Mª Jesús Cortabitarte
MªJESÚS CORTABITARTE
Kaikuak eta Euskal Jantziak
2003 / 03-28 / 04-04
Egilea: Antxon Aguirre Sorondo
 Sarrera
 Artisaua
 Produktuak
 Prozesuak
 Prezioak


PROZESUAK

Txantiloiak Prestatzen.  
Txantiloiak Prestatzen.
Marije, kaiku bat pausoz pauso nola egiten den azaltzen ari zaigun heinean, gure aurrean bat egiten ari da.

Lehenik eta behin, lehengaia aukeratu behar da: koadro gorri eta beltzeko artilezko oihal eder bat.

Oihal hau bobinatan etortzen da, 45/50 metroko luzera du, eta 150 cm-ko zabalera. Mahai baten gainean zabaltzen du ("mozteko mahaia"), eta sei pintzekin lotzen, mozteko orduan ez mugitzeko.

 

Argazkia
Oihalaren gainean, neurri desberdinetako patroiak ipintzen dira, hau da, jantzia osatzen duten zati ezberdinak (bizkarraldea, aurrealdea, mahukak, ukondoak, bularraldeko eta alboetako poltsikoak, eta sorbaldakoak). Patroi edo txantiloi hauek kartoi moduko paperez eta parafinaz eginda daude.

Patroiak ondo kokatu behar dira oihalaren gainean, koadroak ondo gelditzeko. Gainera, poltsiko, ukondo eta sorbaldako patroiak zeharka ipintzen dituzte. Oihal gehiago behar izaten da, baina kaikua horrela politagoa gelditzen da.

Klarion koloredun berezi batekin, patroi guztien perimetroa marrazten da.

Irudia.
Irudia.

Oihala guraizeekin mozten da. Kaikuaren oihalak banaka-banaka mozten dira, koadroak ondo ezkon daitezen.

Mozten.
Mozten.

Behin pieza guztiak moztutakoan, albaindu egiten dira, ondoren makina elektrikoan josteko.

Josten.
Josten.

Piezak makinaz josten dira. Era berean, arroparen neurria eta osaketa adierazten dituen etiketa ere ipintzen zaio.

Albainu eta hariak kentzen zaizkio

Botoiak muntatu eta josten.
Botoiak muntatu eta josten.

Plantxatu egiten da.

Plastikozko zorroetan sartzen dira.

Neurtu, marraztu, moztu, albaindu, probatu, josi... María Jesús bezalako artisauek hori guztia xehetasun guztiekin egiten dute arropa bakoitza prestatzerakoan. Horra, jostunen artea.

Lehengaia: Oihala

Merezi du, benetan, gure artisauak oihala eskuratu ahal izateko zenbateko komeriak izan dituen aipatzea.

Duela 12-15 urtera arte, ia edozein oihal dendan aurki zitekeen kaikuak egiteko oihala, eta kolore desberdinetan gainera. Kataluniako artisautza tailerretatik ekartzen zuten gehiena. Baina, sektorea aldatzen joan ahala, makina berriak sartzen joan dira, askoz ere tirada handiagoak izaten dituztenak (oihal mota bakoitzeko metro gehiago ekoizten dituzte). Hori horrela izanik, oihal egileentzat jada ez da errentagarria oihalak antzinako modura egiten jarraitzea, eta ondorioz merkatuan hornitzaileak galtzen dira. Ez dago eskaintzarik.

Beste alde batetik, gero eta gutxiago dira kaikua modu tradizionalean egiten aritzen diren artisauak, lan handia eta denbora asko eskatzen duelako kaikua ondo egiteak. Antzina amamak izaten ziren beren biloben kaikuak pazientziaz beteta egiten zituztenak.

María Jesúsek aipatzen du ez dela batere harritzekoa azken urteotan Euskal Herriko kaleetan zehar hain kaiku berri gutxi ikustea, kontuan izanik zer nolako lan eta zailtasunak ematen dituen lehengaia bera lortzeak. Horri, gainera, kaikua behar bezala egiteko behar diren denbora eta pazientzia erantsi behar dizkiogu. Kalean ikusten ditugun kaiku gehienak, gurasoek seme-alabei emandakoak dira, baina ez berriak.

Marijek eta bere senarrak egunak eta egunak eman dituzte ehunka kilometro eginez, jende pila batekin hitz eginez, kaikuak egiteko behar zituzten oihalak eskuratzeko. Hainbesteko zailtasuna ikusten zuten, behin baino gehiagotan egitasmoa bertan behera uztea pentsatu zutela.

Orain oso pozik daude beren hornitzailearekin. Ez dute esan nahi ez nor den, ez non dagoen. 7 mota desberdinetako ehunak egiten dizkie, esklusiban, guztiak ere %90 artilea eta %10 beste materialekoak direla. Hiru koadrodunak dira (orlegia/beltza, urdina/beltza, gorria/beltza) eta lau kolore bakarrekoak (itsas urdina, gris mufloiduna, marfila eta beltza)..

Oihal beltza, txistulari talde baten eskariz sortu zuten. Oihal honek, iragazgaitza izateko inprimazio bat eramaten du. Txistulariak sirimiria egiten duen egunetan kaleetan zehar ibiltzen direnean kaikua ez bustitzeko pentsatu zuten iragazgaitzea.

Kaiku pertsonalizatuak eta guzti egiten dituzte; esate baterako, Athletic futbol taldekoentzat. Denda ofizialetan izaten dira salgai.

 Galeria
Bilatu Euskonewsen