Portada

Ehun urte alferrik ez

Pello SALABURU, EHUko Euskara Institutuaren zuzendaria

Ehun urte bete dira aurten Koldo Mitxelena maisua Errenterian sortu zenetik. Erran behar dugu urteak ez direla alferrik pasatu eta, horri esker ikusten ahal dugula hobeki Koldoren bizitza zein emankorra izan zen. Ez dakigu zer gertatuko den hurrengo ehun urteetan euskararekin. UNESCOk dioenez, 6.000 hizkuntza baino gehiago erabiltzen dira une honetan munduan, baina ez dira denak osasuntsu: hurrengo ehun urteetan hizkuntza horien erdiak betiko desagertuko omen baitira. Munduko biztanleak, hola, XXII. mendean, berdinagoak izanen dira, hizkuntzari dagokionez bederen. Aldi berean, mundua pobreago eta ahulago bihurtuko da, arrazoi beragatik. Ez dakigu euskara desagertuko omen diren hizkuntza horien artean dagoen edo ez, eta ez du merezi kontu horrekin aztiatzen hastea. Baina gertatzen dena gertatzen dela, eta euskarak irauten baldin badu, jende anitzen ahaleginari esker gertatuko da hori. Eskertu behar dugun horietako bat, ezinbertzez, Koldo Mitxelena da.

Ez zuen bere gazte denboran bizitza erraza izan: eritasunak hartua izan zen; gerrak boluntario harrapatu zuen, galtzaileen artean, batailoi nazionalista batean; frankistek gerra irabazirik kartzelan sartu zuten, heriotza zigorra erori zitzaion gainean; gero 30 urteko zigorra... eta denetatik libratu zenean etxean agertu zen (“Etorri zara?” agurtu zuen amak, nonbait, etxeko atea ireki zuelarik) eta unibertsitatean hasi zen ikasten, Madrilen. Hasi zen adin horretarako, gaur egun, jendeak doktoregoa egina izaten du. Mantso hasi ere, hortaz. Bizi ahal izateko, toki bat baino gehiagotan ibili zen lanean.

Burgoseko presondegian (1942 inguru horretan)

Burgoseko presondegian (1942 inguru horretan).
Argazkia: Jone Idiazabalek utzitako argazkia. Errenteriako Udal Artxiboa

Baina kartzelan emandako urte luzeak —gerra akiturik, lehenik, eta berriz ere 1946an, Francoren kontrako isilpeko jarduerengatik— ez ziren, alde honi dagokionez, alferrak izan. Zioen berak hobeki egoten zela urte haietan, seguruago, barnean kanpoan baino. Eta barnean gauza asko ikasi zuen. Unibertsitateko adiskideak egin zituen han, toki eta ideologia diferenteetakoak, hizkuntza arrotzetan leitzen ikasi zuen, eta unibertsitatera joateko erabakia ere hartu zuen, erran bezala. Madrilen.

Handik urte batzuetara aurkeztu zuen tesia, 1959ko urtarrilaren 26an. Diotenez, aho zabalik utzi zituen lana epaitzen zuten mahaikideak. Liburua ondoko urtean argitaratu zen: Fonética histórica vasca. Jose Vallejo “maisu eta adiskide” latineko katedradun sevillarrari eskaini zion argitalpena. Abisua lehenbiziko orrialdean ematen du: “Euskal hizkuntzalaritza diakronikoak atzerapen handia du, ez bakarrik hizkuntzaren isolamendua bezalako baztertu ezinezko faktoreengatik, baizik espezialisten urritasunagatik ere”. Garai hartan, hortaz, ez zen espezialistarik edo, baldin baziren, bertze hizkuntzetan zirenak baino aise gutiago genituen euskararen inguruan. Bera izan zen lehenbiziko espezialista handia, nire ustez. Hizkuntzaren aurreko egoera zein zen deskribatzen saiatu zen —azken batean aitzineuskara nola berreraiki zitekeen—, bertze hizkuntza batzuen azterketa egiteko erabiltzen zen tresneria metodologikoa (neogramatiko eta konparatistek garatu bideak) aplikatuz euskarari. Egia da aitzinetik izan zituela bertze batzuk: Uhlenbeck, Gavel, Lafon edo Martinet aipatzen ditu. Denak gainditu zituen, eta nola gainera, Koldok.

Orduan, eta ondoko urteetan, Mitxelenak euskarari egin dio ekarpena harrigarria da. Nire ustez, bera izan da benetan hemengo amateurismoarekin akitu eta euskararen kontuak modu profesional batean aztertu izan dituen lehenbizikoa, gutxienez hain modu sistematiko, iraunkor eta zabalean. Bera izan da benetan gure euskalaria.

Arlo guztiak ukitu zituen, eta guztietan utzi zuen seinalea. Adibidez, ez zuen Mitxelenak gramatikarik idatzi, baina baditu baztertu ezinezko artikuluak eta han-hemenkako oharrak. Maisutasun handia erakusten du hor. Jakina, eta ez da erran beharrik, hizkuntzaren historiaren gainean, hori izan baitzen bere ikerketa alor nagusia. Baina gramatika sinkronikoan ere, hots, hizkuntzaren gaurko egoera islatu nahi duten gramatiketan. Konparazione, Villasantek zenbait liburu argitaratu zituelarik, 1970-1980ko hamarkadetan, Eleizalde izeneko bilduman. Orrialde anitzetan, Villasantek idatzitakoaren gainean ageri dira Mitxelenaren ohar mamitsuak: “Mitxelena apostilla...”. Ohar horiek kontuan hartu behar izan ditugu gero gramatika kontuetan ibili garenok.

Ez zuen Mitxelenak literatura idatzi, ez zuen eleberririk edo olerkirik egin. Baina nolatan ukatu haren ekarpena arlo horretan ere? Txillardegik berak kontatzen digu Mitxelenak egin iradokiari segituz izkiriatu zuela Leturiaren egunkari ezkutu. Itzulpen kontu batekin joan omen zen Mitxelenarengana eta bulego hartatik bere buruan bere baitarik sortu behar zuen eleberri baten ardurarekin atera zen: egunkari ezkutua. Mitxelenak anitz landu zuen kritika: liburuak, filmak, kulturarazko bertze ekitaldi batzuk, eta abar. Baina nola uka Historia de la literatura vasca liburuaren garrantzia? Euskal literatura lanez ordura arte argitaratutako lan guztiak gainditu zituen liburu horrek, batez ere Europako bertze herrialde anitzetan erabiltzen zen ikuspuntu modernoa aplikatu baitzuen lehenbiziko aldiz bere lanean. Liburua eredu gisa erabili izan da hainbertze urtez, eta egun ere informazio iturri ona da.

Neogramatiko berantiartzat zuen bere burua, kide berankorra, hala zioen Fonética Histórica Vasca liburuaren bigarren edizioan. Erran dugunez tesian oinarritua den liburu horrekin euskararen barneko historiaren aztertzeari ekin zion. Hori izan zen Mitxelenak bereziki landu zuen gai nagusietako bat, eta hor sentitzen inon baino erosoago. Liburu horretan eta bertze hainbertze lanetan (Sobre el pasado de la lengua vasca; Lenguas y protolenguas; Textos arcáicos vascos). Erraldoi baten lana erakusten du Mitxelenak arlo horretan, oraindik inork ere gainditu ez duena. Horiek dira, batez ere Sobre historia de la lengua vasca, euskararen historia aztertzen hasteko abiapuntu hoberenak. FHV atera zenetik berroegi urte pasatu dira, mende erdia, eta orrialde haietan behatzen segitzen dugu. Ikerlan horiek guztiek badute, gainera, bertze berezitasun aipagarri bat: hizkuntza isolatu baten aitzineko egoerak aztertzeko metodologiak argia eman dezake bertze hizkuntza isolatu baten gaineko azterketak egiteko ere.

Euskaltzaindiako kideekin, Arantzazun (1972)

Euskaltzaindiako kideekin, Arantzazun (1972).
Argazkia: Errenteriako Udal Artxiboa

Hiztegigintza izan zen Mitxelenak landutako bertze arlo nagusi bat.Hasieratik gainera: 1950eko hamarkadan hasi zen Azkueren Diccionario Vasco-Español-Francés hiztegiaren bigarren argitaraldia prestatzen, Euskaltzaindiak hala eskaturik. Tesia idazten ari zen garai berean alegia. Ez da erran beharrik bi lanak, hiztegia eta tesia, elkarren osagarri zirela. Handik hamabortz bat urtera atera zuen Mitxelenak “Estudios sobre las fuentes del Diccionario de Azkue” eta han ematen du Azkueren lanari ikusten dizkion akats batzuen berri: akats arruntak, euskararen garbizaletasunak markatzen baitzuen euskalaritza XX. mende hasierako garai hartan. Baina Azkueren edizio horrek ez zuen inoiz ere argia ikusi, hemen aipatuko ez ditugun, eta Mitxelenarekin zerikusirik ez duten, arrazoi batzuk direla eta. Argitalpen hori bazterrean uztea erabaki zuelarik, Azkueren bigarren edizio hobetua egin beharrean, berak nahi zuen bezalako euskal hiztegi berria egitea deliberatu zuen. Hori urteak geroago gertatuko zen, ordea, tartean euskararen batasunaren kontuak sortu baitziren, eta 1968ko txostena prestatu eta batasunaren eredua finkatuko zuten lanak bideratu baitzituen. Eta horra nola, Azkueren bigarren edizio landua behar izan zuen hura Orotariko Euskal Hiztegia (OEH) bihurtu zen. Eusko Jaurlaritzaren babesarekin, berak eta Ibon Sarasolak erredakzio talde bat sortu eta 1980ko hamarkadaren erdi aldera hasi ziren lanean. Ez zuten kontuan hartu Azkuek idatzia bakarrik: kontuan hartuko zuten bertze euskal hiztegietako materiala ere eta, batez ere, literatura tradizioan zeuden material bilduma osoa egin zuten lehenik, guztia modu automatikoan irakurtzeko gisan berridatzi eta ordenatu, ordenagailuetan sartu, eta horrekin hasi ziren lanean. Material horri, jakina, Koldok berak eginak zituen milaka fitxa ere gaineratu zitzaizkion. Kontua ez zen hitzak biltzea, Azkuek egin zuen gisan, edo ez hori bakarrik: hitzak beren testuinguruan nola ageri ziren, nola “funtzionatzen” zuten, ikusi behar zen. Eta hortik atera adierak, milaka eta milaka adibide bilduz, inolako “garbitasunik” egin gabe. Hiztegia egiteko bortz milioi hitzeko corpus orekatua (euskalkiak, urteak, egileak... kontuan hartuz) osatu zuten. Garai hartan handia zen (gaur egungo baliabideak indartsuagoak dira, jakina, eta badira publikoak diren 200 miliotik gorakoak, EHUko Euskara Institutuan). OEH lan ikaragarria da. Lantaldea lehenbiziko liburukiaren inprenta probak zuzentzen ari zelarik zendu zen Mitxelena, 1987ko urriaren 11n. Azken liburukia, XVI.a, 2005ean argitaratu zen. Mitxelenak jarri zituen egituraren oinarriak, gero Ibon Sarasolak liburuki bakoitzean ezarri zituenak. Euskararen historiarako geldituko den zutabe nagusietako bat da OEH.

Baina euskarak oraindik gehiago zor dio Mitxelenari. Orain arte aipatu ditudan lanak hizkuntzaren barneko azterketarekin daude lotuak. Hizkuntzek badituzte, hala ere, bertze arazo batzuk, gure eguneroko harremanetan ageri direnak. Eta euskarak bazituen batzuk bereziki handiak, ez baitzuen kode idatzi komunik. Idazle bakoitzak bere erara idazten zuen, bere ortografia, hiztegia eta erramoldeak erabiliz. Arazo handia zen hori, eta idazle anitzek adierazi dute historian zehar beren kezka kontu horretaz: Leizarraga, Axular, Oihenart, Larramendi, eta bertze zenbaitek erakutsian utzi zuten beren kezka arazo honegatik. Euskaltzaindia sortu zelarik ere, batasuna egitea izan zuen bere helburuetako bat. Mitxelena izan da euskararen batasunaren gakoa. Berak eraman zuen Arantzazura batasunaren txosten nagusia, eta txosten hori izan da, hain zuzen ere, euskararen batasun idatziaren giltza nagusia. Horrek indar handia eman zion euskarari, idazki guztiak itxura bertsua hartzen hasi zirelako, anitzez ere idazle gehiago sortu zelako urte haietan, eta hezkuntzan eta administrazioan modu bateratuan elkar ulertzen hasi ginelako. Hori da, inongo zalantzarik gabe, Mitxelenaren ekarpen handienetako bat, eta urteetako distantziak nabarmentzen du eta areagotu, ekarpen horren indarra.

Azkenik, eta berak erabiltzen zuen formulaz baliatuz erranen dut, last but not least, Mitxelenaren laguntza handia izan zen EHU sortzeko ere. Salamancan bizi zen, aski pozik gainera, eta ospe handiko unibertsitate hura utzi eta Gasteiza hurbildu zen, egin zioten deiari baietza emanez, Letren fakultatea sortzera. Garai biziki nahasietan egin zuen hori, gainera. Horrek eman zion izena eta errespetua fakultateari. Eta gainera dezadan hemen bertze kontu bat: maiz entzun dut Mitxelenak nahiko merezimendu izanen zuela, baina ez zela gai izan eskola bat sortzeko. Hori ez da egia: ehunka lagun pasatu dira Gasteizko Fakultatetik. Denek, ikasle eta irakasleek Mitxelenaren iturrietatik edan dugu, eta edaten dugu. Gaur egun euskararen historiaz, gramatikaz, fonetika-fonologiaz, hiztegiaz... dakiguna ezinezkoa litzateke Mitxelenaren lanak kontuan hartu gabe. Hori da berak utzi duen eskola handia. Euskalari handiena, “ehun urtetik behin sortzen den horietako”, Txillardegiren hitzetan. Beharbada aurten sortuko da haren pareko bertze norbait.

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
Idatzi

Lotutako artikuluak

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia