Jon ZARATE SESMA, Euskararen arloko errektoreordea
Duela mende bat, 1915eko abuztuaren 20an Errenterian jaio zen Koldo Mitxelena, aditu askoren arabera historian zehar euskal literaturan egon diren hiru eskola handiei, Axularrenari, Larramendirenari eta Sabino Aranarenari gehitu beharko genieken eskola berriaren aintzindaria; nahiz eta bera ez izan literaturgile purua, gaur egungo euskara irakasle gehienak, zuzenki ez bada ere, ikasle izan baititu.
Mitxelenak gazte denboran Martin Lekuona jauna izan zuen maisu eta bere bizitzarako oinarrizko erreferentea izan zen berau. Lekuona jaunak piztu zuen Mitxelenarengan euskal literaturarekiko eta Errenteria aldeko euskararekiko interesa eta maitasuna. 21 urte zituela eztanda egin zuen Espainiako Gerra Zibila Mitxelenaren bizitzan giltzarria izan zen. 1937 eta 1943 urteen bitartean bere lehenengo unibertsitateak bilakatu ziren Santoña, El Dueso (Santander), Larrinaga (Bilbo) eta Burgosko kartzeletan atxilo egon zen. Heriotzara zigortua lehendabizi, gero zigor hori 30 kartzela urterekin ordeztua, eta azkenik, 1943an, bigarren epaiketa baten ondoren, askatasuna lortu arteko garai gogorrak bizi izan zituen Mitxelenak. 27 urterekin kartzelatik etxera umezurtz bueltatu zen Mitxelena gaztea, ez gurasoak hilda zituelako baina bai Martin Lekuona jauna fusilatu zutelako. Kartzelatik kanpo, baina ez libre, Mitxelenak argi zeukan bere herriaren defentsan jarraitu behar zuela; hroi dela eta, erbesteratutako Eusko Jaurlaritzako Rezola jaunaren agindupean klandestinitatean aritu zen Madrilen erresistentziarentzako lanean, berriz ere atxilotu zuten arte (Alcala, Ocaña, Yeserias eta Talavera: 1946-1948). Kartzeletan egin zituen egonaldietan, gerora bere emazte izan zen Matilde Martínez de Ilárduyak bultzatuta, hizkuntza klasikoak eta modernoak (latina, grekera, ingelesa, frantzesa eta alemaniera), Filosofia eta Historia ikasi zituen.
Ikasketa Klasikoak bukatu zituen 1951n Madrilgo Unibertsitatean. Handik gutxira, Euskaltzaindiako lehendakaria zen Manuel Lekuonak (Martin Lekuonaren anaia) aholkatuta, euskaltzain izendatu zuten 1953an eta ‘Julio de Urquijo’ Euskal Filologiako Mintegiko zuzendari tekniko 1954an. 1959an, ozta-ozta bizi zela, doktoregoa lortu zuen arrakastaz Fonética Histórica Vasca tesiarekin. Urte batzuetara, 1968an, Indoeuropar Hizkuntzalaritzako Katedra lortu zuen eta urte hartan bertan, Euskaltzaindiak euskara bateratzeko ardura eman zion. Euskara batuaren oinarri, gipuzkera, nafarrera eta lapurtera izan ziren eta erabaki horrek eztabaida handia sortu zuen.
EHUko irakasle emeritu bezala izendatzen duten egunean.
Argazkia: Errenteriako Udal Artxiboa
Irakaskuntzan egindako bideak Sorbonako Unibertsitatean eta Salamancako Unibertsitatean eskolak ematera eraman zuen Koldo Mitxelena. 1977an Euskal Herrian irakastea erabaki zuen eta Filologiako Katedratik (Indoeuropar eta Euskal Hizkuntzalaritza) parte hartu zuen UPV/EHU berriaren sorreran eta normalizazio kulturalean. Unibertsitateak, hain zuzen ere, 1980an bereganatu zuen gaurko izaera, Bilboko Unibertsitate zaharrean oinarrituta eta 1936ko Euskal Unibertsitatean inspirazioa hartuta. UPV/EHUren eta Koldo Mitxelenaren arteko harremana sakona izan zen, azpimarratu nahiko nuke 1978tik aurrera UPV/EHUko Letren Fakultatean euskal filologoen lehen promozioak prestatzen egindako lan eskerga. Jakintza eta euskalzaletasuna inork gutxik bezala uztartu zituen Koldo Mitxelenak. Mitxelena bera izan zen UPV/EHUko lehenengo irakasle emeritua.
Mitxelenak hainbat aintzatespen jaso zituen, besteak beste, Menéndez Pidal Saria eta Alfontso X.a Jakitunaren Gurutze Handia (1984); Hamburgoko Stiftung FVS Fundazioaren Ossian Saria; eta “honoris causa” doktore izendapena Bordeleko Unibertsitatearen (1982) eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoaren eskutik. Horrez gain, 1983an bere kartzela kideek “Burgosko Kartzela” Unibertsitateko “honoris causa” doktore izendatu zuten.
Donostian hil zen 1987an baina ordutik aurrera ere, euskara batzeko prozesua sendotu zuen jakintsu eta hizkuntzalariari nola bere testuen bidez gure hizkuntzaren inguruko maitasuna eta pasioa transmititu zigun irakasleari, esker onaren agiri, hainbat omenaldi eta aintzatespen egin zaizkio UPV/EHUn. Azpimarratzekoa da, 2011ko otsailaren 9an Abandoibarran kokatutako Bizkaia Aretoko gela nagusiak Koldo Mitxelenaren izenarekin zabaldu zituela ateak. Harrez gero, UPV/EHUko klaustroa Mitxelenaren begiradapean elkartzen da urtean birritan eta euskara eta euskal kulturarekin erlazionatutako ekitaldi andana ospatzen dira maisu handiak izena eman zion auditoriumean. Mitxelenak euskalarientzako eta hizkuntzaren ikertzaileentzako utzitako baliogabeko ondarea gordetzeko ez dago leku hoberik UPV/EHUko Arabako Campuseko Koldo Mitxelena Biblioteka baino. Mitxelenaren izena hartu zuen Arabako Campuseko Biblioteka 2012. urtean jarri zen martxan, eta Campuseko fakultate eta unibertsitate eskoletako biblioteketan zeuden funts guztiak bertan bildu ziren. Funts horien artean, Mitxelenaren lan guztia biltzen duen Obras Completas argitalpena, UPV/EHUko Joseba Lakarra eta Iñigo Ruiz de Arzalluz irakasleek editatutakoa. 15 liburuki eta 7.000 orrialdetik gora dituen bilduma horrek Mitxelenaren lana jasotzen du jatorrizko hizkuntzan: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez eta alemanez. Egileak bizi zenean argitaratutako artikuluak dira, bere benetako izena (Luis Michelena gaztelaniaz eta Koldo Mitxelena euskaraz), bere inizialak edo goitizena erabiliz izenpetutakoak. Argitalpen hau Mitxelenak euskal kulturan eta unibertsitatean utzi zuen arrasto sakonaren erakusgarri da.
Mendeurreneko urtea Mitxelenari gure esker ona adierazteko gorriz markatuta daukagu UPV/EHUn. Ekitaldi, erakusketa, eskaintza edota artikulu zein prentsa ohar asko egin dira, seguraski denak batuta ere ez direnak nahikoa maisu bikainarekin dugun zorra kitatzeko. Hala ere, abenduaren 2rako, beste hainbat ekimenen artean, Mitxelenaren ibilbide akademiko osoaren adierazgarri izango den ekitaldi berezia antolatzen gabiltza Bizkaia Aretoko Mitxelena auditoriumean, “Koldo Mitxelenari, esker onaren agiri” ekitaldia. Akademiko bezala lehenengo urratsak eman zituen Salamancako Unibertsitateko garaia eta heriotzara arte UPV/EHUn izan zuen ibilbidea josi nahi ditugu ekitaldian. Salamancan kide izan zuen Carmen Codoñer ohorezko katedradun emeritotik hasi, gure unibertsitatean Mitxelena maisu zela erreferente izan ziren Monreal eta Etxenikerekin jarraitu eta hiztegigintzan lehenengo ikasle eta ondoren oinordeko bihurtu den Ibon Sarasola UPV/EHUko katedradunaren bidez itxiko dugu zikloa.
2015 urtea, mendeurreneko urtea, Koldo Mitxelena oroituz bukatuko dugu. Txillardegiren hitzetan “Euskarak eman duen jakintsurik handiena. Ehun urtetik behin bakarrik ateratzen den horietakoa”. Beraz, Txillardegiren teoria beteko baldin bada, laster izan genezake Mitxelena berri bat gure artean. Bitartean EHUko kide guztioi eskatuko nizueke ez gaitezela zain egon eta Mitxelenaren eredua jarrai dezagula. Gutako bakoitza kontziente izan dadila amets baten oinordeko garela eta gure esku dagoela UPV/EHUn hainbeste izerdirekin sartu zen euskara zaintzea.
Irakurleen iritziak:
comments powered by DisqusEuskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria