Aitatxarka
AITATXARKA
Harri Kartoiaren Artisauak
2003 / 10-24 / 11-7
Egilea: Antxon Aguirre Sorondo
 Sarrera
 Artisaua
 Produktuak
 Prozesua
 Prezioak


SARRERA

  Mina.
Mina.
Artisautzaren munduan barna egiten ari garen ibilaldian, harri kartoizko lanak egiten dituzten bi artisaurengana joko dugu gaurkoan. Bereziki, festei hasiera eman zaiela adierazten duten erraldoi eta buruhandientzako buruak egiten aritzen dira.

Lurralde bakoitzak, eskualde bakoitzak, herri bakoitzak, bere erraldoi, ipotx, buruhandi eta munstroak izan ohi dituenez, ez gara beren tipologia banan-banan aztertzen hasiko. Aitzitik, Tarsicio Rey eta Patxi Fuertes artisau nafarrek egiten duten lanari hurbilduko gatzaizkio.

Dena den, lehenik eta behin eman ditzagun lanbide honi buruzko argibide historiko batzuk.

Leku orotako Erregeei beti gustatu izan zaizkie gauza exotikoak. Nafarroako Errege-erreginek, esaterako, animalien zooak zeuzkaten Iruñeako eta Oliteko jauregietan.

Baina, animaliez gain, pertsona exotikoak ere oso gustuko zituzten Europako gorteetan; bufoi ipotxak, adibidez. Kolonek eta berarekin batera joan ziren marinelek indioak eta bertako animaliak ekarri zituzten, jendeari erakusteko.

Desitxuratuak eta erraldoiak ere zirkoetan ibiltzen zituzten, bitxikeria modura ikusgai. Horietakoa genuen Miguel Joaquín Elicegui (1818-1861), Gipuzkoako Altzo herrian jaioa. 2,27 m-ko garaiera zuen, eta Europa osoan barna ibili zuten, zirkoetan.

Dena den, Corpus Christi eguna aipatu behar dugu, XIII. mendean Kristo Eukaristian egotearen inguruko egun hori ospatzeari ekin zitzaionean hasi baitziren irudi bereziak egiten. Hau ukatu egiten zutenak heretikotzat jo zituen Inozentzio IV.a aita santuak, eta, ondorioz, Alemaniako Federiko II.a enperadorearen jazarpena jasan behar izan zuten.

Haurrentzako zaldikoa.  
Haurrentzako zaldikoa.
Nafarroako Erreinuan, XIV. mendeko lehendabiziko hilabeteetan Tarragonan egindako Kontzilio Probintzialean ditu erroak tradizioak. Garai hartantxe, gainera, Sakramentu Txit Santuaren Kofradia eratu zen Iruñean, munduko zaharrenetakoa. Agiri batzuetan esaten denaren arabera, XVI eta XVII. mendeetan, Lizarran, Corpus eguneko prozesioetan, munstroak, ahotik sua ateratzen zuten sugeak, erraldoiak eta ipotxak ateratzen ziren.

XVII. mendean, Corpus-ak nolabait barrokotu egin zen, eta, aurrez aipaturiko irudiez gain, aingeruak, santuak, apostoluak, sugeak eta herensugeenak ere hasi ziren konpartsatan parte hartzen, jendeari Bibliako pasarteak ezagutarazteko.

1750etik aurrera, gotzainek festetan elementu profanoak agertzea debekatzeko dekretu batzuk eman zituzten; bereziki, Bazkoko Ardiaren festan egiten ziren dantzak.

Prozesioetako martxetan aurrealdean joaten ziren ipotx, erraldoi eta munstro hauek eremu erlijiosotik profanora igaro ziren, eta, azkenerako, herri eta hirietako festetan ere agertzen hasi ziren.

Juan Garmendia Larrañagak bere Obras Completas liburuan dioenez (2. liburukia; 698. or.), 1657an, Francisco de Azpillagak erraldoientzako 8 buru inguru egin zituen Tolosan (Gipuzkoan), Iruñearako. Nolakoak egin behar zituen ikusteko, Joanes de Loperenak Iruñeatik lagin bat eraman zion. Garmendia Larrañagak, bestetik, obra horretan bertan, Tolosako Udalak 1778an Corpus egunerako erraldoi eta munstro batzuk erosteko gastu batzuk egin zituela ere adierazten du (4. liburukia; 462. or.).

 Galeria
Bilatu Euskonewsen