Sarrera | |
Artisaua | |
Produktuak | |
Prozesua | |
Prezioak |
ARTISAUA
Bogotán jaio zen (Kolonbian), 1969an. Hiru urte zeuzkanean, familia guztia Cartagena de Indiasera joan zen bizitzera. Lehen mailako ikasketak egin ostean, Arte Ederren eskolan marrazketako klaseak jaso zituen lau urtez, eta unibertsitatean sartu ahal izateko ziurtagiria eskuratu zuen.
1989an, Arte Ederrak ikasten hasi zen Bogotán, eta, bien bitartean, erakusketetan parte hartzen zuen, bai Cartagenan, bai Bogotán. Koadroak enmarkatzen ere ibiltzen zen.
Arte Ederretan lizentziatu zenean, aroztegi metaliko bat zeukan bere osaba batek, noizean behin, ate beiratedunak egiteko enkarguak ematen zizkion. Horren aurrean, Tiffany estilo beirateak egiteko ikastaro bat egin zuen, eta osabak behar zituen beira, tresna eta gainerako guztiak erosten zituen. Aukera horretaz baliatuz, Adriana ere beretzat zenbait beira eta tresna erosten hasi zen, "esperimentuak egiteko". 23 urte zeuzkan. Pixkanaka, mundu hori gero eta erakargarriagoa iruditzen hasi zitzaion. Aldizkari eta liburuak erosten hasi zen, eta, osabaren laguntzarekin, lantxo batzuk egiten. Hasiera batean, osabak ematen zizkion beira arruntekin aritzen zen, baina laster jasoko zuen kalitatezko beirez osatu beharreko beirate bat egiteko eskaria.
1994an, arkitekto, dekoratzaile eta partikularrek egindako enkarguak jasotzen hasi zen, eta handik urte betera Kanadara joan zen bere frantsesa hobetzeko asmoz. Egonaldi hura aprobetxatuz, Quebéc-eko Beiren Maisuen Ikastetxean grisailari eta berunari buruzko ikastaro batzuk egin zituen. Handik zortzi hilabetera Kolonbiara itzuli zen, eta bertan ere beirateekin lanean jarraitu zuen. Bere osabaren, amaren eta bi emakumeren laguntzarekin, etxeetan jartzeko 50 beirate baino gehiago prestatu zituen. Cartagena de Indiasko Intercontinental hotelerako egiteko enkargua eta guzti jaso zuen.
1997an, koloreari eta oinarrizko konposizioari buruzko eskolak ematen hasi zen Cartagenako San Buenaventura Unibertsitatean.
Berriz ere Kanadara joan zen, Artearen Historiari buruzko ikasketak egitera, eta handik Euskal Herrira etorri zen, Guggenheim museoa zabaldu izanak erakarrita.
1998an Kanadara itzuli zen beste behin ere, Tiffany lanparei buruzko ikastaro aurreratu bat egitera, eta handik Cartagenara joan zen.
1999an Galdakaon (Bizkaian) jarri zen bizitzen, eta bizkaitar batekin ezkondu zen.
Handik hiru hilabetetara, kristaldegi batean hasi zen lanean, beirateak erretxinaz egiten, eta bi urte eman zituen bertan. Barakaldon kokaturiko DEMA bulegoarekin egitasmo bat burutzeko dirulaguntza bat jaso zuen, hain zuzen ere beirateak egiteko artisautzak tailer bat egiteko. Sei hilabete eman zituen.
2003an, tailerra zabaltzeko diru-laguntza jaso zuen, eta bere kasa hasi zen lanean, lehendabizi bere etxean, eta urriaz geroztik tailerrean.