Luz Ares
LUZ ARES
Zeramikaria
2003 / 01 / 24-31
Egilea: Antxon Aguirre Sorondo
 Sarrera
 Artisaua
 Produktuak
 Prozesuak
 Prezioak


PROZESUAK

Bere lana egiterakoan, Luzek azal-azaletik azalduko ditugun honako pauso hauek jarraitzen ditu:

1.Buztina oratu

Gure artisauak egindako giltzatakoa  
Gure artisauak egindako giltzatakoa
Gaur egun buztinlariak ez dira ibiltzen mendira edo ibai bazterretara buztin bila joaten, buztina zanpatzen, dekantatzen uzten, etab. Orain, lan horiek guztiak egiten aritu beharrean, zuzenean buztin garbia saltzen duten enpresetara jotzen dute. Baina buztin hori ezin da dagoen moduan erabili. Aurrez, plastikotasuna eman behar zaio, eta hori buztina eskuz lantzen lortzen da, edota, hobe esanda, eta buztinlariek dioten moduan, eskumuturrez lantzen. Izan ere, eskuztatu egin behar izaten da (lehen gure baserrietan ogia oraskatan egiten zutenean bezala). Nahiko lan gogor eta ezatsegina da, baina guztiz beharrezkoa emaitza ona lortzeko.

Lan hori taula baten gainean egiten den bitartean, noizean behin ur pixka bat ere bota behar izaten zaio artisauak nahi duen plastikotasuna lortu arte.

2.Torneatu

Masa prest dagoenean, zati bat hartu eta tornuan ipintzen da. Luzek tornu elektronikoa erabiltzen du. Bertan masa puska bat ipini, eta eskuekin berak nahi duen forma ematen hasten da. Eskuaz maiz busti behar izaten dira buztinean ondo irrista daitezen.

Luz Ares-ek apaingarri berriak erakusten dizkigu
Luz Ares-ek apaingarri berriak erakusten dizkigu

Nahi zuen forma eman dionean, pitazko soka batekin pieza oinarritik mozten du, tornutik atera ahal izateko.

3. Lehen aldiz lehortu

  Giltzatakoa sintzilikatzeko objetu multzoa
Giltzatakoa sintzilikatzeko objetu multzoa
Pieza horiek itzalean jartzen dira lehortzen, hezetasun apur bat galtzen, "larru gogortasuna" eskuratzen duten arte. Horregatik, ez da komeni eguzkiak ematea, gehiegi berotuz gero piezak pitzatu egingo liratekeelako.

Gainera, piezen neurriaren, hezetasun mailaren eta giroko tenperaturaren arabera (ez baita gauza bera prozesu hau udan edo neguan egitea), denbora gehiago edo gutxiago beharko dute lehortzeko.

4. Berriz torneatu

Piezak, lehortutakoan, apur bat gogortu egingo dira, eta beraz artisauak deformatzeko beldurrik izan gabe manipulatu ahal izango ditu. Hain zuzen ere une honetan emango dizkio azken ukituak. Honi, "berriz torneatzea" deitzen zaio. Pieza berriz ere tornuan ipini, eta xafla batzuen laguntzarekin, perfekzionatu egingo ditu, eta soberan dauden zatiak kendu. Lixen bidez, hainbat zona pulituko ditu.

5. Azken aldiz lehortu

Artisauaren iritzian pieza amaituta dagoenean, berriz ere lehortzen utziko du, buztinlariek "hezur gogortasuna" deitzen dioten gogortasun maila lortu arte, labean sartu ahal izateko.

6. Bizkotxatu

Hurrengo pausoa, labean ahalik eta pieza gehien sartzea izango da, eta horretarako pieza batzuk besteen gainean ipiniko dira (hain zuzen ere horregatik da hain garrantzitsua aurreko pausoa ondo betetzea, piezak behar bezala lehortzea, ez daitezen zamaren eraginez deformatu).

Gaztanotzarak
Gaztanotzarak

Luzen labea elektrikoa da. Pirometro bat dauka barruko tenperatura kontrolatzeko. 850º Ctara igotzen denean, itzali egiten da, eta pixkanaka hozten uzten zaio, tenperatura aldaketa bortitza izango balitz piezak hautsi egingo liratekeelako.

Labetik atera berriak dauden piezen egoerari "bizkotxo" egoera deitzen diote buztinlariek.

7. Apaindu

Labe barruko tenperatura pixkanaka jaitsi denean, atea zabaldu eta piezak ateratzen dira. Baten bat hautsi egin baldin bada, edota akatsen bat sortu bazaio, bota egiten da. Ondo atera direnak hartu eta apaindu egiten dira.

Dekorazio ezberdinak giltzatakoak zintzilikatzeko  
Dekorazio ezberdinak giltzatakoak zintzilikatzeko
Kontuan izan behar da buztinezko pieza guztiak ez direla apaintzen. Guztiok ikusi izan ditugu inolako apainketarik gabeko loreontzi, pitxer, platera, irudiak eta abar, buztin egosi hutsezkoak. Baina, gainera, apaintzeko modu desberdin asko daude. Artisau bakoitzak gustukoen duen modua erabiliko du. Gure artisauak "soka lehorraren" teknika erabiltzen du: horretarako, pieza hartu eta, arkatzez, egin nahi dizkion irudiak marrazten ditu, eta orduan, pintzel batez, masa bat aplikatzen du (hainbat produktuz egina: besteak beste, landare olioaz, grasa mineralaz eta manganesoaz). Horrela, hesi moduko bat egiten du, koloreak nahas ez daitezen. Irtengune kimiko txiki moduko bat sortzen du (ez da hesi fisiko bat), gero koloreztatu ahal izateko. Hori da "soka lehorraren" teknika deitzen dena.

Beste batzuetan, baina, baldosa industrialarekin aritzen da (buztin egosiz egindako xafla bat besterik ez da. Jakin ezazue xafla honi esmaltea eman eta labean sartzean azulejoa lortzen dela). Baldosa hauek dendan erosten ditu, eta prozesua antzekoa da, baina desberdintasun batekin: kasu honetan artisauak ez duela materia egin.

"Soka lehorraren" teknikak jatorri arabiarra du. Ezagutzen diren piezarik zaharrenak XVI. mendekoak dira. Dakigunez, asko erabiltzen zen Andaluzia musulmanean: Malagan, Granadan (gogoratu Alhambrako ardoaren ateko azulejoak, teknika hau erabiliz eginak), etab.

Hainbat pote
Hainbat pote

Errege Katolikoen garaian Sevilla eta Toledoko buztinolatan erabiltzen zuten teknika hau, batik bat platera eta azulejoak egiteko.

Teknika honek zenbat aukera ematen dituen ikusteko, bilduma eder bat dago Sevillako Museo Etnografikoan.

8. Esmalteztatu

"Soka lehorraren" prozesua amaitutakoan, berak mugatutako eremuak artisauak aukeratutako koloreetako esmaltez betetzen dira. Esate baterako, baserritar bat irudikatu baldin badu, gona gorria ipiniko dio, gorputzaren goialdea arrosa (haragi kolorekoa), blusa urdina eta buruko zapia beltza, adibidez.

Luz Aresen lanak
Luz Aresen lanak

9. Lehortu

Pieza, apaindutakoan, lehortzen uzten da, berriz ere labean sartu baino lehen.

10. Laberatu

Pieza berriz ere labean sartuko dugu, oraingo honetan 1.020º Ctara, esmalteak beira daitezen.

Piezak elkarri ez itsasteko, buztinlariek material erregogorrez egindako pieza batzuk ipintzen dituzte tartean. Forma eta neurri desberdin askotakoak daude, eta artisauek beren gustu edo beharren arabera aukeratzen dute bat edo bestea.

Luz Aresek egindako poteak
Luz Aresek egindako poteak

Labea, tenperatura horretara iristerakoan, termostato bati esker geldituko da. Atea ireki eta obra nola gelditu den ikusi baino lehen, tenperaturari jaisten utziko diogu.

Jakin ezazue koloreak aldatu egiten direla tenperaturarekin, eta beraz artisaua dela, bere esperientziaz baliatuz, esmaltea tonu batean edo bestearen ematearen ondorioz bukaerako produktuari, egosi ostean, kolore bat edo beste emango diona. Eta, ikusi ahal izan dugunez, ia artisau guztiek egositako zatitxo batzuk lagin gisa gordetzen dituzte, beren lanean irizpide gisa erabili ahal izateko.

 Galeria
Bilatu Euskonewsen