Sarrera | |
Artisaua | |
Produktuak | |
Prozesua | |
Prezioak |
ARTISAUA
Iñaki Gorostidi Astigarraga 1955ean jaio zen, Apakintza baserrian, Adunan. Bere gurasoak, Ramón Gorostidi eta Josefa Astigarraga, nekazariak ziren. Lau anai-arreba ziren.
Derrigorrezko ikasketak amaitu ostean, Iñaki soroan aitari laguntzen hasi zen, eta, tarteka, sortzen zitzaizkion beste lan batzuk ere egiten zituen.
Baina, bere alderdi artistikoaz mintzatu aurretik, bere kirolzaletasuna aipatu behar dizuegu. 14 urte zeuzkanean, herriko festetako euskal kiroletan parte hartzen hasi zen, zakuak, harriak eta abar altxatzen (100 kiloko harria altxatzeko gauza zen). 19 urterekin, berriz, 200 kilokoak ere jasotzen zituen. Soldaduska egin ondoren, herri kirolak utzi eta boxeoan hasi zen, eta pisu ertainean lau urte eman zituen. Profesional gisa, 33 borrokalditan hartu zuen parte: 16 irabazi egin zituen, 6 baliogabetzat jo zituzten, eta 11tan galtzaile atera zen. Boxeoa utzi, eta harriak jasotzeari ekin zion berriz ere, erakusketetan. Harria esku bakar batekin jasotzearen maiztasunaren errekorra egin zuen, bere zama kontuan hartuz; izan ere, orduan pisatzen zuenaren bikoitza gehi 31 kilo gehiago altxatu zituen 1982an, 185 kiloko harri zilindriko bat jasotzean. Amezketako Albizuri Haundi harri ospetsua ere altxatu zuen.
Lesio batzuen ondorioz, 1990ean herri kirolak alde batera utzi behar izan zituenean, harri-jasotzaileek altxatzen dituzten harriak bezalakoak egiten hasi zen, baina miniaturazkoak. Horretan aritzen da gaur egun ere.
Gainera, bere baserrian hainbat harri-jasotzaile entrenatzen aritzen da, eta, Tolosaldea Tour-en eta Donostiako Kultur eta Turismo Ekintzetxearen eskutik, taldeentzako ekitaldiak ere prestatzen ditu.