Aitatxarka
AITATXARKA
Harri Kartoiaren Artisauak
2003 / 10-24 / 11-7
Egilea: Antxon Aguirre Sorondo
 Sarrera
 Artisaua
 Produktuak
 Prozesua
 Prezioak


PRODUKTUAK

Honako elementuak egiten dituzte:

Tarsicio.
Tarsicio.

Kilikiak, haurrentzat zein helduentzat egiten dituzte. Lehenengoek, hiru urtetik gorakoentzat, 40 cm inguruko altuera izaten dute. Haurrei gehien gustatzen zaien kilikia Ozpin Aurpegi izenekoa da, haserretuta dagoela dirudielako. Beldurrik handiena eragiten diena den arren, denak ibiltzen dira hari segika.

Helduentzako kilikiek 60 cm inguruko altuera dute.

Volkswagen enpresarako, haurrentzako automobilen zirkuitu batean ipintzeko, Iruñeako erraldoien lau erreplika egin zituzten.

Aipaturiko elementu estandarrez gain, enkargu bidez elementu bereziak ere egiten dituzte. Tiebasko Udalarentzat (Nafarroa), adibidez, herri honen historiarekin lotuta dauden hiru pertsonaiaren buruak egiten zituzten: lehena, Cisneros kardinalarena; bigarrena, Espoz y Minarena, bi hauek Tiebasko gaztelua hondatzen parte hartu zutelako; eta, hirugarrena, berriz, deabru batena, kobazulo batzuen tradizio batengatik.

Leintz-Gatzagako (Gipuzkoa) herritarrek eskatuta, alkate eta aguazil izandako gizon baten buruhandia ere egin zuten, gizon honi opari gisa emateko.

Espoz.  
Espoz.
Iruñeako San Lorentzo kaleko auzotarrek urtero herriko lau pertsonaia xelebreren buruhandiak ateratzen dituzte beren kaleko festetan.

Duela zenbait urte, neurri errealeko erromes bat eta Luzaideko dantzari bat egin zituzten Orreagako Erromesaren Museorako.

Zuntzezko sei zezen buru ere egin zituzten, gurpil batzuen gainean ipinita, toreatzen ikasten ari direnek erabiltzeko.

Erraldoi eta buruhandien buruak ere konpontzen dituzte.

Lehen azoka askotara joaten ziren, baina orain Oliteko Erdi Aroko azokara eta Errenteriakora joaten dira, eta Arbaso Elkartearekin batera besteren batera.

Iruñeako lau dendatan saltzen dituzte beren produktuak: Estafeta kaleko bazarrean, Gaztelako plazaren alboan, Mercaderes kaleko Etxebe dendan, eta Gurutzearen plazaren aldameneko J bazarrean. Eta, jakina, baita piezak erostera edo enkargatzera tailerrera joaten diren bezeroei ere.

1996an, Errenteriako Artisautza Azokaren antolatzaileek azokako posturik onenaren saria eman zieten.

 Galeria
Bilatu Euskonewsen