zehaztasun nahia” (OOCC XI, 100), hots, hasteko eta behin eginahalean testua bere horretan eta akatsik gabe kopiatu eta editatzea, eta gero behar beste iruzkinez hornitzea.

Bestetik, jatorrizko testuarekiko gehiegizko atxikimenduak dakartzan galbideen aurrean (OOCC XI, 565) filologoaren etengabeko jarrera kritikoaren beharra, hau da, pasarte akastun edota ilunak identifikatu, zuzendu eta interpretatzeko gaitasuna; honetarako eskura diren paralelo guztiak —hizkuntzazkoak, historikoak zein bestelakoak— erabili behar, neurria gainditzeko beldurrik gabe (TAV 7).

Hirugarrenik, lekukotuaren eta suposatuaren artean bereizteko “ohitura osasungarria” (OOCC XI 128) gorde beharra, egiaztatua dena norberaren zuzenketa eta interpretazioetatik bereiz. Esan gabe doa kritikoak bere erabakiak zuritu behar dituela, irakurleari behar beste datu emanez, bere iritzia eratzeko lain izan dezan: “Hori baita, nik uste, kritikaren ezaugarririk nagusiena. Nork bere iritzia ager dezake; ez, ordea, gogoak ematen diolako, horretarako dituen oinarriak ongi azaldu ondoan baizik” (ib. 105).

Teorian baino, eginetan pertsona gehiago islatzen da, dena den. Atzera begirako honetan ez zait harrigarri egin Zaraitzuko dotrinaren eskuizkribua deskribatzerakoan darabilen zehaztasuna, esate baterako (ib. 610), baina bai ur-markak gurean ospetsu —eta emankor— bihurtu baino ia hogei urte lehenago aipatzea (Koro Segurolaren ezinbesteko artikulua erreferentziatzat hartuta): ikas genezakeen guztia ikasteko behar beste buru izan ez genuelako seinale, nonbait.

Ofizioak irakasten zizkionez gainera, Mitxelenak euskal testu corpusaren ezagutza sakona zuen, ezohikoa eta berdingaitza, testuak beren artean eta testuetako hizkerak hizkera biziekin lotzeko bidea ematen ziona; ezagutza hori, hau ere ezaguna da, eskuz egindako bere fitxategi erraldoian zein bere oroimen bikainean funtsatua zen, erdiz erdi edo, nork daki. Hala guztiz ere, eta hau ere ohartzekoa da, ez dugu ikusiko arrazoirik gabe oharrak pilatzen, jakinduriaren erakusgarri, ez; ohar gutxi eta haiek ezinbestekoak baino ez ditugu topatuko bere edizioetan. Inoizka, TAV-en adibidez, irakurlearen egarria berdindu gabe uzteko moduan ere, egia esanda.

Hasieratik ageri da hemen Mitxelena ez zela Filologian aritu testuekiko atxikimendu berezi bategatik edo bere zoroak hala emanda, lehenagoko garaietako hizkuntzara heltzeko bitarteko ezinutzizko gisara baizik. Testuak testu izanik ere, ahozko hizkuntzarako aurki zitezkeen zirrikituen bila aritu zen beti, bada. Honen adibideak behar dituenak gogoan har beza, kasu baterako, besterengan izan zuen eraginaren aitorpen bakanetako batean dioena, alegia, Patxi Altunari berak iradoki ziola Etxepareren metrika ahoskeraren argitan azter zezala, ikaslearen fruitu oparoak aurkezterakoan Kiparsky-ren adierazpenarekin sendotu bazuen ere bere intuizio distiratsuetako bat izan zena (OOCC XI, 99).

Gaur egun UPV/EHUko Letren Fakultatea den honetan irakasle ari garenetako batzuk zori ona izan genuen Mitxelena irakasle izatea bere lan-bizitzaren azken urteetan. Orduan asko ikasi uste genuen berarengandik, baina tartean gehiago ikasi dugu, eta ikasiko, bere lanak irakurri eta berrirakurriz. Hor utzi digun ondarea Filologiaren etorkizunari opa dakiokeen oparirik ederrena da, dudarik gabe, gure ikasleak (legez) Euskal Ikasketetan graduatu izango diren, eta bakarrik hala nahita euskal filologo izango diren garai honetan.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Escribe

Egilea

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia