Artisaua | |
Produktuak | |
Prozesua | |
Prezioak |
ARTISAUA
Pedro Zapata Arizkunen (Nafarroa) jaio zen, 1941ean. Hamahiru urte zituenean zerrategi batera joan zen ikasle, eta bi urte geroago Juan Bautista Aguerre errementari erratzuarrak bere tailerrean lanean aritzeko deitu zion. Berarekin bizitzera joan zen, eta bertan ostatua eta otorduak, eta hilean 300 pezeta ematen zizkioten. Hantxe ikasi zituen bai errementaritza, bai ferratze lanak, zaldi, asto eta mandoentzako ferrak ere bertan egiten baitzituzten; behienak, aldiz, kanpoan erosten zituzten. Era berean, nekazaritzarako lanabesak konpontzen zituzten (brabanak, goldeak, etab.), eta bestelako hainbat gauzak egiten: balkoiak, ferraketak, eta abar.
Hemezortzi urte zituenean, Baigorriko arotz batek ferra mota zehatz batzuk egiteko eskatu zion Pedroren patroiari, ondoren Parisa eramateko asmoarekin, baina Juan Bautista ez zen baiezkoa ematera ausartu, teknika ondo baino hobeto ezagutzen zuen arren ez zituelako lan artistikoak egiten. Orduan Pedrori luzatu zion eskaintza, eta honek onartu egin zuen. Horrelaxe hasi zen gure artisaua ferraketa artistikoarekin. Bien bitartean, gainera, mekanika ikasten hasi zen, nekazaritzako makinaria konpontzeko. Astean hirutan Elizondora joaten zen, Vigueras delako baten tailerrera, eta gainerako egunetan nagusiarekin aritzen zen, lehenagoko soldataren erdia, janaria eta ostatuaren truke. Hiru urte eman zituen horrela. Pixkanaka, Erratzuko tailerrean forjaketa eta ferraketa lanak bakarrik ez, baizik eta tresna mekanikoak konpontzen ere hasi ziren.
Soldaduska egiteko garaia iritsi zitzaionean, Juan Bautistak itzuleran zer egingo ote zuen galdetu zion; alegia, berarekin jarraituko zuen ala bere kasara jarriko zen. Pedroren erantzuna garbia izan zen: berarekin ikasi zuen lanbidea, eta berarekin jarraituko zuen bere semea tailerra aurrera eramateko gai izan arte. Esan eta izan. Juan Bautistaren semea, Francisco, aitaren tailerraren kargu egin zenean, Pedro independizatu egin zen, eta, hogeita sei urterekin, tailer berri bat zabaldu zuen izeba batek Arizkungo Bozate auzoan zeukan etxean. Ferraketa lanak alde batera utzi zituen, eta errementaritzan eta nekazaritzako makinak konpontzen aritzen zen. Gainera, beharrezko tituluak atera, eta iturgintza, kalefakzio eta elektrizitate lanetan ere hasi zen.
Hogeita bederatzi urterekin, etxebizitza blokeetan kontrata batzuk hartu, eta Construcciones Iturria eta Sobrinorentzat hasi zen lanean. Sei laguntzaile hartu zituen orduan, eta, bere bigarren izenaren (Antonio) eta bere emaztearen bigarrenarenaren (Carmen) letrekin jolastuz, ANCAR izena ipini zion tailerrari.
Urte bete lehenago, hogeita zortzi uzte zeuzkanean, Domingo Etxandi kaikugileak Donostian (Gipuzkoan) ospatzekoa zen artisautza azokara berarekin joateko gonbita luzatu zion, eta hamabi egunez Donostiako Trinitatearen enparantzan burdinezko tresnak lantzen aritu zen jendaurrean. Nolanahi ere, oso lanpetuta zebilen kontraten kontuarekin, eta ezin izaten zuen deitzen zioten azoka guztietara joan.
35 urte izango zituen Zarautzeko (Gipuzkoa) Artisautza azokara joateko erabakia hartu zuenean. Hain zuzen ere orduz geroztik aritzen da artisautza produktuak (ferraketak, lanparak, ferretak, etab.) nolabaiteko jarraitasunez egiten. Apurka-apurka obretako lanak uzten joan zen, hirietako kontratistak oso prezio merkean hasi zirelako lehiaketetan sartzen. Berarekin zebiltzan laguntzaileek beste lan batzuk bilatu zituzten, eta bat bakarrik gelditu zen Pedrorekin tailerrean.
Orain artean Pedro Zapata artisauari buruz mintzatu bagara ere, aipamen berezia merezi dute lanbide honetan bertan diharduten bere bi semeek ere.
Hogeita bederatzi urterekin, Mari Carmen Bernalekin ezkondu zen Pedro, eta hiru seme-alaba izan dituzte: Fernando (1971n jaioa), Xabier (1973an jaioa) eta Josune (1977an jaioa).
Zaharrena, Fernando, elektrizitatea ikasten ari da, eta Xabier iturgintza, gasa eta kalefakzio lanak. Biak txikitandik aritu dira aitari burdinolan laguntzen, eta lanbidea ikasten. Gaur egun biak dabiltza Pedrorekin lanean.