Artisaua | |
Materialak | |
Produktuak | |
Prezioak |
ARTISAUA
Hilabeteetan zehar, artisau ugari ezagutu ditu sail honek, eta bakoitzak espezialitate jakin bat zeukan. Horrela, eltzegileak, beiragileak, zizelkariak, zapatagileak eta abar izan ditugu gurekin. Baina, oraingoan, arazo bitxi bat daukagu: nola deituko genioke koilarak egiten dituen gizon bati? Koilaragilea. Eta, jostailuak egiten dituenari? Jostailugilea. Eta altzariak egiten dituenari? Arotza edo ebanista. Baina, eta koilarak, altzariak, jostailuak, maketak eta beste milaka gauza egiten dituenari? Horretarako ez daukagu izenik. Beraz, "maketista" deitzea erabaki dut, "labanaren artisaua" ez deitzearren.
Ángel Santos 1923an Ozanan jaio zen, Trebiñon. Hiru anai-arreba ziren.
Zazpi urte zeuzkanean, ardiak zaintzen aritzen zen bitartean, laban batekin iruditxoak egiten aritzen zen. 13 urterekin eskola utzi zuen, bete-betean nekazaritza lanetan aritzeko. Horixe izan zuen ogibide.
60 urte bete eta erretiroa hartutakoan, eta denbora pasatzeko, berriz ere lehenagoko zaletasunari ekin zion. Bere etxeko gela batean tailer bat ipini zuen, hainbat tresnarekin: arotzen aulki txiki bat, zulagailu elektriko bat, marrazak, trintxak, zerroteak, limak, etab. Antzina beira puska bat erabiltzen zuen amaieran zorroztu edo fintzeko, baina, gaur egun, 12''ko altzairuzko xafla bat erabiltzen du. Mutur batean ahurra da, eta bestean berriz ganbila, horrela, esaterako, koilara baten bi aldeak findu ahal izateko. Tailertxo horretan, leihotik sartzen den argipean ematen ditu bere orduak Ángel Santosek, hamaika pieza sortzen eta lantzen.
Autodidakta da. Nekazaritza munduko tresna guztiak txikian egiten ditu, egurrean. Erraz sumatzen da nekazari izana dela, xehetasun guztiak zaintzen dituelako bere eskuetatik ateratzen diren altxor etnografiko ederretan.
Bere trebezia ikusita, Araba, Bizkaia, Burgos eta halakoetan antolatzen zituzten artisautza azoketara joateko gonbita luzatu zioten, bere produktuak saltzeko. Gasteizko artisautza azokara joan zen lehendabizi, 1966an.
Bere etxeko hormetan, eman dizkioten hainbat sari ikus daitezke. Besteak beste, honakoak aipatuko genituzke:
Dagoeneko ez da artisautza azoka gehiagotara joaten, zahartuta dagoelako, baina bezeroak etxera joaten zaizkio oraindik ere, mesedeak eskatzera.