Portada

Koldo Mitxelena, hizkuntzalari

Joseba LAKARRA, UPV/EHU - Euskaltzaindia

“Ni hizkuntzalaritzaren historia-liburuetan, hauen egileen ezjakintasunagatik edo haien harrokeriagatik, desegokienik aztertzen den neogramatikoen korronte zaharreko kide berankorra nauzue, lehenbizikoz hizkuntzalaritza zientzia bilakatu zuten haietarikoa” (FHV-ren 2. arg.).

Menéndez Pidalen Manual de gramática histórica-z landa, Mitxelenak zer eta noiz irakurri zuen ez da behar litzatekeen bezin garbi ikertua. Nahita ere, nago 1950 baino lehenagoko arrunt gutun eta lekukotasun gutxi datekeela, ezinbestean. Alabaina, urte horretan eta aurrekoan bere agerraldia egiten duenean euskalaritzan, behar zuen guztia irakurria zuela zirudien. Ez zaie, gainera, txikikeriei lotzen: gramatika historikoari 1949koan, etimologiaren hatsarriei 1950ekoan; Martinetek Word-en aitzineuskarako herskariez atera artikulu famatua emango du hurrengoan, luze eta argi laburturik eta, batez ere, hark ezagutzen ez zituen argudio eta lekukotasunekin osaturik: latinetiko geminatuen bilakabidea, /f/-aren inguruko zertzeladak eta Erdi Aroko eta Akitania Zaharreko lekukotasunen pisua gogoratuaz. Akitanierari buruzko monografia (1954) bikainak ere ordukoxea behar du, Apellidos Vascos-en lehen edizioak bezala; honen hogei urte geroagoko edizioan (1973) iturri eta datu gehiago bildu zuen, baina etena ez da bi edizioen artean, 1953koa eta generoko enparatuen artean baizik (aurrekoak izan zein ondokoak).

1957an doktorego tesiaren muina aurreratu zuen “Las antiguas consonantes vascas”-en, non eta Martineten omenezko liburuan. Hor, bost liburukotetan barrena, euskalaritzaren alorrean bertakotuak genituen Lafon eta Tovarrez landa, hainbat eta hainbat ziren Europa eta Ameriketako hizkuntzalari ospetsuenen bildumatik.

Honoris Causa doktore izandatzeko ekitaldia Burdeoseko III unibertsitatean

Honoris Causa doktore izandatzeko ekitaldia Burdeoseko III unibertsitatean (1982ko ekainaren 15a).
Argazkia: Errenteriako Udal Artxiboa

Euskaltzain urgazle 1950ean egin zuten, Azkue bizi zelarik, eta oso 1952an hark utzi aulkia betetzeko; sarrera-hitzaldia —Refranes y Sentencias, Landucci, Pouvreau, Urte eta Larramendi erraldoiak bilduaz— 1960an egin zuen, doktoradutza lortu eta gero. Jose Antonio Arana Martijak berreraiki zuen euskaltzainen zensoan 1952an 18 oso ziren, Mitxelena eta Oxobi izendatu berriekin. Artean soilik Mitxelena zen filologo edo hizkuntzalari ikasketaz, are erakundearen eguneroko ibileratik urrutixko zen Lafon ere kontuan izan arren; zaletasuna Altubek eta Lafittek erakutsia zuten dagoeneko (ezkutuagoan Gorostiagak) eta —zeinek bere modura (Mitxelenaren jardunetik oso bestela, jakina)—, geroago Villasantek eta Krutwigek ere bai; alabaina, Lafitteren “L’oeuvre de Luis Michelena Elissalt” (Bulletin du Musée Basque, 1965) dakusana ohartuko da bistako maila ezberdintasunak zirela ororentzat, Oteiza edo antzeko banakaren batentzat lekat.

Euskaltzaindiaren barruan ez ezik euskaltzaleen artean ere oso berandu arte izango da Mitxelena hizkuntzalari bakarra.1 Haritxelhar 60ko hamarkadaren hasieran sartzen da Euskaltzaindian eta amaierarantz aurkezten tesi ezaguna Etxahunez; hura, ordea, bikaina baina funtsean filologo eta literatur kritikari izan zen, hizkuntzalaritzarekikoez oso bakan arituaz.

Mitxelenak Urkixotartzat zuen bere burua, filologotzat, alegia, baina Urkixorekin gertatu ez bezala, Mitxelenarengan hori hizkuntzalaritzarekin biltzen zen: ez da biek hain ikergai kuttun izan zuten Refranes y Sentencias-ez batarenak eta bestearenak nondik doazen begiratzea baizen. Bazuten beste ezberdintasun larri bat ere, Schuchardtekikoa, alegia. Bizi zen bitartean (1927) eta gero ere hura izan zen Urkixoren aitabitxi eta maisu bakar euskararekiko zein gaineratiko hizkuntza kontuetan, Gerra-aurreko RIEV miresgarri hartan. Mitxelena, aldiz, neogramatikoa genuen eta horretaz harro zen, gainera; horrenbestez, korronte hartako kideek inoiz izan zuten etsairik erraldoiena nekez zatekeen —errespetu eta miresmenak gorabehera— Mitxelenaren adiskide erabatekoa.

Hasiera-hasieratik 1987 arte, Schuchardten uste eta hatsarriekiko hoztasun eta kontrakotasun sakonena ez zitzaion inoiz aldendu: Mitxelenaren azken lanetariko batek —1987ko datarekin baina hil ondoren argitaratu “Baskisch = Hispanisch oder = Gallisch”-ek, alegia— titulu xelebre hori darama testua bera gaztelaniaz doan arren, austriarraren aspaldiko haren ezagunarentzako irri-iragarpen.2 Ia 40 urte lehenago, goian aipatu “De etimología vasca”-n Schuchardten izena ez da agertzen —oraindik Azkue eta, batez ere, Urkixo bizirik?— baina Boudak eta bestek jaso astinaldi ederrean haren itzalari emandakoaren aztarnak kausi bide litezke.

Disimulo gutxiago da beranduxeagoko honetan:

No hace falta ser un observador muy perspicaz para que salte a la vista lo peculiar de sus métodos [i.e., los de Schuchardt]. Parece natural que, al penetrar en un campo poco trabajado, empiece uno por buscar apoyo firme en las partes más estables y, por decirlo así, regulares del léxico. Pero a él le interesaba lo cambiante, lo inconstante, lo inseguro (...). Gracias a la exuberancia real, favorecida más de una vez por su rica imaginación, pudo reunir grupos de palabras, cuya relación mutua no se preocupó en aclarar (...). Y así dio la impresión, ciertamente en desacuerdo con los hechos, de que el vascuence es una especie de País de las Maravillas donde nada es previsible y donde todo lo irregular y estrambótico encuentra la tierra prometida (...) (Mitxelena 1956: 68-69).

nahiz erromanistentzat egindakoetan:

Etant donnés l’autorité indiscutible de Schuchardt ainsi que le rôle prépondérant qu’il a joué dans ces recherches, on ne saurait que regretter certains aspects de son oeuvre qui découlent de ses conceptions théoriques; son penchant pour l’étymologie intuitive, presque impressioniste; son insouciance à l’ègard des sons; sa tendence à expliquer ignotum per ignotius; le fait qu’il rennonce fréquemment à considérer l’histoire des mots en question, qu’il connaissait du reste assez bien la plupart des cas. Tout ceci était bien plus dangereux dans le domaine basque que dans d’autres beaucoup plus étudiés... (Mitxelena 1957: 108)3.

Eta Mitxelena oinarriez ari zen bakoitzean zor zitzaizkion astinaldi eta ziztadak beretzat zituen austriarrak.

I ?Jakintzaren Astea? Bilbao 1968. Ezkerretik eskuineara:?Koldo Mitxelena eta Karmele Rotaetxe

I “Jakintzaren Astea” Bilbao 1968. Ezkerretik eskuineara: Koldo Mitxelena eta Karmele Rotaetxe.
Argazkia: Errenteriako Udal Artxiboa

Ezaguna da edo hala izan behar luke, bederen, Mitxelena Chomsky irakurtzen eta aipatzen —hots, aldarrikatzen— lehenetarik izan zela Espainiako diktadura garaiko “giro linguistiko” bitxian. Hurbilekoek “gure etxean funzionalista bakarra katua da [Martinetek oparitua, alegia]” ere entzun zioten, beharbada horren berri izan gabe zendu arren Mémoires d’un linguiste harroputzaren egilea.4

1980 aldera, ez alorreko aldizkari eta irakastokietan ordea, izan zen izengabe ausarten bat Gasteizko “Euskal Filologiako Fakultatean” (sic) “linguistika arkeologikoa” edo egiten zela bota zuenik. Baliteke, soziolinguistika-zale amorraturen bat izatea5, baina teoria linguistikoaz ari bazen neogramatikoarentzat hurbilago ziren sortzaileak Txillardegi eta beste zenbait modernoren estrukturalistak baino, gutxienez haien alor propio edo eraginkortzat zuen sintaxian; Txillardegiri eta besteri Martineten eltzetik baba gutxi aterako zituztela garbi iragarri zien, demagun. Fonologian Mitxelenak “huntaz eta hartaz” gehiegi irakurria zuen inori men egiteko besterik gabe; halere (edo agian horregatik beragatik), gogoan dut Schanford Schane-ren Generative Phonology —arestian gaztelaniaz jarria— eskolan behin baino usuago aipatu zuela eta egilea bera ere inoiz —korbata xelebreren bat eta guzti, oker ez banaiz—, Fakultatean izan genuen hizlari.6

Hizkuntzalaritza historikoan sortzaileek egin zezaketen mesedeaz —Watkins handiak eta hizkuntzalaritza garaikidetik landa bizi ez ziren gainerakoek legez— hasieran izandako ilusioa hoztua zuen gero (are Newmeyer-en gehigikeriak baino lehen ere), nahiz beti gorde Kiparsky gaztearekiko iritzi ona. (Eslabieraren diakroniaz liburukote mardulak zituen Valentinen ilobaren aldekoa, alegia).

Garbi idoro dugu hori Robert King-en Generative Grammar and Historical Linguistics-en iruzkinean (1971): dagoeneko Europako estrukturalismoarengandik jasandako nominalismotik hurbilegi kausitzen zuen haren jarduna, inork —filologo belaunaldi ugarik eta beste hainbeste diakronistak—7 aspaldi aztertu, taxutu eta hainbat germanista- edo erromanista- belaunaldiri irakatsia atzo goizean edo bart gauean berari (edo bere taldekoei) bururatutzat azaldua. Honela zioen maltzurkeria punttu batekin diakronistaz ari, “Lo que ha perdido en prestigio lo ha ganado, por otra parte, en comodidad. Alejado del epicentro de las revoluciones teóricas puede, sin mayor riesgo profesional, seguirlas desde lejos como espectador curioso y hasta un tanto divertido, sin mayores deseos de mezclarse en las primeras filas de asaltantes o defensores” (1971: 56).8

Mitxelenak FHVn eta enparatuetan bilatzen zuena sinplea zen, nahiz ez erraza: aitzineuskara berreraikitzea, hortik lekukotasun zahar eta berriagoetarako bidea berreginaz hizkuntzaren historia egiteko.9 Bere jomuga iritsi zuela fruituek dioskute ozenki: 50 urte geroago, haren sistema darabilgu funtsean eta haren 1400-1500 etimologiek euskal linguistika diakronikoa sostengatzen jarraitzen dute, gainerako tradizioetan bezala (cf. Watkins 1990). Haatik, euskalari diakronista batek itxaron zezakeen laudoriorik handiena izanik ere aurrekoa, handiagorik ere erdietsi du metodoen egokitasuna haien balio unibertsalean datzala behin eta berriro aldarrikatu zuen Mitxelenak: egungo egunean hizkuntzalaritzako ikasleei hizkuntza isolatuetarik barne berreraiketaz ikas genezakeena erakusten zaienean adibide famatuena euskalaritzaren lana dugu (cf. Campbell 2013), Koldo Mitxelenarena eta haren ondokoena.

Eskertzen dizkiot Blanca Urgelli lan honen aurreko bertsioa arretaz irakurri eta egin dizkidan zuzenketak; halere, gelditzen diren huts eta akatsak neureak dira.

1Lehenago ere Kirikiño harro zen bera eta besteren bat zirelako teologiaz landako ikasketak burutu “prakadun” urrietarik; halere, Zientzietako Lizentziak ez zion euskal letra zahar gehienak erre eta erauzteko grina apaltzen, ezta—egunotan ere besteren batengan antzeman litekeen bezala—, hizkuntzalaritzaz eta filologiazko den gutieneko trebakuntzarik ere eskuratzen.

2Titulua bera aski ez eta “ez zen, noski Schuchardten lanik hoberena”, “ezin izan zezakeen akabera onik” hasiera-hasieran eta haren euskara-iberiko-kamitikoaren oinarri ahulak gogoratzen amaieran.

3Lan honi “Basque et roman” deritzo, hots, 50 urte lehenagoko Azkueren hiztegiarekiko Schuchardten famatuaren izen bera; ez da halabeharra, jakina.

4Mitxelena bere morroi zintzoa omen, baina idealistegia (¿!); Chomskyk ez omen zion diosalarik egin Massachussetseko Biltzarrean (1964), etab. Piper pixkat eranstearren, esan dezagun Postal Chomskyren ikasle (gero) heterodoxoak Éléments de linguistique générale-ri eskeinitako 40 orrialdetako egurra non eta Language-n kokatzea lortu zuela.

5Mitxelenaren lan bat baino gehiagotan dira Txepetxenen oihartzunak; bestalde, ezaguna da —literaturan, fonologian, lexikografian, hizkuntzalaritza historikoan zein sintaxian bezala— soziolinguistikan ere euskalaritzan bil zezakeen hoberena nahi zuela Gasteizerako; bere azken hilabeteetan inoiz entzun izan nion beti ez zuela asmatu.

6 Mitxelenaren eskolaren batean, seguruenik, Hizkuntzalaritza Orokorrean Jakobson ondoko fonologia debekatua baikenuen eta aipatuki Chomsky eta Halle eta gainerakoena. Ez da zer esanik debeku horrek —gehi Mitxelenaren zabaltasunak— beste ezerk baino Chomskyzale gehiago sortu zituela.

7Hauek ere “local” ote, Euskal Herrirako bertoko “universal grammarian” batek 1989 aldera dekretatu bezala?

8Bere zorionerako Mitxelenak ez zuen “oin-arin” eta bere segizioekin tratu eta auzi-mauzirik izan... Ikustekoa zatekeen izan zezakeen ateraldia “zein % daukazu AE-rako SOV ordenarentzat eta zein SVOrentzat?” bezalako galdera ezinago zuhurren aurrean?

9 Datu gehiketa hutsak —batez ere aurrekoak eraldatzera iristen ez denean (eta euskararen historiaurreari dagokionez ez da horrelakorik aspaldian— ez du paradigma berririk sortzen eta horrela izan ohi da (zorigaitzez) gainerako aitzinhizkuntzen azterketan legez aitzineuskararenean ere; horrenbestez, Mitxelenak aitzindarien gainetik zuen trebetasun eta ezagutza filologiko hagitzez zabalagoa aipatzea ez da aski haren nagusitasun erabatekoa eta are nagusitasun nagusia justifikatzeko: analisi hobeak egiteko gaitzen zuen teoria linguistikorik gabe ez zatekeen horrelakorik. Bestela esan, Lenguas y protolenguas gabe ez genukeen Fonética histórica vasca-rik ez Sobre el pasado de la lengua vasca-rik.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Idatzi

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia