Adriana Jimenez
ADRIANA JIMENEZ
Beirateak
2003 / 09 / 11-26
Egilea: Antxon Aguirre Sorondo
 Sarrera
 Artisaua
 Produktuak
 Prozesua
 Prezioak


PROZESUA

Beirateak egiteko modu ugari daude. Hona gure artisauak erabiltzen dituenak:

A.- Beirate beruneztatuak.
B.- Tiffany sistema.
C.- Fusing sistema.

Labur bada ere, ikus dezagun zer-nolakoa den aipaturiko bakoitza.


A.- Beirate beruneztatuak.

Honakoak dira jarraitu beharreko pausoak:

1.- Diseinua.

Paper batean, diseinua marrazten du, eta zenbaki batzuk idazten ditu, batzuk koloreak adierazteko, eta beste batzuk, gorriz -aurrekoetatik bereizteko-, kokapena zehazteko. Fase honetan egiten da beiratearen diseinua. Beruna non joango den ere orain erabakiko du.

2.- Txantiloiak.

Patroi bat egiten du; hau da, marrazkiaren kopia bat egin eta paper zatiak mozten ditu, eta horrela pieza bakoitzeko txantiloi bat prestatzen du. Normalean kartoi mehezkoak izaten dira.

3.- Beira prestatzen.

Txantiloiaz baliatuz, beira zatiak mozten hasten da. Glass motako beira erabiltzen du. Frantzian erosten du, metro karratuko plantxetan, eta 3 mm-ko lodiera izaten du. Kolore eta marrazki ezberdin asko eta askotakoak daude.

4.- Beira montatzen.

Mahai gainean, pieza, amaitutakoan, nola geldituko den irudikatzen du, eta ondoren berunak ipintzen hasten da.

Berun edo "bergak" T bikoitz moduko tira batzuk dira, zirrikitu batzuk dauzkatenak. Hain zuzen ere horietan sartzen da beira. Berun zatiek irekiera ezberdinak dauzkate (2, 4, 6 edo 8 mm), horrela nahi den lodierako beirak erabili ahal izateko. Garai batean ez zegoen industrialki eginiko beirarik, eta beraz artisau bakoitzak lodiera ezberdineko beirak egiten zituen; gaur egun, ordea, guztiek lodiera berbera izan ohi dute. Nolanahi ere, beira batzuk elkarrekin ipin daitezke, efektu bereziak lortzeko.

5.- Ertzak soldatzen.

Beira multzoen berunen ertzak soldatzen ditu, lehenengo alde batetik, eta gero, piezari bira emanez, beste aldetik.

6.- Beira ondo kokatzen.

Behin pieza amaitutakoan, beirak ipintzeko ore batekin, olioarekin eta iluntzeko pinturarekin, eta oso kontu handiz betiere, beiren eta berunen artean gelditu diren zuloak betetzen ditu.

Kontuan izan behar dugu beirek bi alde izaten dituztela, baina soilik alde bakar batetik begiratzen direla.

B.- Tiffany sistema.

Bigarren sistema honi Tiffany sistema deitzen zaio, bere sortzailea Louis Confort Tiffany izan zelako. Asmatzaile honek 1902 urtean sortu zuen "kobrezko soldadura" izenez ere ezagutzen den sistema hau.

Ikus dezagun zertan datzan. Lehenik eta behin, aurrez azaldutako prozesuari jarraituz, beirazko piezak prestatzen dira (1etik 3ra bitarteko pausoak).

4.- Ertzak biribiltzen.

Ondoren, pieza bakoitzaren ertzak biribiltzen dira. Lan hau egiteko, makinatxo bat erabiltzen du, eta bien bitartean, biribilketa lana txukuntzeko, ur pixka bat ere botatzen dio piezari.

5.- Ertzak kobreztatzen.

Beirazko pieza bakoitzari, kobrezko laminatxo itsaskor bat ipintzen zaio ertzean -zeloa balitz bezala-, eta guztiak mahai gainean montatzen dira.

6.- Estainuztatzen.

Soldagailu elektriko batekin, junten gainean estainuzko tira bat ipintzen da. Kobreak sendotu egiten du piezen arteko lotura, eta, era berean, estali egiten du ertzean ipinitako kobrezko lamina.

7.- Soldadura pintatzen.

Behin obra amaitutakoan, soldadurak pintzelez eta kobrezko sulfuroz pintatzen dira, distira kendu eta soldadurari kolore iluna emateko.

 

C.- Fusing sistema.

Funtsean, Tiffany sistemaren oso antzekoa da, baina piezak elkarri soldaduren bidez elkartu beharrean, kristalak, labe berezi batean, fusionatu egiten dira, eta pieza bakar bat osatzen dute.

Adrianak, ordea, arazo bat dauka: bere labearen neurria dela-eta, ezin ditu pieza handiegiak egin. Nolanahi ere, egon badira 3 x 4 metroko neurria dutenak ere.

 Galeria
Bilatu Euskonewsen