P. Xabier - Mª Carmen
P. XABIER - Mª CARMEN
Eskuz egindako oinetakoak
2002 / 04 / 12-19
Egilea: Antxon Aguirre Sorondo
 Sarrera
 Artisaua
 Produktuak
 Prozesuak
 Prezioak


PROZESUAK

Larru naturala erabiltzen duten artisauekin topo egiteko, Iruñeara jo behar dugu. Hantxe daukate oinetakoen tailerra Xabier Iturriotzek eta Mari Carmen del Ríok.

Kalerako bota pare on bat egiteko eskatu diegu.

Gure lagunak lanean hasi dira:

Mari Carmen hasi da lehenengo. Abarken kasuan bezala, lehenik eta behin piezak marraztu eta moztu behar dira, begetalki ondutako larrua erabiliz. Ondoren, ondo inbrikatu ahal izateko, berehala hasi da ertzak jaisten.

  Argazkia
Une horretantxe hainbat gauza egin behar izaten dira: alderdiak elkarri itsatsi, lokarria pasatzeko zuloak ireki, barruko forroa ipini eta guztia ondo-ondo josi.

Hein handi batean, lanaren fase honetan -eta baita larruaren hautaketan ere- datza azken emaitzaren gakoa. Izan ere, oinetakoa ondo moztuta eta josita baldin badago, oso denbora luzean iraungo du.

Botaren larrua moztuta daukala, Xabierrek oinetakoari egokitzen zaion zola aukeratu du. Jarraian, barruko plantila itsatsi eta iltzeztatu du.

Josi baino lehen, botaren ertza moldatu du, kanpoaldea laua izan dadin. Lan bat zein bestea egiteko, makinak erabili ditu.

Oinetakoa nola den, forrua ipiniko zaio (zerri larrua) edo ez. Zola mota desberdinen artean bat aukeratu beharko da: fina izango da egun beroetarako, eta pneumatiko berziklatuz egindako goma lodi eta itsaskorrekoa egun euritsuetarako.

Zola moztu eta orkoiak ateratzea besterik ez da falta. Oso kalitate eta prezio oneko oinetakoa dugu aurrean, eta ekologikoa gainera, larrua begetalki ondua baita. Josteko erabilitako materialak naturalak dira.

Gutxi dira oinetakoak horrelako materialekin egiten dituzten artisauak. Baina, hala eta guztiz ere, oso zaila da oinetakoak seriean ekoizten dituzten industria handiekin lehiatzea. Alde ekonomikoa handiegia izan ez arren, artikulu hauek erosten dituena harro asko ibil daiteke, oinetan "gauza desberdin eta guztiz artesanala" eramateagatik.

LARRU EKOLOGIKOA

Argazkia  
Jantziak, forruak eta gehigarriak egin ahal izateko, aurrez larrua ondu beharra dago, bai biguntzeko, bai hain berezkoa duen leuntasuna lortzeko. Horretarako, larrua tratatu egin behar da, lehortzerakoan oinetakoek konsistentzia kornearik har ez dezaten, eta ez daitezen hartzitzeagatik puskatu edo usteldu. Egipziarrek, duela bi mila urte, jada ezagutzen zuten laban, arraspa, ezten eta errematxeez baliatuz landare eta fruituen zukuen bidez begetalki ontzeko sistema. Gainera, hainbat olio eta grasa erabiltzen zituzten larrua edertzeko. Baina XIX. mendean, metodo industrialen etorrerarekin, zapatagintza izugarri garatu zen. Ordukoa da kromozko gatzen bidezko ontzea, adibidez.

  Argazkia
Teknika hau larruari erabilera militar zein zibila emateko, eta gero eta handiagoa zen eskariari erantzuteko sortu zen, artisauek, beren ohiko prozeduren bidez, ezin zutelako behar adina ekoiztu. Horrela, ontzaile kimikoak sortzeari ekin zitzaion, larruak modu masibo batean tratatu ahal izateko. Ontzaile begetalekin tratatutako larruek zuhaitzen azalak bezalako tonu marroixka hartzen dute, eta eguzki izpien ondorioz garatu egiten dira, lodi eta sendoak dira, eta edertasun natural handiagoa dute beren berezko olio naturalak azaleratzeagatik. Kromoz ondutako larruak, aldiz, meheagoak izaten dira, eta beren kolorea hasieran zuria izaten da; gero, nahi den tonua ematen zaie. Horregatik, lehenengo prozeduraren bidez landutako larruak, sendoagoak izatean, burdinoletako mantalak, hauspoak, abarkak, sandaliak, zolak, korreak, bridak, maletak, poltsak eta erabilera industriala dutenak egiteko erabiltzen dira, eta kromoz ondutakoak, berriz, janzteko, eskularru meheak, tapizeriak etab. egiteko.

 

 Galeria
Bilatu Euskonewsen