Adriana Jimenez
ADRIANA JIMENEZ
Beirateak
2003 / 09 / 11-26
Egilea: Antxon Aguirre Sorondo
 Sarrera
 Artisaua
 Produktuak
 Prozesua
 Prezioak


SARRERA

2002ko urtarrilaren 22ko 152. alean Igor Obeso beiragileari sail honetan bertan eskaini genion fitxan adierazi genuenez, beira hainbat elementu nahastean lortzen da: beiragarriak (silizea edo anhidrido borikoa), urtugarriak (alkaliak) eta egonkortzaileak (karea). Tenperatura altuetan egoera likidoan nahasten dira, baina hoztean solidifikatu egiten dira.

Beira Egiptoko artisauek aurkitu zuten, K.a. 3200 eta 3100 urteen artean. Azido silizikoa, kaltzioa eta sodioz osatuta zegoen. Lehenengo aldi hartan idunekoen aleetan, besokoetan etabar erabiltzen zen. Egipton bertan, K.a. 1500 urtearen inguruan, lurrin eta ukenduak gordetzeko flaskoak egiten hasi ziren, eta baita taula koloredunak ere. Siriarrek, K.a. 100 urtean, oso aurrerapen handia egin zuten teknikaren aldetik, Sidonen beira puztearen artea deskubritu zutenean. Beiragintzaren monopolioa lortu zuen horrela hiri honek.

Erromatarrek hobetu egin zuten teknika, eta pieza handiagoak egiten hasi ziren, hala nola hilkutxak, lakrimalak, esentzieroak, etab.

Antza, argiari zeharkatzen uzten zioten beirateak antzinaroan jada erabiltzen zituzten Mediterraneoaren ekialdean, baina oraingoz ez daukagu susmo hori egiaztatzen duen datu arkeologikorik. Aldiz, bai iritsi zaizkigula Ponpeiako, Herkuladoko, Erromako eta erromatarturiko beste zenbait hiritan zeuden beirateen zatiak. Ondoren, arte paleo-kristauean eta Bizantziar Inperioan erabili zuten, Konstantinoplako Santa Sofian. Handik ikasiko zuten arabiarrek, VII. mendean.

Pintaturiko beirateei buruzko datu historikoak lehenengoz eman zituena, Ratpert de Sankt Gallen monje suitzarra izan zen, K.o. 880 urtean. Orduan hasi ziren elizetako beirateak inoiz izan duten osperik handiena lortzen.

Teknika hauek oso azkar hedatu ziren Europa osoan zehar, eta gaur egun ere erabiltzen dira, garai berrietako korronteetara egokituta (hortxe dauzkagu, adibidez, katedraletako beirate gotikoak, Art Nouveau-ko lanparak, edota eraikin modernoetako planteamendu modernistak).

 Galeria
Bilatu Euskonewsen