Pedro Zapata
PEDRO ZAPATA
Herrementaritza
2002 / 11 / 01-08
Egilea: Antxon Aguirre Sorondo
 Artisaua
 Produktuak
 Prozesua
 Prezioak


PROZESUA

Errementariak burdin gozoa ikatz mineraleko sutan berotzen du, otzantzeko, goritzeko.

Burdina gorri-gorria dagoenean, ingudean ipini eta zehaztasun handiz lantzen du. Horrela, lanparentzako ezarkinak, adibidez, inolako molde zein plantilarik gabe egiten ditu, bere esperientziaz eta burdinolako tresna apurrez baliatuz: sua, burdina, mailua eta ingudea baino ez...

Errementariak, metala lantzen duen bitartean, mailuarekin kolpe txiki erritmikoak ematen ditu ingudean, eta horrek esfortzuak ondo ekonomizatzen jakitea eskatzen du.

Pedro Zapatak ongi merezitako ospea bereganatu du, ez bakarrik argimutil edo txokolatera klasikoengatik, baizik eta baita bere ferretengatik ere.

Antzinako etxekoandreek ura iturritik baserrira eramateko buru gainean eramaten zituzten ontziak dira ferretak. Gaur egun elementu dekoratibo gisa baino ez dira erabiltzen, baina oso ondo saltzen dira merkatuetan.

Ferreta bat egiteko, lodiera jakin bateko zinkezko xafla bat aukeratzen du artisauak.

Plantila batzuez baliatuz, xafla moztu eta forma tronkopiramidalean tolesten dio, eta soldatu egingo du berehala.

Ontzi hauen bereizgarri nagusietako bat, buelta guztian zehar dauzkaten letoizko uztaiak dira. Tapa ere, soldatuta izango duena, letoizkoa izango du.

Behin ferreta egina dagoenean, artisauak letoizko kirtenak ipiniko dizkio.

Garrantzi handia du telazko zilindroekin egiten den leuntze lanak, igurtzi horrek ematen baitio metalari berezko distira.

Pedro Zapatak helburu estetiko hutsarekin egiten ditu ferratak. Nolanahi ere, beren edukiaren arabera (4 eta 12 litro artean) sailkatzen dira ereduak.

Ferrata guztiek marrazki edo seinaleren bat eramaten dute grabatuta, artisau nafar bikain honen bereizgarri modura.

Bukatzeko, Juan Garmendia Larrañaga lagun onari entzun nion pasadizo bat ekarri nahiko nuke gogora. Bazen behin errementari bat burdinola batean lanean, eta lagun bat gerturatu eta zera galdetu zion: “Zer ari zara hor kolpeka egiten? Zer forjatuko duzu burdin horrekin?" Eta errementariak erantzun: “Zabaldu egiten baldin bada, pala bat, eta okertu egiten bada, berriz, kako bat”.

Gure artisauari galdera hori bera egiten zaionean, zera erantzuten du: “Bizarrarekin ateratzen bada, San Anton izango da, eta bestela Sortzez Garbia”.

Gutxi izango dira hainbeste produktu egiteko aukera ematen duten artisautza lanbideak, ia denetarik egin baitaiteke. Egiaz, benetako artisau bat daukagu aurrean.

 Galeria
Bilatu Euskonewsen